Duela lau urte sortu zuen El Valle Vegg Alicia Cubillok, gastronomiarekiko zaletasunak eta ekintzaile izaerak bultzatu zuen janari beganoa eskainiko zuen proiektu bat sortzera. Bera bezala, beganoak ziren pertsonentzat ez zuen merkatuan nahikoa eskaintza ikusten eta negozio propioari ekitea erabaki zuen.
Dena Instagrameko kontu batekin hasi zen pandemia garaian, kozinatutako plater beganoen argazkiak zabaltzen baitzituen sarean eta harrera bikaina izan zuen, jende askok azaldu baitzuen janari mota honekiko interesa. “Errezeta beganoekin deskubritzen ari nintzen guztia konpartzitzeak merezi zuela uste nuen eta jendeak nik kozinatutako janaria nahi zuela esaten zidan”, azaldu du.
Alicia Cubillo: “Afaltzera kanpora joatean niretzat aukera gutxi zeudela ikusten nuen, eta nik arazo hori baldin banuen, beste askok antzeko beharrizanak izango zituztela pentsatu nuen”
Esteribarko bailaran bizi da Cubillo, Ilurdotz herrian, eta orain kasik bost urte, ibarrera joatearekin batera ekin zion proiektuari. “Bailarara bizitzera etortzean nire jateko ohiturak aldatu nituen eta orduan sartu nintzen erabat beganismoan”, dio. Naturaz eta animaliaz inguratutako zonaldean, sukaldaritza beganoko hainbat ikastaro, baita ekintzailetzakoak ere burutu zituen sortzaileak. “Afaltzera kanpora joatean niretzat aukera gutxi zeudela ikusten nuen, eta nik arazo hori baldin banuen, beste askok antzeko beharrizanak izango zituztela pentsatu nuen”, gehitu du.
Iruñeako Santo Domingoko merkatuan
Iruñeako Santo Domingoko merkatuak antolatutako ekintzailetza progama baten bidez, postutxo bat ireki zuen merkatuan. “Janari prestatua saltzen nuen bertan, etxera eramateko formatuan, osasuntsua eta erabat beganoa. Proba moduko zerbait izan zen eta oso harrera ona izan zuen, jende asko gerturatzen zen”, adierazi du Cubillok.
Proiektuak izan zuen hazkundea dela eta, Santo Domingoko salmenta puntua itxi behar izan du ekintzaileak orain gutxi, izan ere, El Valle Veggen jarduera nagusia cateringa da eta eskaerak areagotzen ari zirenez ezin izan dio dendari eutsi. “Benetako beharra catering munduan ikusten nuen. Nik nire ezkontza antolatzerakoan ere arazoak izan nituen janari beganoa prestatzen zuen enpresa bat topatzeko”.
Alicia Cubillo: "ni arduratzen naiz kozinatzeaz, hornitzaileekin kontaktatzeaz eta marketinaz, nire senarra, aldiz, banaketaz arduratzen da”
Gaur gaurkoz beraz, cateringa eta take away zerbitzua jorratzen du El Valle Veggek. “Gero eta enpresa gehiagok deitzen digute gosari, bazkari, hamaiketako edota afariak egiteko, baita familia bazkariak edota beste era bateko topaketak ere”, nabarmendu du.
Orobat, Cubillo eta bere senarra dira oraingoz proiektuaren atzean daudenak eta Iruñean dute sukaldea. “Ni arduratzen naiz kozinatzeaz, hornitzaileekin kontaktatzeaz eta marketinaz, nire senarra, aldiz, banaketaz arduratzen da”, kontatu du. Etorkizunean jende gehiago kontratatzea espero dute, baina oraingoz ondo moldatzen direla azpimarratu du ekintzaileak.
Lantegia Ilurdotzera
Edonola ere, El Valle Veggen helburu nagusia etorkizun batean lantegia Ilurdotzen ezartzea da, jarduera osoa bertara eramanez eta ibarrari “bizitza pixka bat emateko” asmoz. Turismoa edota beste jarduera batzuk ere erakarri ditzakeela ere uste du enpresako arduradunak. “Ororbian mermeladak egiten dituen emakume bat dago eta horrelako zerbait jarri nahi dugu Ilurdotzen".
Iruñean eta hogei kilometro inguruan egin ohi dituzte banaketak. Catering zerbitzuetarako, aldiz, urrutiago ere joan ahal dira, “azpiegitura gehiago eta lasaitasun handiagoko lana” baita. Orain, esaterako, irailaren 1, 2 eta 3an Arizkunen egingo den yoga erretiro bateko catering zerbitzua eskainiko dute. “Iruñean kanpoaldean oso harrera positiboa izaten ari da El Valle Vegg, Orkoienen, Noainen, Zizurren edota Berriobeitin, esaterako.