Mikel Torres lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berretsi du EAEko ekonomiak %1,9ko hazkundea izango duela 2026an, nazioarteko ziurgabetasunak markatutako testuingurua izanik ere. Azaldu duenez, urte hasiera %2,2ko erritmoan abiatu den arren, jarduera pixkanaka motelduko da batez besteko %1,9ko tasa horretara iritsi arte. Egoera geopolitikoak, energiaren prezioen gorakadak eta logistika arazoek eragin zuzena dute aurreikuspenetan.
Hain zuzen ere, sailburuak ohartarazi du nazioarteko ekonomiak une zailean jarraitzen duela, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz eta energia merkatuetan izandako gorabeherengatik. “Energiaren prezioak maximoetan egoteak arrisku gehigarriak sortzen ditu inflazioan eta jarduera ekonomikoan”, nabarmendu du. Testuinguru horretan, egoeraren bilakaera aurreikusteko zailtasuna azpimarratu du, eta zuhurtziaz jokatzeko beharra azpimarratu du.
Hala ere, barne eskaria "sendo" mantenduko dela ohartarazi du. Kontsumoak eta inbertsioak hazkundea sostengatuko dute, nahiz eta erritmoa apalagoa izan aurreko urtearekin alderatuta. Sektoreka, zerbitzuek jarraituko dute motor nagusi izaten (%2,1eko hazkundea), eta eraikuntzak ere bilakaera positiboa izango du (%2,6koa). Industriak, berriz, presio handiagoa jasango du energia kostuengatik, baina ez da "uzkurdurarik"espero.
Lan merkatuari dagokionez, joera baikorra mantenduko dela adierazi du Torresek. Enpleguak hazten jarraituko duela aurreikusten da, eta langabezia tasak behera egingo du pixkanaka, 2026an %6,4ra iritsi arte. Era berean, inflazioa da kezka nagusietako bat, batik bat, energiaren garestitzeak bultzatuta. Martxoko KPIa %3,3ra igo da, aurreko hilabetean baino puntu bat gehiago. Hala ere, gobernuak hartutako neurriak prezioen gorabeherak leuntzen eta erosteko ahalmena babesten laguntzen ari direla defendatu du sailburuak. Gainera, ohartarazi du petrolioaren prezio altuek luzaroan irauten badute, hazkundea bi hamarren murriztu litekeela urte amaieran. "Gure helburua bikoitza da: enpresen bideragarritasuna babestea eta enplegua eta horren kalitatea zaintzea", ohartarazi du, azkenik, sailburuak.