Neoprenozko jantzi lehor eta garbien armairua

Uretako kiroletarako erabiltzen diren neoprenozko jantziak garbitu, lehortu eta desinfektatuko dituen makina garatu du Dryfing 'start-up' arabarrak

Naia Espinosa eta Juanjo Torres Dryfingeko sortzaileak | Argazkia: Dryfing Naia Espinosa eta Juanjo Torres Dryfingeko sortzaileak | Argazkia: Dryfing

Gaizki usaintzen duten neopreno busti eta zikinentzat konponbide disruptiboa eskaini nahi dute Naia Espinosa eta Juanjo Torres surf zale eta ekintzaileek. Duela hiru bat urte sortu zuen Dryfing start-upa, eta uretako neoprenoak garbitu, lehortu eta desinfektatzeko teknologia garatu dute ingeniaritza talde baten laguntzarekin.

EHUn Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduko ikasle zela otu zitzaion ideia Espinosari. Surf monitore ere bada, eta ondo baino hobeto dakizki zeintzuk diren neoprenozko jantziek sortzen dituzten logistika arazoak, besteak beste, etxera eraman eta dutxan zintzilik utzi egunetan, erabat lehortu gabe. Eta zer esanik ez surf eskolatan. “Noizbait neoprenoren bat alokatu baduzu, jakingo duzu beti usaintsu eta heze entregatzen dizutela. Surf eskolatan jantzi ugari behar dira eta kaos handia egoten da”, nabarmendu du.

Espinosa surf monitore da eta ondo baino hobeto dakizki zeintzuk diren neoprenozko jantziek sortzen dituzten logistika arazoak

Arazoari konponbidea emateko bidean hasi ziren bi bazkideak eta horren emaitza da Dryfing. “Uretako kirolak oso gustuko ditugu, eta ekintzaile izateko aukera ikusi genuen. Arlo pertsonal zein profesionalaren aldetik interesatzen zitzaigun ideia horrekin abiatu ginen”, azaldu du Espinosak.

2023ko apiriletik aurrera merkatuan

“Aldi berean 10-20 neopreno garbitu, lehortu eta desinfektatuko dituen makina egiten ari gara. Salmenta automatikoko makina edo armairu baten modukoa da, bertan jantziak sartu eta ordubetean prozesu osoa egiten du”, dio proiektuaren sortzaileak. Halaber, hiru fasetan bereizten da prozesua. Lehenengo, neoprenoan itsatsitako kresala, algak eta beste zenbait hondakin kentzen dira; bigarren, desinfektatzeko produktu garbitzailea aplikatzen da; eta azkenik, neoprenoa lehortzen da.

Produktuaren azken prototipoa bukatzear dira, eta Espinosaren esanetan, hurrengo urteko apirila edo maiatza aldera saltzen hastea aurreikusten dute. “Merkatutik inoiz baino gertuago gaude”.

Naia Espinosa: “Aldi berean 10-20 neopreno garbitu, lehortu eta desinfektatuko dituen makina egiten ari gara. Salmenta automatikoko makina edo armairu baten modukoa da”

Bezeroei dagokionez, uretako kiroletara zuzendutako enpresak dituzte jomugatzat, urpekaritza eta surf eskolak, besteak beste. Hortaz gain, itsasotik gertu eta kirolarekin nolabaiteko harremana duten turismo ostatuetara ere bideratu nahi dute euren produktua. “Proiektua aurrera doan heinean, norbanakoei zuzendutako makina egitea ere gustatuko litzaiguke, etxean gorde daitekeena, eta bi edo hiru neopreno garbitzeko egina”, gehitu du bazkideak. “Dena den, hasiera batean, enpresei zuzendutako produktua izango, B2B modura”.

Produktua bezeroei eraman eta instalatzeaz gain, laguntza teknikoa ere eskainiko du Dryfingek. “Salmenta zuzena egin nahi dugu eta bezeroarekin gertuko tratua izan. Bisita komertzialak egingo ditugu, eta showroom bat prestatzea planteatzen ari gara”. Hala eta guztiz ere, beste salmenta kanal batzuk ere aztertzen ari dira, hala nola, beste produktu batzuez gain, Dryfingen makinak salduko dituzten sektoreko hainbat enpresa.

Arazo batentzako konponbidea

Hiru urteko ibilbidean hainbat sari eta dirulaguntza jaso ditu Dryfingek, eta zenbait inbertsiogile pribatu ere sartu dira proiektuan. Hastapenetatik, BIC Arabak bultzatutako egitasmoa izan da, eta egoitza bertan dute egun. Estatu Batuetara ere joan dira euren produktua aurkeztera. “Silicon Valleyn munduko surf feria handienean egon ginen, eta gure produktua bezalakorik ez dagoela ikusi genuen. Norbanakoei zuzendutako zenbait produktu badaude, baina neopreno asko batera eta modu automatikoan garbitzen duenik ez”, adierazi du ekintzaileak.

Naia Espinosa: “Arazo bat dagoela uste dugu eta konponbidea guk ematen ez badiogu beste batek emango dio”

Hein horretan, baikor dira bazkideak etorkizunera begira. Makina hau “plus bat” dela iritzi dio Espinosak. Bezeroaren zerbitzuak hobetuko dituela uste du, izan ere, “uretako kiroletako eskolentzat baliabideak aurreztea” ekarriko du. “Arazo bat dagoela uste dugu, eta konponbidea guk ematen ez badiogu beste batek emango dio”. Era berean, erronka orain arazoa konpontzen duen produktua merkatuan txertatzea da, prezioa ezarri eta bezeroak eskuratzeko erraztasunak jartzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK