• EKONOMIA
  • %13 murriztu da Nafarroako zereal uzta, bero-boladen ondorioz

%13 murriztu da Nafarroako zereal uzta, bero-boladen ondorioz

765.00 tona zereal bildu dituzte aurten, azken bost urteetan batez beste bildutakoa baino %3 gutxiago

Nafarroako gari-soroak | Argazkia: iStock
Nafarroako gari-soroak | Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 30a - 14:20
Eg. 2026ko uztailaren 30a - 16:28

Azken hamar urteetako zereal bilketa kaskarrenetakoa izan du aurten Nafarroak. Kanpainaren azken txanpan izandako bero-boladek eta euri gutxiko udaberri irregularrak kalte egin die laborarien uztari, eta orotara 765.00 tona zereal bildu dituzte, iaz baino %13,5 gutxiago.

 

Intiako teknikariek gaur Erriberrin eginiko agerraldian adierazi dute aurtengo eguraldia “ezohikoa” izan dela, eta garagarren uzta bereziki kaltetua izan dela meteorologiatik. Gariarenak, berriz, espero baino portaera hobea izan duela argitu dute.

Orotara azken bost urteetan batez beste bildutakoa baino %3 gutxiago jaso da aurten Nafarroako larreetan. Intiako teknikariek "kanpaina ona" dela esan dute, nahiz eta aurreko bi urteetatik oso urrun geratu. Gainera, azpimarratu dute uztaren bilketa asko aldatu dela ustiategi eta eremu batetik bestera.

 

2024a inoizko urterik emankorrena izan zen (930.000 tona zereal bildu zituzten), eta iaz ere urte oparoa izan zuten laborariek (880.000 tona inguru). Aurtengoan, nahiko ezkor zirela aitortu dute Intiako teknikariek, eta azkenean, aurreikusitakoa baino hobea izan dela adierazi dute. Hori bai, bi kanpaina “bikain” izan ostean, beherakada eduki izana deitoratu dute.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik ere parte hartu du gaurko agerraldian, eta nabarmendu du aurtengo kanpainak berretsi egiten duela Nafarroako nekazaritzak gero eta aldakortasun klimatiko handiagoarekin bizi behar duela. Gauzak horrela, sektorean berrikuntza eta ezagutza indartzea defendatu du, klima aldaketaren aurrean egokitzeko gaitasuna hobetu ahal izateko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain