Arkitektoa bada ere, Silvia Echeverria da Naw proiektuaren arduraduna. Betidanik erabili izan ditu, oinetako eroso eta arinak, huarache estiloko oinetako minimalistak, batik bat. Modaren industrian hasi zen lanean Madrilen, baina gero Donostiara etorri zen, bere familia hemengoa baita, Eibarrekoa, eta Merkal Calzadosen hasi zen lanean, erosketa eta produkzio sailean. Aldi berean, ama ere izan zen.
Baldintza guzti hauek eman gabe zaila litzateke Naw zapatilen proiektua abiaraztea. “Umeen mugimendu askeak eta beren garatze autonomoa sustatzeko gero eta joera gehiago dago, eta merkatua aztertzen hasi nintzen” dio Echeverriak. Prozesu horretan zebilela, BIC Berrilan zentroaren Sports-Tech deialdira aurkeztu zen. Kirol oinetakoak, umearen mugimenduekin errespetagarriak direnak, merkaturatzeko start-up batek funtzionatuko zuenaren asmoarekin.
Silvia Echeverria: “Umeen mugimendu askeak eta beren garatze autonomoa sustatzeko gero eta joera gehiago dago, eta merkatua aztertzen hasi nintzen”
2022ko urrian sartu zen Echeverria BIC Berrilanen, eta Naw ofizialki orain urtebete eskas eratu zuen, 2023ko otsailean. Dena den, start-upa martxan pasa den irailean jarri zuen. Bada, lau eta hamar urte bitarteko umeentzat oinetakoak orain 16 aste hasi zen merkaturatzen.
Salmentak, espero bezain ondo
Orain arte salmentak oso ondo joan direla aitortu du ekintzaileak. Lehen merkaturatze faserako stock-a prestatuta, lehen 16 asteak baino lehenago agortu zaio. “Start-upetan ‘heriotzaren bailara’ deitzen dioten fase hori, saltzen hasten zarenekoa, nik ez du pairatu, eta proiektua errentagarria izan da lehen minututik”, azaldu du. Salmentak, hortaz, planifikatu bezala doaz, eta oraintxe bertan bigarren produkzio fase bati ekingo dio. Echeverriak azaldu duenez, aurre salmenta egiteko aukera dago, eta oraingoz “bikain” doala nabarmendu du.
Naw zapatilak teknologia jakin batekin eginda daude, eta umearen mugimendua errespetatzen dute. “Errespetagarriak izateak esan nahi du ez duela pertsonaren oinkada naturala oztopatzen. Hanka hutsik lurra zapaltzerakoan modu jakin batean egiten dugu denok. Oinetako konbentzionalek gure oinkadan eragiten dute, eta gorputz osoko postura guztia aldatzen dute”.
“Start-upetan ‘heriotzaren bailara’ deitzen dioten fase hori, saltzen hasten zarenekoa, nik ez du pairatu, eta proiektua errentagarria izan da lehen minututik”
Umearen mugimendu naturalak errespetatzeaz gain, ekintzailearen arabera, zapatilek kirola edo korrika egiterako garaian oin-zoletako kargak arintzeko gaitasuna dute. “Bi ezaugarri hauek egiten dituzte gure oinetakoak desberdin, eta merkatuan funtzionatzen ari da”.
Hazteko finantzazio bila
Biomekaniko eta podologo baten laguntzaz diseinatu ditu Echeverriak zapatilak. Diseinu prozesua gainbegiratzeaz arduratzen dira batez ere, gerora, fabrikazio osoa Portugalen egiten delarik. Orain arte Echeverria bakarrik aritu bada ere, diseinua eta edizioa garatzeko lankide berri bat gehitu berri du lantaldera.
E-commercen oinarritzen den negozio eredua da Naw. Hots, online saltzen dituzte zapatilak. Hala eta guztiz ere, estatu mailako 25 bat dendetan ere saltzen hasi dela aitortu du Echevarriak, salmentak nola funtzionatuko duten jakiteko asmoz.
Bezero gehienak oraingoz Katalunia, Madril eta Galiziakoak dira. Euskal Herrian ez du bereziki saldu. “Oinetako estilo honen inguruko kontzientzia Katalunian dago batik bat”, azaldu du, eta gurean halako zapatilak erosteko ohitura gutxi dagoela dio. Halaber, nazioartean ere saltzen dira Naw zapatilak. Zehazki, salmenten %13 Portugalen egin dituzte, eta Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Frantziako merkatuak ere begiz jota ditu ekintzaileak.
Salmenten %13 Portugalen egin dituzte, eta Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Frantziako merkatuak ere begiz jota ditu ekintzaileak
Produktu gama bakarra dago oraingoz eskuragarri, bost kolore desberdinetan banatuta. Korrika egiteko zapatilak dira. Irailerako bigarren produktu gama diseinatzen ari da Echeverria, trail running egitekoak, “erresistenteagoak”. Era berean, gama zabaltzeko (baita lantaldea ere) finantzazio gehiago lortzeko prozesuan aurkitzen da start-upa. “Tankera honetako proiektuak sustatzen dituen inbertsio funtsen baten bila nabil, eta finantza aholkularitza bat ari zait laguntzen”, kontatu du.