On egin, bai, baina modu jasangarrian

Elikagaietako proteinak ohiko iturrietatik kanpo lortzeko aukerak aztertzen ari dira Hego Euskal Herriko zenbait start-up. Horietako hiru adibide dira Insekt Label, Moa foodtech eta Delikatetxe. Egun hauetan Food 4 Futuren ari dira euren produktu eta zerbitzuak aurkezten

Moa foodtech enpresa nafarrak nutrizio maila altuko proteinak eskaintzen ditu, eta ekintzailetza saria irabazi berri du | Argazkia: Maite Reizabal Moa foodtech enpresa nafarrak nutrizio maila altuko proteinak eskaintzen ditu, eta ekintzailetza saria irabazi berri du | Argazkia: Maite Reizabal

Euskal Herriko udaleku guztietan entzun ohi zen —eta da?— Ñam, ñam, on egin dioen kanta, bazkaltzera joan aurretik haurrek elkarri otordu ona opatzeko asmoz abestua, koreografia propioarekin. Askok oraindik pentsatuko dute, ordea, intsektuak oinarrian dituzten elikagaiak jatea ez dela zehazki on egin esateko modukoa. "Nik uste dut gero eta gutxiago gertatzen dela hori, intsektuek nazka sentiaraztea. Mentalitatea aldatzen ari da, eta esango nuke landare oinarriko elikadurak bide bat erakutsi digula. Esaterako, kalabazazko txorizoa topa dezakegu. Guk hori bezero edo kontsumitzaile bezala egin dezakegu, baina hori benetan mugitu behar dutenak enpresak dira", adierazi du Josu Oleaga Insekt Label Biotecheko fundatzaileetako batek.

Start-up hau 2019an sortu zuten Bizkaian, eta sei pertsona ari dira horretan lanean. Bi dira egun hauetan egiten ari den Food 4 Future elikagaien teknologiari buruzko azokan aurkeztutako produktu edo prozesuak. "Batetik, intsektuen irina eta hori gauzatzeko bihurtzeko prozesua, nutrizionalki intsektuen onura guztiak eskaintzen dituena —proteinak % 50, grasa onak % 30 eta abar—. Bestea, teknologia aldetik desberdinagoa dena, hidrolisia, materia hori bera disolbagarria egiteko prozesua, esaterako, edari begetaletan txertatzeko", azaldu du Oleagak. Horretarako, euren negozioak hiru ildo ditu: lehen sektorekoa, intsektu ekoizpena, "bere nekazaritza erregistroarekin"; eraldatzeko planta, industria jarduera dena; eta laborategia. "Gizakion elikadurara begira, Europan hiru dira egun onartuta dauden intsektuak: tenebrio molitor edo irineko kakalardoa, kilkerrak eta matxinsalto modukoak. Guk lehenengorekin egiten dugu lan soilik", esan du Oleagak. Oraindik ez dute saltzen, garapen fasean baitira. Edozein kasutan, Euskal Herri mailan ari dira lanean, eta eremu horretan geratu nahi dute momentuz.

Josu Oleaga: "Nik uste dut gero eta gutxiago gertatzen dela hori, intsektuek atzeraka botatzea. Mentalitatea aldatzen ari da, eta esango nuke landare oinarriko elikadurak bide bat erakutsi digula

Euren produktu eta prozesuak eguneroko produktuetan barneratzen joatea dute helburu apurka-apurka. Zentzu horretan, azokan bilatzen dutena da "teknologiak, prozesuak edo produktuak erakustea, bezero potentzialak lortzeko", dio Insekt Labelekoak. Hala ere, aukera teknologiko bila ere joan dira Food 4 Futurera. "Azoka oso teknologikoa da. Eta guk egiten dugun intsektu baserri horrek behar du nolabaiteko teknologia sartzea bertan. IOT, robotika, automatizazioa... Eta horretarako leku ona da", gaineratu du.

Proteinak hondakinetatik

Insekt Labelen ia parean dago Moa Foodtechen postua. Nafarroako Gobernuaren CEINen enpresa habian dute euren egoitza, Noainen, eta lurraldeko Emprende XXI saria irabazi berri du. Kizkitza Castaner start-up honetako food scientist edo elikagai zientzialaria da, eta bere rola da garatu dituzten produktuak bezeroaren beharretan nola txertatu aztertzea. "Mikro organismo edo azpihondakinak erabiltzen ditugu, elikagaien industriatik ateratakoak, eta, hartzidura bitartez, osagaiak sortzen ditugu, balio proteiko handikoak", nabarmendu du Castanerrek. Ekonomia zirkularra dute oinarrian, beraz. Duela urte eta erdi inguru jaio ziren, eta hamar langile ari dira lanean. "Aipatutako proteina hori askotariko produktuei gehitu ahal zaio: haragi analogoei, snackei, edari begetalei... Eta pertsonen zein animalien elikagaietarako", gehitu du zientzialariak.

Hain zuen, badira animaliak alde batera utzi, eta landareetan oinarritutako produktuak egiten ari diren proiektu aski ezagunak, izan sojarekin, izan ilarrekin. "Baina ez da nahikoa. Guk uste dugu beharra dagoela bestelako produktuak sortzeko. Egiten dugun hori ez da berria, tradizionalki hartzidura erabili izan delako garagardoa egiteko, ardoa egiteko, ogia egiteko. Aldiz, guk proteina bat sortzeko aplikatzen dugu", azaldu du Moakoak.

Kizkitza Castaner: "Mikro organismo edo azpihondakinak erabiltzen ditugu, elikagaien industriatik ateratakoak, eta hartzidura bitartez, osagaiak sortzen ditugu, balio proteiko handikoak"

Une honetan ez dira saltzen ari oraindik, prozesuen garapen teknologikoan baizik. Hori dela eta, euren burua ezagutzera eman nahi dute azokan, baita bi motatako bezeroak topatu ere. "Batetik, elikagai industrian sortzen diren azpiproduktuak lortu behar ditugu, bota ohi duten hondakin hori saldu eta errebalorizatu nahiko luketenak. Bestetik, osagai hori aplikatu nahiko luketenak, handi zein txikiak", kontatu du Castanerrek.

Oilo 'zirkularrak'

Aipatutako bi kasuak oraindik merkatuan topa ezin badaitezke ere, Delikatetxe kooperatiba bizkaitarraren produktuak urrian jarri ziren salmentan, norbanakoentzat eta ostalaritzarentzat. Salda saltzen dute, arrautzak jartzen dituzten oiloen haragiarekin egindakoa, baita hanburgesak eta bestelako produktuak ere. "Gu sortu ginen arrautzak erruten zituzten Eusko Label oiloen haragia aprobetxatzeko, izan arrautza ekologikoa, izan gourmetak. Oilo hauek landakoak dira, eta bertako baserrietan hazi dira. Logistika arazoengatik orain arte duten haragia ez zen aprobetxatzen ari. Are gehiago, baserritarrarentzat arazoa izaten zen, dirua ordaindu behar izaten zuelako haiek eraman zitzaten, eta ez zutelako irtenbide komertzialik topatzen", kontatu du Edurne Garcia enpresako arduradunetako batek. Ekonomia zirkularreko prozesua baliatuz jarri zuten martxa proiektua, eta Elorrion, Bizkaian, dute fabrika. Bertatik igarotzen da egiten duten lan guztia. "Eta enpresa konpromisoaren baitan, ekonomia zirkularretik, fokua jarrita dugu produzitzeko moduan. Gure burua energiarekin elikatzeko sistema sortu dugu, energia fotovoltaikoaren bitartez", gaineratu du.

Edurne Garcia: "Gu sortu ginen arrautzak erruten zituzten Eusko Label oiloen haragia aprobetxatzeko, izan arrautza ekologikoa, izan gourmetak.

Garciaren ustez, "egun lan handia egiten ari gara bestelako proteinekin eta hausnarketa handia dugu kontsumitzen ditugun animaliak hazteko prozesuaren inguruan. Guk beste ekarpen bat egin nahi dugu: hazten diren animaliei probetxua ateratzea ahazten zaigu". Bestela esanda, egun animali asko hazten dira, eta ez zaie guztizko probetxua ateratzen, soilik parte bat kontsumitzen delako eta gainontzekoa bota. "Horrek sekulako eragina du, eta hondakin ugari sortzen ditu. Esaterako, behien zenbait parte erabiltzen ditugu soilik, eta beste batzuk bota egiten ditugu", esan du Delikatetxekoak. Horri lotuta, adibidez, tokiko produktoreak laguntzen dituzte kontserbak egiten udako soberakinekin, eta porruekin —parte berde zein zuriarekin— egindako produktuak ere saltzen dituzte.

Momentuz, pertsonen elikadurara lotutako produktuak dituzte bakarrik eskuragarri, baina animalientzako janari merkatua ere aztertu eta lantzen ari dira. "Delikatetxeko proiektuan hasiera-hasieratik dago ildo hau. Produktu bat sortu nahi dugu oiloen izterrekin, baina oraindik ez dugu lortu ontziratzea ondo egitea, eta horregatik ez dago merkatuan", argitu du Garciak.

Informazio gehiago
Teknologia etorkizuneko elikagaiak bermatzeko
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK