DS Industry azokaren lehen edizioak 2.210 profesional bildu ditu Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), azaroaren 3tik 5era bitartean. Guztira, 16 herrialdetako ordezkariak eta hogei industria-sektore baino gehiagotako enpresak elkartu dira, industriaren deskarbonizazioari eta jasangarritasunari lotutako erronkak eta aukerak aztertzeko. Antolatzaileek iragarri dute bigarren edizioa 2028ko azaroan egingo dutela, leku berean.
Hiru eguneko egitarauan, industria-ekoizpena eraldatzeko hainbat teknologia eta irtenbide landu dituzte. Besteak beste, CO₂a harrapatu eta erabiltzeko sistemak, energia termikoa biltegiratzeko aukerak, bero-ponpak eta hidrogeno berdea izan dituzte hizpide. Ekonomia zirkularra eta hainbat sektoretan, hala nola siderurgian, zementuaren industrian eta elikagaigintzan, emisioak murrizteko estrategiak ere aztertu dituzte.
Erakusketa-eremuan 100 enpresa baino gehiago bildu dira, eta industriarako garatutako teknologia eta irtenbideak aurkeztu dituzte. Horrez gain, nazioarteko enpresa-harremanak sustatzeko 190 bilera antolatu dituzte, Enterprise Europe Network sarearen bidez eta SPRIren bitartez. Enpresak, profesionalak eta ikasleak harremanetan jartzeko gune bat ere izan du azokak, lan-aukerak sortzeko eta industriaren belaunaldi-erreleboa sustatzeko xedez.
Gaur egin den azken jardunaldian, azaroaren 5ean, parte-hartzaileek hainbat industria-instalazio bisitatu dituzte, tartean Zabalgarbi, Biscay Eco Aggregates, PepsiCo, Petronor eta Bilboko Portua. Bestalde, DS Awards 2026 sarietan deskarbonizazioaren eta ekonomia zirkularraren arloko hainbat proiektu saritu dituzte. Urapehx, Nawatia, Arteche, Otua, Heidelberg materials, Bayer Hispania, Uniper eta Arcelormittal izan dira sarituak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta