Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 111 plaza behin betiko betetzeko 12 deialdiri. Besteak beste, suhiltzaileen 68 plazako eskaintza, lau psikologo plaza, zortzi gizarte langile, sei zerga-agente eta bi laborategiko teknikarirako plazak eskainiko dira.
Onartutako deialdietan 2023ko, 2024ko eta 2025eko lan eskaintza publikoetatik eratorritako lanpostuak sartzen dira, eta maila guztietako plaza espezifikoak daude. Deialdiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta izena emateko epea argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da.
Desgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako sei lanpostu daude, barne sustapeneko bost plaza eta, suhiltzaileen deialdiaren kasuan, emakumeentzat erreserbatutako 17 plaza gordeko dira. Irune Berasaluze aldundiko bozeramaileak adierazi du “aldundia ziklo historikoaren aldaketa batean murgilduta” dagoela: “10 urteko epean, lantaldearen ia erdia, 1.000 pertsona inguru, funtzionarioak zein lan-kontratuko langileak, erretiratu egingo da, eta ezinbestekoa da berrikuntza planifikatu eta ordenatua bermatzea, eta, aldi berean, zerbitzu publikoen jarraitutasuna eta kalitatea bermatuko duten profesional berriak modu egonkorrean sartzea”.
Hau da lanpostuen zerrenda:
- Nekazaritzako ingeniaria: plaza bat.
- Psikologoa: lau plaza.
- Gizarte langilea: zortzi plaza.
- Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze-lanen arduraduna: bi plaza.
- Instalazioetako teknikari laguntzailea: plaza bat.
- Laborategiko teknikari laguntzailea: bi plaza.
- Zerga-agentea: sei plaza.
- Garbiketa-jantokiko langilea: sei plaza.
- Gidaria: bost plaza.
- Ingurumeneko langilea: lau plaza.
- Sukaldari laguntzailea: lau plaza.
- Suhiltzailea: 68 plaza.