Isabel Abascal: "Fabrikatzaile baten bila nabil tirada motz bat egin ahal izateko"

Abascalek azaldu duenez, landaketetan eta basoberritze-proiektuetan zuhaitzak babesteko material biokonpostagarriak garatzea da Compostreeren helburua

Abascalek Compostree izeneko start-upa sortu du Abascalek Compostree izeneko start-upa sortu du

Munduan bere ekarpen soziala nola egin bilatzen ari zela, Lurgaia Fundazioak antolaturiko zuhaitz-landatze batera joan zen Isabel Abascal Mallabiara, haren semearekin. Esperientzia horrek erein zuen ondoren Compostree izango zenaren hazia. Compostreek, baina, sustraiak ditu dagoeneko, batez ere azken hilabeteetan BBK Ekinen testuinguruan, Asua productsekin, BEAZekin, Gaikerrekin edo Jaurlaritzarekin eginiko lanari esker. Are gehiago, lur gainera ateratzeko bultzada garrantzitsua jaso berri du: BBK Ekin Saria.

Zein izan da zure ibilbide profesionala orain gutxira arte?

Esparru finantzariotik nator. 50 urte ditut, aurki 51. Eta 27 urtez Big Four batean aritu naiz lanean. Unibertsitatetik atera berritan hasi nintzen, lehenik auditore, eta ondoren Iparraldeko administrazioko arduradun. Kontuak, pertsonak eta ezustekoak kudeatzea izan da nire ardura.

Nondik dator Compostree sortzeko ideia?

Lanak ez ninduen betetzen, eta erabaki nuen nolabaiteko aztarna utzi nahi nuela. Enpresatik atera nintzen, eta hainbat gizarte proiektutan sartu nintzen, oso ondo nondik jo jakin gabe. Egun batean, Lurgaiarekin zuhaitzak landatzera joan ginen semea eta biok Mallabiara. Eta hor ohartu nintzen sekulako arazoa genuela. Izan ere, zuhaitz-landatzeak babesteko ohiko plastikoa erabiltzen da, asko kutsatzen duena. Eta etorkizunera begira arazo izugarriak izan ditzakegu.

"Administrazio publiko guztien plana da basoberritze lanak egitea [...]. Baina pleguetan ez dute jasotzen basoberritze hori zerekin egin behar den, zein materialekin, eta ez da aipurik egiten plastiko horiek kentzeari buruz"

Zer dela eta erabiltzen da plastikoa?

Administrazio publiko guztien plana da basoberritze lanak egitea, zuhaitzak landatuta, gure landa eremuak berreskuratzeko eta CO2 aztarnak konpentsatzeko. Baina pleguetan ez dute jasotzen basoberritze hori zerekin egin behar den, zein materialekin, eta ez da aipurik egiten plastiko horiek kentzeari buruz. Errealitatea da normalean enpresek materialik merkeena erabiltzen dutela —plastikoa—, eta plastikozko babes horiek ez direla kentzen ari. Trazabilitatea falta da.

Askotan ikusten ditugu enpresak, euren gizarte ardura korporatiboaren barruan, basoberritze-lanak bultzatzen dituztela. Baina enpresetako arduradunak edo langileak ez dute pentsatzen nola egingo den, ezta gizarteak ere, nahiz eta hori aldatzen joango den pixkanaka pasaporte digitala delakoarekin.

IMG 7863
Finantza arloan aritutakoa da Abascal | Argazkia: utzitakoa

Beraz, zuhaitzak landatzen bururatzen zaizu buelta bat eman dakiokeela horri guztiari.

Bai. Horrekin batera, Compostreeren beste fundatzailea laguna dut. Bioplastikoetan aditua da, eta gaiari buelta bat ematen aritu ginen. Erresuma Batuan oraindik ikertzen ari dira halako soluzioak, baina nahiko aurreratuak daude. Egia da EAEn ez dugula plastikoaren industriaren tradizio handia, baina bioplastikoen kontua luzerako dator. Hala, erabaki nuen bide horretatik ikertzea, landaketetan eta basoberritze-proiektuetan zuhaitzak babesteko material biokonpostagarriak erabili daitezen, eta ez plastikoa.

Zenbat denbora pasa da ideia zenuenetik hura abiatu arte?

Ideia duela askotik nuen, baina BBK Ekinen izena eman nuenetik —nolabait abiapuntua izan dena— lau hilabete. Atzetik zure etxetik egiten duzun lan handia dago, eta ez da beti erraza. Baina zerbaitetan sinesten duzunez, aurrera egiten duzu.

"Egia da EAEn ez dugula plastikoaren industriaren tradizio handia, baina bioplastikoen kontua luzerako dator"

Nola ailegatzen zara BBK Ekinera?

Kasualitatez iragarkia ikusi eta eskaera bidaltzea erabaki nuen. Ideia berritzailea aurkeztea eskatzen zuten, gizarte inpaktu handiarekin, GJHetako batekin lerrokatutakoa, eta nire ideia bat dator askorekin. Horrekin batera zeure burua ere aurkeztu behar zenuen, bideo bat... Ordurako ikertzen hasia nintzen, eta dena Power Point batean idazten eta argudiatzen, baita jendearekin hitz egiten. Baina ez nuen espero hartzea.

Zer garatu duzu azkeneko hilabeteotan?

Fundamentuzko business plana egin dut, BBK Ekinek erabilitako metodologia jarraituz. Zentzu horretan BBK Ekin laguntza izan da, norbere buruan dagoen ideia gauzatzeko beharrezko bultzada.

Esan behar dut Asua productsen lan egiten duen lagun bati deitu niola, eta ateak zabaldu zizkidaten lehenak izan zirela. Eurekin probatu ahal izan nuen materiala lehenik. Ondoren, BEAZeko dirulaguntza eskatu eta eman zidaten, eta horrek ahalbidetu zidan Gaikerrekin lan egin ahal izatea, prototipo batzuk diseinatzeko, eta materialak probatzeko. Jaurlaritzak ere interesa du proiektuaren kofinantzazioan.

IMG 7825
Ekitea "ikaragarria" dela uste du Abascalek | Argazkia: utzitakoa

Eta orain, zer?

Momentuz, izena erregistratu dut, eta marka erregistratzekotan nabil; ideia-edo ere patentatu nahi dut, baina komertzializazio proiektu gisa hasitakoak aurrera egin du, modu sendoan. Eta orain fabrikatzaile baten bila nabil tirada motz bat egin ahal izateko, eta prototipo industriala garatu. Materiala badaukat dagoeneko, inportatu egiten dudalako, eta Europako estandarrak betetzen ditu. Orain behar dut nigan konfiantza izango duen norbait elkarlanean aritzeko, merkatu asko baitago.

Nolakoa izaten ari da zuretzat ekitea?

Ikaragarria. Edonori gomendatzen diot. Oso esperientzia aberasgarria da. Asko ikasten duzu, sarritan luze daramazulako lan batean “harrapatuta”, inertzia eta erosotasunagatik. Ekitea beste gauza bat da: egunero zure proiektuan pentsatzea, hurrengo pausoa buruan izatea, eta elkarlanean aritzea. Jende aberasgarria eta lagunkoiarekin egiten ari naiz topo. Ez dakit nola ez dudan lehenago egin.

Zer suposatu du zuretzat saria irabazteak?

Bultzada definitiboa aurrera jarraitzeko, eta proiektua zabaltzea. Hori baita bilatzen dudana, baita proiektua instituzioetan sar dadin, lerro horretan legeztatu eta naturan halako materialak erabiltzea sustatu dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK