Ekintzailetza espazio berri bat Donostian

12,5 milioi euroko inbertsioa eginda, Ekinn izeneko ekintzailetza gune berria ireki du Donostiako Udalak San Bartolome gainean. Coworking espazioak, formakuntza gelak eta 70 apartamentu izango dira 4.500 metro karratuko eraikinean

Argazkia: Donostia Sustapena Argazkia: Donostia Sustapena

Ekintzailetza tasa handiena duen hiria da Donostia. Zehazki, %6,6ko tasa du, EAEkoa eta Espainiako batez bestekoa baino handiagoa. Hala azaldu du Marisol Garmendia hiriko ekonomia zinegotziak. “Hiriko biztanleria eta enpresa kopurua kontua hartuz, ekintzailetza proiektu gehien martxan jartzen dituen hiria gara”, nabarmendu du era berean Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariak. Bai Olaizola, bai Garmendia, Eneko Goia alkatearekin izan dira bart, hiriaren erdigunean, San Bartolome gainean irekitako Ekinn espazioaren aurkezpen ekitaldian. 4.500 metro karratuko eraikinak coworking guneak, hainbat bilera gela eta auditorio txiki bat izango ditu beheko solairuan. Goikoan, aldiz, ekintzaileak bertan bizitzeko 70 apartamentu izango dira, baita ekitaldiak egiteko beste gune bat ere. "Ekintzailetza eta talentua bultzatzeko gune estrategikoa" izango da.

Garmendiak zehaztu duenez, apartamentu guztietatik hamabi hiriko ekintzaitzaileentzat izango dira. Gainera, udalak gastuen %60 ordainduko dizkie hauei, bi urtez gehienez. Ekonomia zinegotziak “aukeren fabrika” gisa definitu du gune berria, eta jada bertan ekintzaileak lanean hasiak direla azaldu du.

Iñigo Olaizola: “Hiriko biztanleria eta enpresa kopurua kontua hartuz, ekintzailetza proiektu gehien martxan jartzen dituen hiria da Donostia”

Bestalde, Goiak azpimarratu duenez, Ekinn espazioa “hiriak zientzia eta ezagutzaren alde, baita ekintzailetzaren alde egiten duen apustu sendoaren isla” da. Jada hirian bazen Talent House izeneko ikerketa zentro bat, eta zientzia eta berrikuntzaren aldeko apustu horretan, Ekinn bigarren espazioa bat izango dela azaldu du: "Talent House-aren eskaintza handitzeko beharrak erakusten du, Donostiak talentua erakartzen duen hiria dela, eta ikertzaileen eta ekintzaileen mapan dagoela, hain zuzen ere, garapen profesionalaz gain, euren egonaldian izango duten bizi kalitatea kontuan hartzen duten ikertzaileak".

Gazteak erakarri eta hemen geratu

12,5 milioi euroko inbertsioa izan du guneak. Hala, Garmendiak udalak egindako apustua nabarmendu nahi izan du, Donostian sortzen diren enpresen %40 ekimen ekintzaile berritzaileak direla azalduz. Era berean, hiriko ekintzaile guztientzat irekita dagoela gogorarazi du.

IMG 0769
Iñigo Olaizola, Eneko Goia eta Marisol Garmendia Ekinn espazioko hainbat ekintzailerekin | Argazkia: EnpresaBIDEA

Goiak, bestalde, "azpiegitura berri honek Donostiak hirian euren proiektua bultzatu nahi duten gazteak erakartzeko eta bertan lan egiteko eskaintza aberastu egingo duela” gehitu du, eta hemen gelditzeko erabakian balio erantsia eskainiko diela. Hala, alkatearen ahotan, hirian zehar sakabanatuta zeuden ekintzailetza espazioak batu nahi izan dira Ekinn gunean.

Eneko Goia: "azpiegitura berri honek Donostiak hirian euren proiektua bultzatu nahi duten gazteak erakartzeko eta bertan lan egiteko eskaintza aberastu egingo du"

Berrikuntza eta ekintzailetza “nodo berriak” Donostia Sustapenak ekintzaileen eskura jartzen dituen baliabide guztiak bilduko ditu, laguntza integral eta pertsonalizatuarekin, honako hauek barne: informazioa eta orientabideak, prestakuntza espezifikoa, aholkularitza, laguntza ekonomikoak, eta lanerako, sustapenerako eta ikusarazteko espazioak. Formakuntza hilero eskainiko da 35 urte baino gutxiago dituzten lagunentzat. 10-15 pertsonako klaseak eskainiko dira, gunearen esparru desberdinak probestuz.

Halaber, espazio berri honen sorkuntzan hezkuntza, enpresa eta teknologia arloko hainbat erakunde eta eragile izan dira, hala nola, Deustu, EHU-UPV eta Tecnuneko unibertsitateak, Adegi, BIC Gipuzkoa, Gipuzkoako Bazkundea, GAIA, BRTA edota Elkargi enpresa eragileak, CEIT, Tecnalia, Polymat eta Cidetec zentro teknologikoak eta Ceinpro, Nazaret edo Cebank lanbide heziketako zentroak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK