Maria Sanz de Galdeano: "Uste dut lurraldeen aberastasuna sortzeko oinarria dela ekintzailetza”

Gizartean sortzen ari diren aldaketak direla eta, ekintzailetzarako une "interesgarria" da oraingoa CEINeko zuzendari nagusiaren ustetan

Maria Sanz de Galdeano Arocena | Argazkia: utzitakoa Maria Sanz de Galdeano Arocena | Argazkia: utzitakoa

Duela pare bat aste aurkeztu zituzten Nafarroako gobernuak eta CEIN Nafarroako Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroak III. Ekintzailetza Planaren orain arteko emaitzak. Hazkuntza potentzial handiko enpresak bultzatu, eta osasungintza edo elikagaien nekazaritzari loturiko sektore estrategikoak sustatzea da jasotzen diren helburuetako batzuk. Maria Sanz de Galdeano Arocena CEINeko zuzendari gisa dagoenetik aurkeztutako lehenengo plana da. Koordinatzaile izatetik zuzendaritzara salto egin zuen duela urte erdi inguru. Bere lana "luxu" bezala definitu du.

Nola joan dira lehen hilabeteak CEINeko zuzendari gisa?

CEINen lan egitea luxua da. Ekintzaileak babesten ari zara. Ilusioz lan egiten duten pertsonak dira, aurrera egiteko proiektu batekin, mundua hobetuko duena. Eta taldea ere zoragarria da. Luxua da, benetan, eta arduradun izatea luxu bikoitza. Nafarroako etorkizunean, are orainean, gure lanak bete-betean eragiten du, eta halako misio eta helburu bat izatea zure egunerokotasunean... Zer gehiago eska nezake?

Kudeaketa aurretik egiten ari zenaren jarraipen naturala da?

Erabat. Hala ere, epe luzeko estrategia —2023-2030— aurki aurkeztuko du CEINek. Horrek aldaketa nabariak dakartza. Asko zentratuko gara oinarri teknologikoko enpresen sorreran. Beti egin dugu hori, baina indartu egingo dugu. Esfortzu handiagoa jarriko dugu unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan bertan dauden proiektu guztiak berreskuratu, mugitu eta aztertuko ditugu, ikusteko zeintzuk diren enpresa bihurtzeko aproposenak izan daitezkeenak.

"Ekintzaileek enpresa traktoreen geroz eta behar handiagoa dute, eta traktoreek ekintzaileen geroz eta behar gehiago dute, zailagotzat jotzen dituzten erronka horiei irtenbide bat bilatzeko"

Era berean, ekosistema erreal baten sorreran lan egingo dugu. Urteak daramatzagu horri buruz hizketan, baina orain ezarri behar da benetan, ekintza jakin batzuekin. Ekintzaileek enpresa traktoreen geroz eta behar handiagoa dute, eta traktoreek ekintzaileen geroz eta behar gehiago dute, zailagotzat jotzen dituzten erronka horiei irtenbide bat bilatzeko, baita enpresa barruan konpontzeko garestiagoak izan daitezken horiei ere. Gure foku nagusiak horiek izango dira, betiere Nafarroako sektore estrategikoetan. Gu, zehazki, lanean ari gara osasunean, nekazaritzan, digitalean eta berdean edo jasangarritasunean. Eta lehentasun izango dira hazteko potentzial handia duten enpresak, oinarri teknologikoarekin eta ezagutza-zentroetatik daudenak.

Ekosistema erreal batez hitz egin duzu. Zein salto egitea eskatzen du?

Orain arte ekintzak egin ditugu ekintzaileak edo start-upak traktore handiekin harremanetan jartzeko. Baina ez genuen egituratuta plataforma bat non hori ikusgai izan zitekeen. Mapa bat izango dugu enpresa berritzaileenekin eta traktoreekin, eta elkar ezagutzeko espazioak izango ditugu, bai fisikoak, bai birtualak.

Nola ulertzen du CEINek ekintzailetza?

Pentsatzen dut ikusteko modu asko izango dituela, baina une honetan uste dut lurraldeen aberastasuna sortzeko oinarria dela ekintzailetza, nola dagoeneko existitzen diren enpresen aldetik, hala aukera edo arazo bat ikusi eta proiektu bat sortzea erabakitzen duten pertsonei dagokienez. Eta horretan sinesten dugu. Hori izan daiteke kontzeptu orokorrena.

"[Ekintzailetza] hainbesteko garapena izaten ari da, non gu ekintzaileen beharren aurretik joan behar garen aurki beharko dituzten gauzak proposatzeko"

Horrekin batera, ekintzailetza gure lana da, programa berritzaileagoak eta bereizgarriagoak sortzea. Hainbesteko garapena izaten ari da, non gu ekintzaileen beharren aurretik joan behar garen aurki beharko dituzten gauzak proposatzeko. Horrek eskatzen du aztertzea tendentziak, proiektu eta programak, sektoreak norantz doazen... Ekintzailetza da beti ekitea programen hobekuntzan gure bezeroen arazoak konpontzeko.

Eta berrikuntza?

Balioa proposatzea, orain arte eskaintzen ari garenaren gainetik, egun bizi ditugun aldaketen abiadura dela eta.

Adierazi duzu ekintzailetza oinarria dela etorkizunerako. Pandemiagatik 2.000 bat enpresa itxi ziren Nafarroan, eta helburua da enpresa ehuna berreskuratzea. Aldi berean, CEINetik sortzen ari diren enpresen % 78 hiru urtetara bizirauten dute. Bigarren zifra horrek nola lagun diezaioke pandemiak eragindako galerari?

Pandemian, Nafarroan start-upek erantzun ona izan zuten. Nazioarteko GEM azterketari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu Nafarroa izan zela pandemiaren kolpeari hoberen eutsi zion lurraldeetako bat. Are, hazi egin ginen ekintzailetza-tasan. Industrian dugun pisuagatik ere gertatu da hori, baita osasungintzan ere.

Gainera, CEIN jardueraz lepo zegoen. Gure enpresetatik bat bera ere ez zen gelditu, enpresen % 33 bioteknologikoak baitira eta beste % 33 nekazaritzakoak. Eta gure start-up berritzaileenetan jarduera areagotu besterik ez zen egin.

Zergatik bizirauten duten %80k, batez ere haztegietan daudenak? Egiten dugun hautaketa-prozesuagatik. Haztegian dauden guztiek dute hazkunderako potentziala, eta beraz bideragarriak, berritzaileak, teknologia eta digitalizazioa sortzen ez badute, nolabait txertatuta dute euren negozio ereduaren barruan. Teknologia, ekintzaileen gaitasunak... horiek dira arrakastarako sekretuak.

"[CEINera iristean] hainbeste zalantza dituzte, non burura datozkien lehenengo kezkak diren nola jarri martxan enpresa bat, batez ere prozedurari, arlo juridikoari eta abarri dagokionez"

Ekintzaile bat CEINera gerturatzen denean, zein izaten da haren kezka edo falta nagusia?

Hainbeste zalantza dituzte, non burura datozkien lehenengo kezkak diren nola jarri martxan enpresa bat, batez ere prozedurari, arlo juridikoari eta abarri dagokionez. Baina gero ikusten dute lana beste arlo batzuetan egin behar dutela, ohartzen direlako egiten ari diren hori behar bati erantzuten ari dela, merkatuak behar hori halakotzat jotzen duela eta horregatik ordaindu nahi duela, eta horrek eurei bideragarritasuna konpondu eta haztea ahalbidetuko diela. Hori dela eta, ekintzaileek eskertzen digute ematen diogun buelta edo euren negozio ideia birformulatzeko egiten ditugun proposamenak. Azken batean, helburua da merkatuan dauden arazoei irtenbidea bilatzea modu desberdin baten, balio ekarpena egingo duena. Horrek hausnarketa handia eskatzen du, kalera irtetea, galdetzea.

Zenbat enpresa sortzen dira urtean?

120 inguru. Urtero hurbiltzen diren 500 proiektuetatik % 20-23 bihurtzen dira enpresa. Guretzat arrakasta ez da soilik proiektu horiek enpresa bihurtzea. Sortzen ez direnen kasuan, ekintzaileak azterketa egin du atzetik eta erabaki du ez dela momentua, ez duela motibazio nahikoa, ideia ez dagoela sendo... Enpresa bat sortzea ez da lan-irtenbide bat bilatzeko aukera errazena. Beraz, jende askori prozesuak balio dio ikusteko ez dela ekiteko unea edo ez dela ideia, edo ideia hori heldutu egin behar dela. Hamaika arrazoi daude.

Zein da Nafarroako ekintzaileen profila?

GEM txostenari esker, badakigu ekintzailetzan murgiltzen diren pertsonen batez bestekoa 41 urtekoa dela. Horrekin batera, ekintzailetza-tasa emakumezkoetan handiagoa da, gizonezkoetan baino. Hainbat urte daramatzagu horrela, nahiz eta aldea oso txikia izan. Hala ere, beste mota bateko enpleguak eskaintzen dituzte, eta heldutasun handiagoko sektoreetan. Horregatik, haztegietatik igarotzean, enpresa berritzaile eta teknologikoenetatik igarotzean, zoritxarrez ikusten duzu emakumezkoen lidergopeko enpresa gutxiago daudela. Bioteknologikoetan, baina, langile gehienak emakumezkoak dira.

"Urtero hurbiltzen diren 500 proiektuetatik % 20-23 bihurtzen dira enpresa"

CEINen lanean ari diren enpresen gehiengoa ekintzailetza prozesuko zein fasetan dago?

555 proiektuekin ari gara lanean une honetan. Gehiengoak proiektu ideiak dira, aholkularitza eske datozenak, Ruta31 izeneko programaren bitartez. Programa horretara edozein sektoretatik etortzen dira, eta hastapen faseetan. Horrekin batera, bertikalak ditugu, non gure ahalegina indartzen ari garen. Osasungintzako azeleradoretan, esaterako, 16 proiektuekin egin dugu lan, eta 11 start-up eskalatze fasean; berdean, azeleradoran 10 proiektuk hartu dute parte, eta eskalatzean 7k; elikagaien nekazaritzan 9 proiektu dira azeleradoran, eta 5 eskalatzean; digitalean, 22 proiektuk parte hartu dute eta 9 eskalatzean; Ekintzailetza-bultzada programan, dagoeneko sortuta dauden start-upen hazkunderako, 7 proiektuk egin dute lan. Eta guztira 47 enpresa ditugu. Normalean, 4 urte izaten dira CEINeko haztegian, eta 6 urte bitarte bioteknologikoak badira.

Zenbait sektoretan heldutze prozesua luzeagoa da. Zifra horietan eragiten du?

Lurralde apustuak eragiten du gehiago. Nafarroak nekazaritza arloan, industrialean eta osasungintzan duen indarragatik, kultura ere hor dago. Unibertsitateek ere eragiten dute. Aurten, esaterako, osasungintza sektorean bultzatu dugu enpresa sorrera gehien. Azken baten, makinaria handia dugu, eta ekosistema oso lotuta dago.

"Nafarroak nekazaritza arloan, industrialean eta osasungintzan duen indarragatik, kultura ere hor dago"

Nekazaritza sektorean sortzen ari diren proiektu gehienak etorkizuneko elikagaien diseinuari lotuta daude, edo sektorean lan egiteko modu berriak bilatzeari lotuta?

Sektoreari loturiko haztegi bat dugu Tuteran. Eta denetarik dugu. Proteina alternatiboen tendentzia, hartzidura teknologiak... Labur esanda, elikagaien nekazaritzari loturiko tendentzia berrien sektore guztietatik dugu. Gainera, nutrizioari oso loturik dago, eta bide horretatik, geroz eta gehiago, osasunari. Horren ondorioz, sektoreen arteko mugak barreiatzen ari dira. Adibidez, Greentechek jasangarritasun eta ur-erabileraren murrizketa lantzen du, elikagaien nekazaritzako prozesu industrialetan.

Alegia, zuek azeleradorak sektore batzuetakoak badituzue ere, zenbait proiektu elkargunean daude.

Hala da, eta gero eta gehiago. Zenbait teknologia zeharkakoak dira, eta start-upei ahalbidetzen die hainbat sektoretan lan egitea. MoCapek, esaterako, nanopartikulen bitartezko enkapsulazioa egiten duena, elikagaien nekazaritzan edo pertsonen zein animalien osasungintzan ari da. Une kitzikagarria da, oso interesgarria. Eta zeresanik ez horri guztiari adimen artifizialaren geruza gehitzen badiogu, teknologia sektore eta prozesu guztietan baitago. Horrek iraultza ekarriko du, baita negozio ereduetan ere. Horregatik ekiteko aukera handiak daude, gauza asko aldatzeko baitaude.

"Sektoreen arteko mugak barreiatzen ari dira. [...] Zenbait teknologia zeharkakoak dira, eta start-upei ahalbidetzen die hainbat sektoretan lan egitea"

Digitechen barruan, Metatalent izeneko programa abiatu duzue. Zertan datza?

Esperimentuzkoa izan da. Unibertsitatean egin dugu, teknologoenengandik gertu izan nahi genuelako. Blockchain, adimen artifiziala, metabertsoa, kriptoak... Horrekin guztiarekin harremana du. Ikusten genuen beharrezkoa zela tendentzia eta teknologia berri horiek ezagutzera ematea, esan bezala negozio ereduetan ekarriko duen eraldaketagatik. Monografikoa egin nahi genuen. Gainera, ikusten ari ginen halako start-upen behar handia zegoela, eta horietako batzuk harrezkero Nafarroan sortzen ari zirela. Horren harira komunitate oso interesgarria sortzen ari gara. Gainera, enpresa traktoreekin elkartu behar dugu.

Metatalent Next Generation Funtsen REACT programaren bitartez bultzatu duzue. Zein rol jokatu dute funtsek beste modu batera bultzatu ezingo zenituzketen programak bultzatzeko garaian?

Bultzatuko ditugun programek ahalbidetuko dute pertsonek ikustea nola aldatuko den lan-esparrua, non bilatuko dituzten lanpostu berriak, eta beharrezkoa da ezagutzea. Programa bertikal horiek sortzea ahalbidetu digu digitalean, eta jasangarritasunean. Horrekin batera aukera eman digu produktuen salmentarako gaitasunak lantzea ekintzaileekin, Ekintzailetza-bultzada programaren barruan. Eta gainera, nazioartekotzean ere lagundu digu. Hori ere gure programen barruan txertatuko dugu geroz eta gehiago. Izan ere, gure start-up gehienak global gisa datoz, eta jakin behar dute merkatu zein kapitala topatu ahalko dutela.

Adierazi duzu oso garai interesgarria datorrela ekiteko. Nafarroako BPGa %1,4 haziko da 2023an, baina edozein kasutan hazkundea txikiagoa izango da. Enpresa gutxiago sortzera eraman dezake horrek?

Ez dakigu zer pasako den, eta aurreikuspenak egokitzen goaz. Baina normalean krisialdiak datozenean, ekintzailetzak behera egiten du, ezjakintasun garaiak direlako, batez ere zenbait sektoretan. Kontua da krisi askotan ez dakizula zer gertatuko den. Koronabirusarenean gure start-up berritzaileentzat bultzada izan da. Baina normalean ez da hala izaten.

"Start-upek [ere] talentu borroka izugarria baitute. Lagundu behar diegu start-upen mundua zer den ezagutzera ematen soldatapeko langile gisa lan egiteko aukeratzat jo dezaten"

2012an adibidez ekintzailetza-tasak behera egin zuen, baina 2015ean errekorra hautsi zen. Askotan beharragatik sortzen dira enpresak, nahiz eta horiek ez diren desiragarrienak. Gure lurraldeetan ez da hainbeste ekiten beharragatik, baizik eta aukerengatik. Horren ondorioz, gure errendimendua sendoagoa da munduko beste zenbait lurraldeekin alderatuta, non beharragatik ekiten den.

Talentuaren erronka esparru guztietan zabalduta dago. Zein lan egiten ari zarete CEINetik start-upak horretan laguntzeko?

Kontu interesgarria da unibertsitateko ikasleek ezagutzea zein ikasketa aukera eskaintzen dizkizun start-up baten lan egiteak, beste zenbait enpresetan lan egitea baino handiagoak. Ahalbidetzen dizu hainbeste esparru ezagutzea eta gaitasun maila handikoak... Horretan ere lan egingo dugu, orain start-upek talentu borroka izugarria baitute. Lagundu behar diegu start-upen mundua zer den ezagutzera ematen soldatapeko langile gisa lan egiteko aukeratzat jo dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK