Munichen igaro dituzte azken lau hilabeteak Inhar Aldalur, Iñaki Markinez eta Egoitz Lazkano Fisifyeko sortzaileek. Sillicon Valleyko Plug and Play start-upak azeleratze-programak Europako 13 start up onenen artean zerrendatu du proiektua, eta programak Alemanian duen coworking espazioan izan dira Insurtech sektoreko mentoring saio batzuetan partu hartzen, merkatua ezagutzen eta Europako inbertsoreekin hitz egiten.
Dena den, ez da Sillicon Valley edo Municheraino joan behar ekintzailetza abentura honen jatorria ezagutzeko, sortzaileak azpeitiarrak baitira, txikitako lagunak. Bi fisioterapeuta (Lazkano eta Markinez), eta hirugarrena programatzailea (Aldalur). Pandemia ailegatu aurretik otu zitzaien fisioterapia digitaleko zerbitzua emateko ideia: “gaur egun fisioterapian egin daitezkeen hobekuntzei buruz eztabaidan ari ginela, pentsatu genuen ea zergatik ez sortu adimen artifizialeko algoritmo bat jendearen sintomatologia kontuan hartuz hiru patologia probableenak emango dituena”, dio Lazkanok.
Sillicon Valleyko Plug and Play start up-ak azeleratzeko programak Europako 13 start-up onenen artean zerrendatu du Fisify
Hainbat negozio-eredu aztertuta, hasieran algoritmoa pasa eta pazientearen lesioa ezagututa etxera joaten zen Fisifyko fisioterapeuta bat. COVID-19ak, ordea, erabat digitalizatu zuen proiektua, eta fisioterapia zerbitzuak hobetzeko inteligentzia artifizialeko algoritmoak sortzen zentratu ziren %100an. "Erabiltzaileei laguntzen diegu minaren sorreratik bukaeraraino, baita prebentzio partean ere”, azaldu du ekintzaileak.
Insurtech sektorean
Erabiltzaile bolumen handi bat eskuratzeko ahaleginetan hainbat froga egin ondoren, Fisifyk aseguru-etxeekin lan egitea erabaki zuen, Insurtech sektorean hain zuzen. “Gure zerbitzua saltzen diegu aseguru-etxeei, eta eurek beren osasun polizan fisioterapia zerbitzua eskaintzen dute gure bitartez”. Generali aseguru konpainiarekin egin zuten lehen proba, eta egun AXA ere euren bezero bilakatu da.
Aseguru-etxeetaraz gain, enpresetara bideratzen du zerbitzua Fisifyk. Eroski, Laboral Kutxa edota Vodafone dira euren bezero. “Ikusi genuen absentismo laborala eta bajak patologia muskulu-eskeletikoekin lotuta zeudela, bizkarreko minak adibidez, eta horren harira enpresei eskaintzen diegu gure fisioterapia zerbitzu digitala beraien langileentzako”, nabarmendu du Lazkanok. Lesioak ekiditeaz gain, baja laboralak murriztu eta langilearen ongizatea bermatzea ahalbidetzen du Fisifyk.
Egoitz Lazkano: “Ikusi genuen absentismo laborala eta bajak patologia muskulu - eskeletikoekin lotuta zeudela, bizkarreko minak adibidez, eta horren harira enpresei eskaintzen diegu gure fisioterapia zerbitzu digitala beraien langileentzako”
Langilea edota aseguru-etxeko bezeroa kode baten bidez plataforman erregistratzen da. Hiru algoritmo ditu sistemak, prozesu osoan zehar erabiltzaileak Aurya izeneko asistente birtual baten laguntza duelarik. Lehen algoritmoak sintomatologiaren inguruko galdera batzuk egiten dizkio eta ebaluazio bat egin ondoren, sintoma horien araberako hiru lesio edo eragozpenen arrazoi azaltzen dizkio. Bigarren algoritmoak erabiltzaileari bere gaitasun fisikoen inguruan edota etxean dituen material edo baliabideen inguruko galderen erantzunetan oinarrituta ondoen dagokion programa pertsonalizatu bat sortzen du. Are gehiago, plataformak hezkuntza pilulak, ariketa bakoitzaren bideo bitarteko azalpena eta egunero bost minutuko saio bat eskaintzen ditu. Orduan sartzen da hirugarren algoritmoa: ordenagailuaren kameraren bitartez erabiltzailea ariketa nola egiten ari den ikus dezake Fisifyk eta gaizki egiten ari dena zuzendu, “fisioterapeuta etxean egongo balitz bezala”, Lazkanoren hitzetan.
Fisioterapia osagarria, ez ordezkoa
Fisioterapian, beste sektore batzuekin alderatuz, digitalizazioaren presentzia txikia dela ikusi dute Fisifyren, erabat presentziala eta masaje bidez lantzen den jarduera. Fisioterapia zentrora joan, ordubeteko saioa eduki eta ondoren irtendakoan pazienteei jarraipen egokiriik egiten ez zaiela dio sortzaileak, eta digitalizazioa fisioterapiari beste bultzada bat emateko instrumentu gisa ikusten du, zerbitzu hobe bat emateko modua. “Guk ez dugu esaten ez joan aurrez aurre fisioterapeutarengana, baizik eta joan zaitez, baina gero etxera itzultzean jarraitu ezazu Fisifyrekin ariketak egiten edo lesioak sahiesten. Guk ez genuen ordezko zerbait bilatzen, produktu osagarri bat baizik”.
“Guk ez dugu esaten ez joan aurrez aurre fisioterapeutarengana. [...] Ez genuen ordezko zerbait bilatzen, produktu osagarri bat baizik”
Fisioterapia digitalak pazienteen tratamenduari jarraikortasuna ematen dio, optimizatu egiten du jarduera eta baita lesioen sendaketa azeleratu ere. Patologiaren larritasunaren arabera betiere, baina Lazkanoren ustez fisioterapia hibridoa litzake tratamendu onena.
Eskalabilitate handia
Crowdfunding Bizkaiaren bitartez 2021ean egindako lehen inbertsio-errondan 150.000 euro bildu zituen start-up azpeitiarrak, eta orain bigarren bat egitear dira. Finantzazio horrekin enpresa zein aseguru-etxe gehiagotara ailegatzea espero dute. “Espainiar estatu mailan fisioterapia digitalean erreferente bilakatzea da gure helburua, eta ondoren, nazioartekotzean lehen pausoak ematea”, esan du fisioterapeutak. Alemanian izan berri dira, eta Erresuma Batutik eta Mexikotik ere hainbat enpresen interesa jaso dutela aitortu du.
Adimen artifizialaz automatizatuta dagoen erabateko produktu digitala izanik, nazioarteko merkatuetara zabaltzea ez dute zail ikusten, eta nahiz eta merkatu ikerketa sakon bat egiteke duten, hainbat playerekin hizketan ari dira jada. “Plataforma beste hizkuntzetara itzulita nahikoa dugu, eskalabilitate handiko produktua dugu”, bukatu du.