
2024ko emaitzak biltzen dituen txostena aurkeztu du gaur Oarsoaldea Garapen Agentziak. "Urte emankorra" izan da, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalak biltzen dituen eskualde gipuzkoarrarentzat.
Ekonomia eta lurralde garapeneko estrategiaren baitan eginiko programetan 144 enpresa eta eragilek hartu dute parte. Halaber, gora egin du —%23— agentziaren arreta jaso duen ekintzaile kopuruak, 121 izan baitira, eta denera 157 kontsultei eman zaie erantzuna. 2017tik 6.244 enpresa eta 2.045 ekintzaile lagundu ditu agentziak, baina azken urtebeteko bultzada ulertzeko aipatzekoa da Agustinak Zentroa martxan jarri izana, askotariko proiektuak bultzatzeko. Gainera, Oarsoaldea ekonomia urdina izeneko proiektuaren baitan itsas ekonomiarekin lotutako eragile eta enpresekin topaketak egin eta arlo horretako proiektuak aurkezteko. AZTI zentro teknologikoak, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Pasaiako Portu Agintaritzak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako egitasmoa da.
Inklusio eta enpleguaren esparruan 1.679 pertsona artatu dituzte iaz. Horietatik 359k hartu dute parte enplegu programetan, eta kudeatutako programetan txertatzea %69,4koa izan da. Iaztik %5eko hazkundea izan du, beraz. 2017tik, denera 42.224 langabe lagundu ditu agentziak, eta 6.433 lan eskaintza kudeatu ditu. Esparru horretan, aipatzekoa da 2024ko apirilean martxan jarritako Oarsolan enplegurako eta inklusiorako berrikuntza zentroak eginiko lana, baita martxan jarritako hainbat proiektu berritzaile ere, Baserriberri tarteko.
Jasangarritasun, birgaitze eta turismo arloan emandako pausoak ere nabarmendu dituzte txostenean. Jasangarritasunari loturik, adibidez, birgaitze bulegoaren bitartez ebatzitako dirulaguntzetan %107ko igoera izan da, 3.641.007,96 euroraino, eta 495 dirulaguntza eskaera kudeatu dira. Euskara esparruan, ahozko eta idatzizko erabilera sustatzeari dagokionez, merkatarien eta ostalarien %58k parte hartu dute euskarari loturiko egitasmoetan, zifra hori %72 hazi delarik. 268 establezimendutan gainbegiratu da euskararen erabilera.