Jarduera enpresariala hasi nahi dut... baina nola?

Erantzukizuna finkatzeagatik, eta jardueraren dimentsioa eta haren betebeharretatik hasi behar da ezer baino lehen

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ideia bat al duzu buruan? Nolabait ideia horretan lanean hasi nahi duzu? Askotan, enpresa edota norbanako moduan gure jarduerari ekitea erabakitzen dugunean galduta sentitu ohi gara. Jarduera enpresarial edota profesional bat hasterako orduan, badirudi gure aurkako burokrazia sare bat sortu duela administrazioak. Sarritan, ezjakintasunagatik edota lotsagatik hirugarren batengana jotzen dugu burokraziak eskatzen dituen pauso guztiak emateko.

Kasuistika anitza da, eta zaila da adibide guzti-guztiak azteru eta azaltzea. Dena den, badira normalean jarduera hastean nahitaez egin behar diren zenbait tramite. Dudaz beterikoak izaten dira hasiera guztiak, baina argi eta garbi eduki behar ditugu oinarrizko baldintza batzuk.

Erantzukizuna

Lehenik, zein erantzukizun hartu nahi dugun erabaki beharra dago. Erantzukizun hori baloratu behar dugu. Esate baterako, oso desberdina da informatikako aholkulari bezala jardun nahi izatea edota makina-erreminta munduaren produkzioan aritzea.

Lehenik, zein erantzukizun hartu nahi dugun erabaki beharra dago. [...] Esate baterako, oso desberdina da informatikako aholkulari bezala jardun nahi izatea edota makina-erreminta munduaren produkzioan aritzea

Lehen kasuan, hasiera batean pertsona bakarra zara zure baliabide informatikoekin eta printzipioz ez duzu erantzukizun askorik. Gainera, modu horretan hasten bazara, zure ondasunekin egin behar diozu aurre hartutako erantzukizunari. Bigarren kasuak, ordea, makina baten erabilera eskatzen du. Horrek ezinbestean dakar jende gehiagoren laguntza, eta norberaren erantzukizuna areagotu egiten da. Enpresa moduan antolatuta zure jarduna, dagokizun erantzukizuna eskrituretan lotutako kapital sozialaren araberakoa izaten da, gutxieneko 3.000 eurokoa delarik.

Jardueraren dimentsioa eta betebeharrak

Bigarren baldintza gure jarduerak edukiko duen dimentsioa izango da, eta benetan kontuan hartzekoa da. Bakarka jardun behar badugu, argi eduki behar dugu gure jardunaren emaitza errenta aitorpenean azalduko zaigula, zergaren zenbatekoa lan etekinen moduan kalkulatzen da, hau da, eskala progresiboan, eta portzentajerik altuena %48ra heldu daiteke. Enpresa moduan hasten badugu jarduera, gure emaitzengatik ordaindu beharreko zerga enpresen gaineko zergaren arabera kalkulatuko dira. Gaur egun, tamainaren araberakoa da zerga horren zenbatekoa, eta %20koa edo %24koa izaten da.

Beste aldagai garrantzitsu bat dira jarduera antolatzeko modu bakoitzak dituen betebeharrak, kasu batzuetan, aparteko azpiegitura baten beharra sortzen delarik. Norbanako edo pertsona fisiko moduan hasten badugu gure jarduera, erregistro liburu batzuk eman behar ditugu, erosketena, salmentena eta inbertsioena soilik. Enpresa moduan hasten badugu, legeak arautzen duen moduan kontabilitatea eraman behar dugu, eta urtero gure kontuak aurkeztu beharko ditugu erregistroan. Tramite hauek ez dira errazak eta normalean kanpoko enpresa bat kontratatzen da horiek egiteko, honek duen kostuarekin.

Norbanako bezala hasten badugu jarduera, gure irabaziak libreki mugitu ahal izango ditugu, eta gure kontu korrontean sartu eta atera ahal izango dugu lasai asko. Enpresa moduan antolatzea erabakitzen badugu, ordea, enpresaren izenean kontu korronte bat sortu beharra dago

Diruaren erabilera librea egin nahi izateak ere baldintzatu dezake jarduera antolatzeko era. Norbanako bezala hasten badugu jarduera, gure irabaziak libreki mugitu ahal izango ditugu, eta gure kontu korrontean sartu eta atera ahal izango dugu lasai asko. Enpresa moduan antolatzea erabakitzen badugu, ordea, enpresaren izenean kontu korronte bat sortu beharra dago eta, zure poltsikora dirua eraman nahi baduzu, nomina moduan ala dibidendu moduan izan beharko da. Bai nominak, bai dibidenduek beraien zergak dituzte.

Enpresa edo autonomo?

Behin aukeraketa eginda, jarduera hasteko burokrazia dator, eta hor inprimaki eta burokrazia festa daukagu. Bi erakunde izan beharko ditugu buruan beti gure jarduera hasi ahal izateko; bata, ogasuna, eta bestea, Gizarte Segurantza. Edozein jarduera hasi behar dugunean ogasunean alta eman beharko dugu.

Gizarte Segurantzaren kasuan, derrigorrezko bi baldintza bete beharko ditugu bertan autonomo gisa alta emateko: lehenengoa, lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago fakturatzea edo saltzea; eta bigarrena, zure diru-sarreretan ohikotasunik ez izatea. Hortik datoz alta eman gabe fakturatu daitezkeen edo ezin daitezkeen kopuruei buruzko nahaste guztiak.

Bi erakunde izan beharko ditugu buruan beti gure jarduera hasi ahal izateko; bata, ogasuna, eta bestea, Gizarte Segurantza. Edozein jarduera hasi behar dugunean ogasunean alta eman beharko dugu

Kontu handiz ibili behar da gai horrekin, araua ez baita argia ohikotasunari dagokionez, eta ekintzailearen aldeko jurisprudentzia badago ere, azkenean norbere kasua berrikusteko Gizarte Segurantzako ikuskatzailearen irizpideari jarraitzen zaio. Arau-hutsune bati buruz ari gara, beraz, hobeto izaten da kasu bakoitza aztertzea.

Enpresa moduan, aldiz, ez dago dudarik: ogasunean eta Gizarte Segurantzan alta eman beharko dugu.

Inprimakiak

Norbanako moduan alta emateko bi inprimaki beharko dira, bata 036 zenbakiduna, eta bestea 840 zenbakiduna. 036 inprimakian datu-pertsonalak jarri beharko dira, baita zerga betebeharrak zeintzuk izango diren ere. Horretarako norbere jardunaren IAE sailkapena aztertu beharko da. 036a bete ondoren, 840 inprimakia bete behar da, norbere jardueraren informazioarekin. Bi inprimaki horiekin posible da jarduera hastea norbanako moduan.

Enpresen kasuan burokrazia nahasgarriagoa izaten da. Ogasunaren aurrean bete beharreko inprimakian berdinak dira, baina pauso horretara iritsi aurretik hainbat tramite egin behar dira. Lehen pausoa da enpresaren izena erabakitzeko erregistro merkantilera eskaera egiteam hautatutako izena libre dagoen jakiteko. Libre badago, enpresaren estatutuak idaztea izango da hurrengo urratsa, eta horiek notario baten aurrean eskritura publikoan azaldu beharko dute. Eskritura lortu eta gero, 60S inprimakia bete behar izaten da. Hor ezartzen da kapital sozialaren zenbatekoa, informazio moduan ez baita enpresen sorreran zergarik ordaintzen. 60S inprimaki horrekin eta eskriturarekin ogasunera joan beharko dugu 036 inprimaki batekin, gure matrikula izango denaren behin-behineko kopia bat lortzeko.

Norbanako moduan alta emateko bi inprimaki beharko dira, bata 036 zenbakiduna, eta bestea 840 zenbakiduna. [...] Enpresen kasuan burokrazia nahasgarriagoa izaten da. Ogasunaren aurrean bete beharreko inprimakian berdinak dira, baina pauso horretara iritsi aurretik hainbat tramite egin behar dira

Eskriturarekin eta 60S eta behin-behineko matrikularekin, Erregistrora joan behar da enpresa erregistratzera. Behin erregistratu ondoren, 036 berri bat egin behar da behin betiko matrikula lortzeko, eta 840 inprimakia bete eta online aurkeztu, gure jardueraren datuekin. Azkenik, beste 036 bat entregatu behar da zerga betebeharrekin, eta ogasunera eraman jarduera hasi dela adieraziz. Azkenaldian ogasunean tramite horiek guztiak online egin daitezke, nahiz eta badiren zenbait pauso nahitaez ogasunean bertan egin behar direnak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK