Poloen 'zoramena', Donostiatik mundura

Ohiko izozkiaren alternatiba gisa, produktu naturalekin egindako polo bete eta krematsuak saltzen ditu Donostian sortutako Loco Polok. 2017an ireki zuten lehen denda, eta harrezkeroztik beste bederatzi ireki dituzte Espainia eta Frantzian. Maiatzean Omanen zabalduko dute Europatik kanpoko euren lehen saltokia

Argazkia: Loco Polo Argazkia: Loco Polo

Donostian poloak salduko zituen txoko bat irekitzea erokeria hutsa zen banku askoren aburuz. Erantzun hori jaso zuten, antza, Oier Almandoz eta Iñigo Galdona ekintzaileek Loco Polo proiektua martxan jarri ahal izateko finantzazio bila hasi zirenean. 2017 zen orduan, eta bi gazteak denbora batez atzerrian lanean aritu ondoren, poloak salduko zituen dendaren ideia izanik, Donostiara itzultzea erabaki zuten. Sei urte pasa dira jada, eta Narrika kalean lehen denda ireki zutenetik beste bederatzi ireki dituzte, Bilbon tartean. Denera 200 salmenta puntu baina gehiago dituzte pop upak (orgak eta kioskoak) eta mini cornerrak (hozkailuak) kontatuz gero.

2018ean poloak egiteko lantegia Errekalde auzoan ezarri zuten eta 2019ko jada Donostiakoaz gain, beste hiru denda ireki zituzten, Bartzelonan, Madrilen eta Sevillan

Galdonaren hitzetan, produktua ondo menperatzea, marka eraikitzea eta kontzeptua edo formatua nola saltzea ziren Loco Poloren proiektua abiatzerakoan argi izan beharreko hiru faktoreak. 2018ean poloak egiteko lantegia Errekalde auzoan ezarri zuten, eta 2019ko jada Donostiakoaz gain, beste hiru denda ireki zituzten, Bartzelonan, Madrilen eta Sevillan. Pandemian une gogorrak pasa bazituzten ere, aurrera ateratzea lortu eta 2022an oso urte ona izan zela adierazi du Galdonak, 2,8 milioi fakturazioa izan zutelarik.

Polo arrunt bat baino gehiago

Ohiko izozki poloaz haragoko kontzeptua da Loco Polorena, edo hori da, behintzat, hasieratik bilatzen aritu direna. Ur zein esnearekin sortuak, testura atsegin eta krematsua duten izozki barrubeteak egiten dituzte lehengai naturalekin, eta ohiko izozki dendaren ideiatik bereizten dira nolabait: “gure produktua ez da polo tradizional baten itxurakoa, ezta izozki bat ere. Ohiko izozkia baino osasuntsuagoa da, eta bezeroak bere poloa pertsonalizatzeko aukera du”, nabarmendu du ekintzaileak. Hori gutxi balitz, poloak negozioaren ardatz badira ere, beste hainbat produktu ere eskaintzen dituzte, hala nola, sorbeteak, opilak edota kafea.

Argazkia: Loco Polo
Argazkia: Loco Polo

 

Kalera ateratzen den orok du Loco Poloren poloa dastatzeko parada, bai denda, kiosko edota mini cornerretan, baina enpresa donostiarrak ostalaritza sektoreari ere eskaintzen dio euren establezimenduetan mini cornerrak ezartzeko aukera. Besteak beste, hondartzako txosnetan, txokolategietan, jatetxeetan edo gourmet dendetan jarri ohi dituztela azaldu du Galdonak. “Gure mini cornerrak ez dira ohiko izozki marken hozkailuak bezalakoak; poloak kanpotik ikus daitezke eta oso politak dira”.

Iñigo Galdona: “gure produktua ez da polo tradizional baten itxurakoa ez eta izozki bat ere. Ohiko izozkia baino osasuntsuagoa da eta bezeroak bere poloa pertsonalizatzeko aukera du”

Guztira 2 milioi polo ekoitzita, aurtengo helburua 1,5 milioi unitate egitea da. 70 langile ditu egun enpresak, arestian aipatutako 10 dendetan banatuta, baina 18 hilabetetan langile kopurua bikoiztea espero dute . Denda gehienak Espainiar estatuan aurkitzen dira, baina Bordelen eta Lillen (Frantzia) ere badute beste bat eta Sitgesen ireki berri dute azken denda. Are gehiago, Omanen zabalduko dute hilaren amaieran Europatik at lehen saltokia. Galdonaren arabera, aurten dena ondo badoa 300 salmenta puntu baino gehiago edukiko dituzte, eta helburua Espainiako 20 probintziatan 350 mini corner ezartzea da. Bestalde, hurrengo bi
urtetan 12 herrialdeetara iristea dute xede.

Hazi aurretik egonkortu

Izan iparrera edo hegora, polo enpresak hartutako norantzak beste behin haizea alde duela erakutsi berri du erdietsi berri duten 2 milioi euroko inbertsio erronda. Start-uparen sortzaileak dioenez, ekonomikoki hazteko baino, produktua sendotu eta merkatuan egonkortzeko baliatuko dute: “proiektuari forma ematen bukatu nahi dugu, gerora hazteko garaia etortzen denean hazkundea azkarra eta sendoa izan dadin.”

Iñigo Galdona: “Eskaintza handitu nahi genuen, eta kontzeptu berriak garatzen ari gara ahalik eta produktu gehien saltzeko, eta, batez ere, gure denden kokapenak nahiko onak direlako”

Halaber, produktu berriak garatzeko aukera ere emango die inbertsio horrek. Izan ere, orain arte ideia asko izan badituzte ere, baliabide ekonomiko falta dela medio ezin izan dituzte horiek gauzatu. Orain ordea, Loco Bowlak eta fruta eta jogurt bowlak Donostian daukaten Loco Bowl dendan saltzen hasi dira, eta Sitgsen ere salduko dituzte. Gainera, bonboiak, polo beroak eta gozogintza ari dira lantzen, besteak beste. “Eskaintza handitu nahi genuen, eta kontzeptu berriak garatzen ari gara ahalik eta produktu gehien saltzeko, eta, batez ere, gure denden kokapenak nahiko onak direlako”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK