Gasteizko "boutique" aholkularitza berrikuntza estrategiak hauspotzen

2022ko martxoan arrapaladan sartu zen merkatuan Rooster Capital. Berrikuntza arloan enpresa eta start-upei aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie eta aldi berean, inbertsio funtsei inbertsio aukerak bilatzen laguntzen die

Maria Arroyo Rooster Capitaleko sortzailea (ezkerrean), AMPEA ekintzaile onenaren saria jasotzen  | Argazkia: Ampea Maria Arroyo Rooster Capitaleko sortzailea (ezkerrean), AMPEA ekintzaile onenaren saria jasotzen | Argazkia: Ampea

“Boutique aholkularitza bat” da Rooster Capital Maria Arroyo fundatzailearen hitzetan. Osasun eta bioteknologia arloko start-up eta enpresei aholkularitza zientifiko-teknikoa nahiz berrikuntza esparruko kudeaketa estrategikoa eskaintzen die enpresa arabarrak, eta “espezializazioa nahiz pertsonalizazioa” negozioaren bereizgarri nagusi.

“Enpresetako lantaldeekin egiten dugu lan zuzenean, beren balio erantsia identifikatu, eta I+G nahiz berrikuntza garapen berrien bidez zer egin dezaketen aztertzen dugu”, dio Arroyok. Berrikuntza esparruko laguntza publiko nahiz zerga kenkariak eskuratzeko, eta patente zein marken kudeaketa eta tramitaziorako aholkularitzaz arduratzen dira. “Behin bezeroarekin ikerketa eta berrikuntzarako estrategia plana zehaztuta, kapitala eskuratzeko finantzazio publiko eta pribaturako erremintak aukeratzen ditugu”.

María Arroyo: “Behin bezeroarekin ikerketa eta berrikuntzarako estrategia plana zehaztuta, kapitala eskuratzeko finantzazio publiko eta pribaturako erremintak aukeratzen ditugu”

Finean, enpresetara ahalik eta funts gehien iristea da Rooster Capitalen jomuga, enpresek beren I+G estrategiarekin aurrera jarrai dezaten. Aitzitik, beste negozio lerro bat ere badu Gasteizko enpresak, inbertsio funtsei ere inbertsio aukerak bilatzen laguntzen baitie. Radar Ventures eta Double Helix Venture Capital inbertsio funtsak ditu bezero bezala, besteak beste. “Orain urte gutxi Estatu Batuetan modan jarritako negozio modeloa da hau”, adierazi du fundatzaileak, inbertsore eta inbertsio aukera ona diren enpresen arteko harreman “egonkor” bat sortzen delarik.

Osasun eta bioteknologiako sektorean

2022an sortu zen Rooster Capital. Bind 4.0 egitasmoari esker, zeinak enpresa eta start-upen arteko harremana sustatzen duen, erabaki zuen Arroyok arlo zientifiko-teknikoan potentziala zuten enpresak inbertsio funtsekin elkartzea. Egitasmoaren hainbat edizioetan parte hartu zuelarik, osasun zientzian eta bioteknologian inbertitu nahi zuen ekosistema bat zegoela jabetu zen. “Tradizionalki, beste sektore batzuetan inbertitzen zen Euskal Herrian, industrian batez ere, energian, automozioan…”.

Hartara, negozio beraren bi aldeetako bezeroak dituztela esan daiteke: inbertitzeko aukera berriak bilatzen dituztenak eta inbertsio aukera onak izan daitezkeenak. Bigarrenei dagokionez, start-up teknologikoak dituzte begiz jota, baina “zertxobait garatuago” daudenak, I+Gren lehen fasea gaindituta, merkatura zabaltzeko garapen “teknologiko zehatzago” bat baitute.

Negozio beraren bi aldeetan ditu bezeroak Rooster Capitalek: inbertitzeko aukera berriak bilatzen dituzten enpresak eta inbertsio aukera onak izan daitezkeenak

Euskal Herrian bioteknologia eta osasun sektoreak duen garrantziaz jakitun, Rooster Capital ekosistema horretako egitasmoen baitan dihardu lanean. Dena den, Espainiako estatuan beste hainbat eskualde estrategiko ere badirela aitortu du Arroyok, hala nola, Madril, Katalunia eta Valentzia. “Toki horietan bertako gobernuek babestu dute sektoreak, eta hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Ez da kasualitatean eskualde hauetan eman dela inbertsioaren itzulkina".

Egonkortu eta hazi

Urte eta erdi eskaseko ibilbidea badu ere, Rooster Capital merkatuan bete-betean sarturik da. “Arrapaladan sartu ginen”. Izan ere, sortu aurretik lan asko eginda zuen Arroyok: “bagenekien zeintzuk ziren merkatuko joerak, eta inbertsoreekin harremana genuen”. Inbertsio aukera askoko merkatuan, orain arte lanik ez zaiela falta izan azpimarratu du, eta epe ertainean Rooster Capitalen negozioa handitzeko aukera ikusten du.

Oraingoz Arroyo eta beste lankide bat dira proiektuaren atzean daudenak. Ostera, kolaboratzaile sare bat ere badute. Rooster Capitalen epe ertaineko helburua da negozio proposamena egonkortzea. Orain arteko bezeroekin harremana sendotzea bilatzen dute, eta apurka-apurka jarduera zabaltzen joatea. “Ez ditugu bezero asko eduki nahi, ongi aukeratutako batzuk baizik. Ondo ulertu eta sinkronian egon nahi dugu beraiekin, epe luzeko erlazioak sortu”.

Maria Arroyo: “Ez ditugu bezero asko eduki nahi, ongi aukeratutako batzuk baizik. Ondo ulertu eta sinkronian egon nahi dugu beraiekin, epe luzeko erlazioak sortu”

Hazkunde horrek emango dio enpresa arabarrari langile gehiago kontratatzeko aukera, eta era berean, nazioartera hedatzea ahalbidetuko du. Arroyok Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) antolatutako emakume ekintzaile onenaren saria jaso berri du, eta aitortzak proiektuari ikusgarritasuna eman diola adierazi du. “Lan pila izan dugu orain arte, eta dena abiada bizian joan da”, nabarmendu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK