• EKONOMIA
  • %37,5etik %13,6ra murriztu da behin-behinekotasuna Osakidetzan, Jaurlaritzaren arabera

%37,5etik %13,6ra murriztu da behin-behinekotasuna Osakidetzan, Jaurlaritzaren arabera

Alberto Martínez Osasun sailburuak adierazi du "ahalegin handia" egin dutela lanpostuak egonkortzeko. 2026an EPE berri bat zabalduko dutela ere iragarri du

Txagorritxuko ospitalea, Gasteizen | Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
Txagorritxuko ospitalea, Gasteizen | Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
2025eko abenduaren 2a - 16:10

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi du Osakidetzako lantaldearen behin-behinekotasun tasa %37,5etik %13,6ra murriztu dela azken hamar hilabeteetan. Urriaren amaieran bete gabeko 4.452 lanpostu zeuden interinitate egoeran, baina horietatik 2.152 lanposturen ebazpena finkatzear da, eta, hortaz, “laster egonkortuko” direla azaldu du gaur ohar bidez Osasun Sailak.

 

Era berean, nabarmendu du datu horiek agerian uzten dutela Osakidetzak "aurrera egiten jarraitzen duela Europako %8ko helbururantz". Zehaztu duenez, 2021a %55,41eko behin-behinekotasunarekin amaitu zen, 2024an %37,5koa izan zen, eta 2025ean %13,6ra jaitsi da.

Alberto Martínez Osasun sailburuak zehaztu duenez, "funtsezko aurrerapen" hori Osasun Sailak, egonkortze eta ohiko EPE ugarien bidez, enplegua sendotzeko egiten duen ahaleginaren emaitza izan da.

 

Martinezen ustetan, joan den astean Osakidetzak Mahai Sektorialean aurkeztutako egiturazko lantaldea 2.000 pertsonatik gora handitu izanak ere lagunduko du enpleguaren egonkortze horretan. Plantilla handitze hori abenduaren 16an onartuko da Gobernu Kontseiluan. Modu honetara, Osakidetzan 34.602 langile izango dira denera, sailburuaren hitzetan, "Euskadiko enpresa publiko handiena".

Horrekin batera, jakinarazi du 2026an betetzeko zailak diren hainbat lanpostuz osatutako enplegu eskaintza publikoa egingo dutela, premia handiena duten lurralde eta espezialitateko osasun taldeak egonkortzeko asmoz.