• EKONOMIA
  • Confebaskek dio EAEko ekonomia %2,1 handituko dela 2026an

Confebaskek dio EAEko ekonomia %2,1 handituko dela 2026an

2025aren amaieran Gizarte Segurantzan iaz baino 13.000 afiliatu gehiago izango dira

Euskalduna Jauregian egin dute prentsaurrekoa | Argazkia: Confebask
Euskalduna Jauregian egin dute prentsaurrekoa | Argazkia: Confebask
2025eko abenduaren 18a - 12:00

2026 urterako gero eta gutxiago falta da, eta Confebaskek jada aurkeztu du datorren urterako aurreikuspenari buruzko txostena. Tamara Yagüe lehendakariak, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martín ekonomia arduradunak Bilboko Euskalduna Jauregian egin duten prentsaurrekoan eman dituzte aditzera datuok, eta 2025 urteko koiunturari buruz ere mintzatu dira.

 

Patronalak zehaztu duenaren arabera, EAEko Barne Produktu Gordina %2,1 handituko da, nahiz eta hazkundea %1,7 eta %2,6 artekoa izan daitekeen, “EAEk aurre egin beharko dien arriskuen bilakaeraren arabera”. Hala, 2025 urtearen antzekoa izango da datorrena, nahiz eta inbertsioan eta enpleguan “dinamismo gutxiago” espero den.

Yagüek hitza hartu duenean, merkataritza politikei buruz, Europako ziurgabetasun politikoari buruz, gerra-krisiei buruz eta haien eraginari buruz mintzatu da. Adierazi duenez, aurreikuspenen arabera industriak dinamismo gutxien duen sektorea izaten jarraituko du, nahiz eta hobekuntzak espero. Enpleguari dagokionez, datorren urte amaierarako 10.000 afiliatu berri izango direla espero du Confebaskek, eta langabezia-tasa %6,0 ingurukoa izateko itxaropena du.

 

Sindikatuek gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioak egingo dituztela eta, patronalak azaldu du greba ez dela konponbidea. Era berean, berretsi du hitz egiteko prest daudela beti Elkarrizketa Sozialeko mahaian elkartzen badira.

2025ari itxiera

Urteari amaiera %2,2ko hazkunde ekonomikoarekin emango zaiola esan dute prentsaurrekoan, iazko %1,8ko aurreikuspena gaindituta, kontsumo pribatuaren zein inbertsioaren “portaera hobeari” esker.

2025ean industriaren “dezelerazioa” izan dela ere gogoratu dute, esperotakoa baino gutxiago hazi baita sektorea, nahiz eta enplegua sortzen jarraitu duen. Zerbitzuen eta eraikuntzaren sektorea, ordea, espero zena baino gehiago hazi dira. Gizarte Segurantzan iaz baino 13.000 afiliatu gehiago izango dira urte amaieran, aurreikuspenen arabera, baita 1.500 langabe gutxiago ere. Urte itxieran langabezia-tasa %6,5ekoa izango dela jakinarazi du, bosgarren urtez beheranzko joera jarraituta.