Hirutxoak, loredun soinekoen tailer txikia

Nekane Perez de Nanclaresek emakumeentzako arropa egiten du oihal organikoekin. Erizaintza lanarekin uztartzen du proiektua, eta urtean 600 bat jantzi inguru sortzen ditu

Argazkia: Hirutxoak Argazkia: Hirutxoak

Online arropa denda bat da Hirutxoak. Emakumeentzako soineko, gona, jertse, praka eta bestelako jantziak erosteko tailer txikia. Eskaria Internet bidez egin beharra dago, baina interesa duen orok Iturribide kaleko tailerrera gerturatzeko parada du, bertan oihalak ukitu, probatu eta jantziak ikusteko.

Nekane Perez de Nanclares de proiektuaren arduraduna. Hiru semeren ama, hauek txikiak zirenean ekin zion hauentzako mozorroak josteari. Behin josteko makinarekin abilezia hartuta, arropa egiten ere hasi zen. Haurren ikastolako hainbat guraso hasi ziren galdezka ea arropa horiek nondik ateratzen ziren, politak zirela aitortuz, eta eskariak egiten hasi ziren. “Halako zerbait egingo bazenu, ordainduko nizuke” zioten.

Nekane Perez de Nanclares: “Nik egindako arropa jazten dut, orduan, errazagoa egiten zitzaidan emakumeentzako sortzea. Edozein emakumeren gorputzetarako arropa egiten dut”

Hala, haurren arropa eskatzetik, ama askok eurentzako arropa eskatzera igaro ziren. Gainera, pandemia iritsi zen, eta egoerak arropa gehiago egiteko aukera eman zion Hirutxoaken arduradunari. “Nik egindako arropa jazten dut, orduan errazagoa egiten zitzaidan emakumeentzako sortzea. Edozein emakumeren gorputzetarako arropa egiten dut”.

Gutxinaka hasi zena handitzen joan da

Ez zen sakonki pentsatutako proiektu bat izan, “era natural batean garatzen” joan dela dio Perez de Nanclaresek. Eskariak areagotu ahala, autonomoetan alta eman eta geroz eta enkargu gehiago egiten hasi zen, harik eta gaur egun bere beste ogibidearekin, erizaintzarekin, uztartzen duen arte.

1706270199852
Argazkia: Hirutxoak

Hirutxoaken Instagram kontutik ireki ohi du eskariak egiteko deialdia arduradunak, nahiz eta webgunetik ere eskariak ailegatzen zaizkion. Hauek jasotzeko epe zehatz bat ezartzen du, eta hiru hilabeterako eskari kopurua betetzean itxi egiten du zerrenda. “Ordu batzuk soilik egoten da irekita eskari zerrenda. Normalean, arratsalde bakarrean itxi egiten dut”.

“Astiro eta mimoz lantzen dudan proiektua da, eta eskariak gustura eta lasai egiteko moduan hartzen ditut”

Hiru hilero irekitzen du, beraz, eskari zerrenda. Hurrengoa apirilaren 19an zabalduko du. Hala iragarriko du sareetan, eta berehala hasiko zaizkio mezuak sartzen. “Astiro eta mimoz lantzen dudan proiektua da, eta eskariak gustura eta lasai egiteko moduan hartzen ditut”.

Neurrira egindako arropa erosoa

Neurrira egindako arropa, eskari bakoitzaren xehetasunak kontuan harturik, bezero bakoitzarekin zuzeneko harremana sortzen du arduradunak. “Batzuk jada denbora daramate eskariak egiten, eta askotan tailerrera etortzen dira bisitan. Oso polita da hori”.

“Demagun izardun soineko bat egiteko eskaera jasotzen dudala, nik momentuan ditudan oihalak zeintzuk diren erakusten dizkiet eta eurek aukeratzen dute”, gehitu du. Tailerrera bertaratuz gero, berak hartzen dizkie neurriak, eta bestela horiek nola hartu behar dituzten azaltzen die bezeroei.

“Bezero batzuk jada denbora daramate eskariak egiten, eta askotan tailerrera etortzen dira bisitan"

Jantziak egiteko lehengaiak Bartzelonako denda batetik eta Arrasaten kokatutako Nineuk dendatik eskuratzen ditu. Dena den, material gehiena Herbeheretatik ekartzen du. “Nik lantzen dudan oihal mota elastikoa da, eta Herbeheretako estanpatuak oso politak dira. Oihal organikoekin lan egiten saiatzen naiz, Oeko-Tex zigilua dutenekin”.

Hala, erosotasuna da ekintzaileak oihalen nahiz diseinuen bidez bilatzen duena. “Ez dira diseinu konplikatuak, egunerokotasunean erabiltzeko jantziak dira. Politak eta erosoak”. Hori bai, estanpatuei eta testurei berezibiziko garrantzia ematen die.

600 jantzi inguru urtean

10-15 bat jantzi egiten ditu batez beste astean erizainak. Eskari zerrenda irekitzean, eskari bakoitzean zenbat jantzi diren jakin beharra du hurrengo hilabeteetako lana neurtu ahal izateko. Hartara, hilabetean 60 bat jantzi egitera ailegatu daiteke gutxi gora behera, eta urtean 600 inguru.

Sin título
Argazkia: Hirutxoak

Denetatik saltzen badu ere, izardun soinekoen nahiz kamiseten eskari ugari jasotzen dituela aitortu du. Leggins eta praka zabalak ere asko saltzen ditu. “Dantzarako edo yoga egiteko erabiltzen den arropa asko egiten dut”.

“Nire gustuekin batera eboluzionatuko duen proiektua da”

Etorkizunera begira, proiektuak orain arte bezala garatzen jarraituko duela iritzi dio arduradunak. Modu organikoan, “nire gustuekin batera eboluzionatuko duen proiektua da”, dio. Bi ogibideak uztartzen jarraitu nahi du, eta ez du denda fisikorik irekitzeko asmorik. 

Hori gutxi balitz, Sortzaileak Loratzen elkartzeko kide ere bada Perez de Nanclares. Bertan arte disziplina desberdinei espazioa eskaintzen diete, eta hainbat ikuskizun egiten dituzte. Emanaldi horietarako arropa ere sortzen du, askotan dantza garaikidea izan ohi baita ikuskizunen ardatz nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK