Jon Hoyos: "Nik ez nuke esango proiektu ekintzailea eta 'start-up' baliokideak direnik"

Lehenagotik finantzaz ezer gutxi dakiten ekintzaileentzat liburua idatzi du Jon Hoyos EHUko ikertzaileak, ezagutu dituen zenbat esperientzia baliatuta

Argazkia: utzitakoa Argazkia: utzitakoa

Zenbat diru behar du nire proiektuak? Noiz da errentagarria? Zer datu behar ditut eta nola aurkeztu? Enpresa sortu berri guztiek aurre egin ohi diote, goiz edo berandu, etorkizuneko finantza-proiekzioak egiteko beharrari. Zeregin horri askotan aurre egin behar zaio, finantza-arloan aldez aurretik prestakuntzarik izan gabe. Apirilean kaleratu den Plan financiero para start-ups liburua hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu da. Erraza baina aldi berean zorrotza den urratsen metodologia praktikoa proposatzen du, adibide eta kasu ugariren bidez osatuta, eta azaleratzen ari diren enpresen errealitatera egokitzen saiatzen delarik. Liburuaren egile da Jon Hoyos Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea. Eta galdera horietako btzuk erantzun ditu.

Lehenik eta behin, nola definituko zenuke zer den start-up bat?

Ez dago aho bateko definiziorik, baina egun nahiko onartuta dago sortu berri den konpainia bati buruz ari garela. Haren negozio-ereduak berrikuntza motaren bat izan behar du —ez nahitaez teknologikoa—, eta eskalagarria izan behar du; hau da, proiektu horietan, epe laburrean hazkunde handi samarra izaten da. Kontua da start-up anglizismoa asko zabaldu dela azken urteotan, baina gaizki erabiltzeak nahasmen handia sortzen duela batzuetan. Nik ez nuke esango proiektu ekintzailea eta start-up baliokideak direnik.

Liburu hau gogoeta, irakurketa, hainbat foroetan parte hartze eta, bereziki, enpresa sortu berri ugarien esperientzien emaitza da. Nolakoa izan da lan prozesua?

Ni ez naiz ekintzailea, eta ez naiz inoiz izan. Hala ere, duela 15 urtetik hona unibertsitatean ikertzaile gisa izan dudan esperientzian ekintzailetzaren fenomenoa aztertu dut. Konturatu nintzen oso baliagarria izan zitekeela liburu bat idaztea modu errazean prozesu konplexu bati nola ekin azaltzeko, hala nola finantza proiekzioak egitea, eta urte hauetan guztietan zuzenean ezagutu ahal izan ditudan esperientzia eta arazo ugariak erabiliz. Hainbeste start-up ezagutzeak, tokian tokiko eta nazioarteko hainbat esperientzia aztertzeak, ikuspegi orokor bat ematen dizu, errealitate hori ulertu behar duen ororekin prozesatu eta partekatu nahi nuena. Izan ere, zenbait akats errepikatzen dira, eta askotan zalantza berberak izaten dituzte ekiten dutenek. Baina beti errespetuz eta zuhurtasunik handienaz. Bestalde, bada beste gauza nabarmen bat: finantzei buruzko liburu asko ekonomistengandik eta ekonomistentzat idatzita daude. Liburu hau idazterakoan beti pentsatu izan dut finantza-arloari buruz ezer edo ia ezer ez dakien, baina etorkizunean finantza proiekzioak egiteko prozesuan lagunduko dion gida behar duen pertsona batengan.

“Beste ekonomia edo eskualde homologagarri batzuekin alderatuz gero, egia da Euskadik teorian egokitzen zaiona baino jarduera tasa txikiagoa duela ekintzailetzari dagokionez”

Zein da beste herrialdeekiko Euskal Herrian dugun start-up kopurua? Hemen bizi dituzten egoera eta baldintzak, parekoak al dira, hobeak, zailagoak?

Hain zuzen ere, GEM proiektuan parte hartzen dut ikertzaile gisa, non urtero neurtzen baitugu Euskadiko jarduera ekintzailearen tasa. Azken urteko datuen arabera, 18 eta 64 urte bitarteko helduen % 5 inguru dira. Hala ere, ez gara ari start-upez, baizik eta ekintzailetzan ari den populazio helduaz, eta hor sartzen dira norberaren konturako jarduera ekonomiko guztiak (baita auto enplegua ere). Beste ekonomia edo eskualde homologagarri batzuekin alderatuz gero, egia da Euskadik teorian egokitzen zaiona baino jarduera-tasa txikiagoa duela ekintzailetzari dagokionez. Esan liteke sortutako ekintzailetzaren kalitatea etorkizun handikoa dela, eta ekintzaile izateko inguruko baldintzak oso positiboki baloratzen direla, baina urte askotatik hona ikusten ari gara tasa hori txikia dela. Euskadik enpresa-sare indartsua du, eta, bertan, industriak kalitateko enpleguak eta berrikuntza-mailak bultzatzen ditu, EBko eremu berritzaileenen parean jartzeko. Baina garrantzitsua da “tentsio ekintzaile” hori egotea, horren mende ere egon baitaiteke etorkizuneko enpresa demografia.

Uste dut Euskadik bere alde duela guztia eragin handiko industria-ekimeneko esperientziak bultzatzeko. Horretarako, ordea, oinarrizko I+G sortzen duten guneetatik (unibertsitateetatik, teknologia zentroetatik edo enpresa handien I+G unitateetatik) teknologia transferitzeko bidea emango duten pasabideak ezarri behar dira.

Enpresa berri bat sortzerakoan agertzen den arazorik ohikoena, proiektuaren etorkizuneko ibilbidea aurreratuko duten proiekzio finantzarioak egitea izan ohi dela diozu liburuan.

Nik esango nuke arazo nagusia etorkizuneko ziurgabetasuna eta horrek dakarren arriskua dela. Eta guztiok dakigu dirua, definizioz, arriskuaren aurkakoa dela. Horregatik, balizko finantzatzaileei laguntzea da helburua, eta azaltzea: zuk, ekintzaile zaren aldetik, nola proiektatzen duzun etorkizun hori, zein hipotesitan oinarritzen zaren eta nola lan egingo duzun mugarri jakin batzuk lortzeko. Eta, horretarako, zenbaki batzuk aurkeztu behar dituzu. Argi dago etorkizuneko finantza-proiekzioak ez direla beteko, baina ziur egon inbertitzaileek hurrengo urteetarako finantza plan bat eskatuko dizutela.

“Datozen urteetan start-up askorentzat etorkizuneko erronka izango da finantza metrikak aurkezteko beharra, proiektuen errentagarritasun ekonomikoa ez ezik, sortzen duten gizarte eta ingurumen-eragina ere neurtuko dutenak”

Hala ere, merkatuan oso ezaugarri ezberdinetako enpresak izanik, ez dute tresna berdinek balioko guztientzat.

Hain zuzen, gai garrantzitsua da hori, eta arreta berezia jartzen dio liburuak. Bistan denez, start-up guztiek esparru orokor bat dute, baina funtsezkoa da proiektuen finantza berezitasunak ulertzen jakitea, garatzen duten jardueraren arabera. Esate baterako, start-up bioteknologiko batek garapen erritmo konplexuagoak eta motelagoak ditu, eta horrek proiektuaren errentagarritasuna asko luzatzen du denboran.

Zeintzuk dira etorkizunari begira enpresa berriek aurre egin beharko dituzten erronka nagusiak?

Alde batetik, uste dut funtsezkoa dela zure proiektuak epe ertainean balioa sortzeko dituen palankak ulertzea. Denbora eskaintzea, presakoari ez ezik, planifikazioarekin eta prezipitaziorik gabe etorkizuna proiektatzeari ere. Bestetik, ausartzen naiz esatera datozen urteetan start-up askorentzat etorkizuneko erronka izango dela finantza metrikak aurkezteko beharra, proiektuen errentagarritasun ekonomikoa ez ezik, sortzen duten gizarte eta ingurumen eragina ere neurtuko dutenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK