2025ean Hego Euskal Herrian 62 lan heriotza izan zirela jakinarazi du gaur ELA sindikatuak. Nafarroan gertatu ziren 27 istripu, Bizkaian 15, Gipuzkoan 11 eta Araban 9; datu horien arabera, lan istripuengatiko heriotzak igo egin dira Araban eta Nafarroan, baina jaitsi Bizkaian eta Gipuzkoan, 2024ko zenbatekoekin alderatuta. Halaber, lan istripuek, oro har, behera egin dutela jakinarazi du sindikatuak.
EAEren kasuan, Osalanen arabera lan istripu guztien %95 arinak izan ziren, 166 larriak, eta 27 heriotza. Hala, istripu larri zein arinak gutxitu ziren, eta heriotzak berdin mantendu ziren. Era berean, aurreko urtean baino %11,3 lan-gaixotasun jakinarazpen gehiago izan zirela diote datuek.
Nafarroaren kasuan, sindikatuak zera jakinarazi du: “Iturri ofizialek lan istripuak oro har igo egin direla nabarmentzen dute, batez ere istripu arinak. Istripu larrietan eta lan heriotzetan jaitsiera izan da, bereziki heriotzen kasuan, 2024. urtearekin alderatuta, erdia: 22tik 11ra”.
Kopuruak “onartezinak” direla salatu du ELAk, eta heriotzen atzean prekaritatea dagoela salatu du: azpikontratazioa, lan-erritmo handiak, inbertsiorik eza baliabide teknikoetan zein giza baliabideetan, langileen informazio falta… Era berean, gogoratu du EAEko zein Nafarroako aurrekontu osoen %0,01 soilik bideratzen dela lan-osasunera.
Prebentzio gehiago
Datuak emateaz gain, “egoeraren larritasuna ikusita”, sindikatuak bost neurri proposatu dizkie Nafarroako gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Lehena, Osalaneko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN) eta Lan Ikuskaritzako langile gehiago izatea, Europako batez bestekoarekin parekatu eta lantokien jarraipen egokiak egiteko; bigarrena, prebentzio-zerbitzuak eta mutuak publiko egitea; hirugarrena, kontrol eta jarraipen ekintza gehiago egitea, batik bat, arrisku bereziak (altueran egiten diren lanak, edota elementu kantzerigenoekin dihardutenak) pairatzen dituzten langileentzat; laugarrena, kontratatzeko debekua ezartzea prebentzio-arloan zigorren bat jaso duten konpainiei; eta, azkena, arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea Euskal Herriko enpresa guztietan.