• EKONOMIA
  • 48 orduko grebari ekin diote medikuek

48 orduko grebari ekin diote medikuek

Goizean goiz Donostiako ospitalean egin dute manifestazioa, eta auto-ilarak sortu dira. Osakidetzako 9.000 mediku deitu dituzte grebara

Pasa den abenduan, Bilbon eginiko manifestazio bat | Argazkia: Europa Press
Pasa den abenduan, Bilbon eginiko manifestazio bat | Argazkia: Europa Press
2026eko urtarrilaren 14a - 10:19

Estatutu propioa eskatzeko 48 orduko greba abiatu dute gaur Hego Euskal Herriko medikuek. Goizean goiz elkartu dira kaleetan, eta mobilizazioak egin dituzte, SMI EAEko medikuen sindikatuak deituta. Donostian, esaterako, 7:30etik aurrera, Donostia Unibertsitate Ospitalearen eta Onkologikoaren arteko ibilbidean manifestazioa egin dute, eta errepidea oztopatu dute tarte batez, auto-ilarak sortu direlarik.

 

Bilbon, 11:00etan egingo dute elkarretaratzea, Gurutzetako Ospitalearen atarian. Iruñean, aldiz, manifestazioa deitu dute Nafarroako Sendagileen Sindikatuak (SMN) eta elkargo ofizialak 19:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta. Medikurik gabe ez dago medikuntzarik lelopean aterako dira. Gasteizen bihar egingo dute kontzentrazioa, Olagibel osasun zentroan.

Osakidetzan 9.000 mediku inguru daude grebara deituta. Sektoreko sindikatuak Espainiako Osasun Ministerioarekin negoziaketan ari dira azken hilabeteetan estatutu berri bat eratzeko, eta ez dira ados Madrilek proposatutakoarekin. Lan hitzarmen propio bat aldarrikatzen dute medikuek eta ez dute nahi osasun langile guztien hitzarmena batera lantzea.

 

Pasa den abenduan zenbait greba egun egin zituzten medikuek, baina salatu dute ordutik ez dela aurrepausorik eman negoziazioan, eta hori dela eta, erabaki dute beste bi greba egun egitera. Adierazi dute, halaber, egoerak modu berean jarraitzen badu, ez dutela baztertzen greba mugagabea egitea.

Ana Santorcuato Gurutzeta ospitaleko medikuak eta SMI sindikatuko delegatuak adierazi du medikuen kolektiboak estatutu marko propio negoziatu nahi duela, eta urtebete daramatela aldarrikapen hori eskatzen. Argitu duenez, negoziazio mailan medikuen ordezkapena oso urria da (ordezkari bakarra dute), eta bertan hartzen diren erabakiek ez dituzte kontuan hartzen medikuen lanaren ezaugarri zehatzak.