• EKONOMIA
  • Lehen greba eguna deitu du gaur Euskadiko Medikuen Sindikatuak

Lehen greba eguna deitu du gaur Euskadiko Medikuen Sindikatuak

“Lanbidearen berezitasunekin bat datorren Estatutu propioa” aldarrikatzen dute medikuek

Urrian egindako greba | Argazkia: Europa Press
Urrian egindako greba | Argazkia: Europa Press
2025eko abenduaren 9a - 10:30

Gaurtik hasi eta datozen lau egunetan greba egitera deitu du Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME), eta grebarekin bat egingo dute Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako Medikuen Elkargoek.

 

Manifestazio eta kontzentrazioak eguerdiko 12:00etan egingo dira, baina lekuz aldatuko dira egunaren arabera: gaur Bilboko Moyua plazan bilduko dira eta Bizkaia plazara joango dira medikuak, Ledo-Osasun Sailaren eraikinetik pasatuta; bihar Donostian egingo da kontzentrazioa, DUOean; ostegunean Txagorritxuko AUOean egingo da; azkenik, ostiralean, Basurtuko Osasun Zentroan bilduko dira grebalariak.

Greba ez da, ordea, EAE mailakoa: Espainiar Estatuan ere Medikuen Sindikatuek deitutako deialdia da. Izan ere, Estatutu Markoaren lege aurreproiektuaren aurka agertu dira sindikatuak, eta estatutu propio bat exijitzen dute.

 

Aldarrikapenak hainbat eta hainbat dira: Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kendu nahi dute, alegia, asteko 35 orduetatik kanpo egindako lana borondatezkoa izatea; guardiak 17 ordutik gorakoak ez izatea eskatzen dute, lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura kontuan izanik; eta, besteak beste, aldez aurretik erretiroa eskuratzeko aukera izan nahi dute, baita lanbidearen arriskuak kontuan har daitezen ere. Aparteko ordainsariak, irakaskuntza osagarria eta lanbide garapena ere eskatu dituzte.

Arabako Medikuen Elkargoak salatu du agintariek joera dutela “bokazio-premisaren azpian ezkutatzeko egoera prekario eta bidegabe” bat, “bai medikuentzat, bai pazienteentzat”, eta gaineratu du “denbora gehiegi” daramala medikuen sektoreak lan-baldintza horiekin. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak ere azaldu du Osasun Ministerioaren lege-aurreproiektuak “iraganeko zauriak okertu besterik ez dituela egiten”, eta, ondorioz, ezinbestekotzat jo du “Lanbidearen berezitasunekin bat datorren Estatutu propioa mediku profesionalentzat”. Nafarroako Medikuen Sindikatuak (SMN), bestalde, abenduaren 12an (ostiralean) dei egin du grebara, “ordezkatzen gaituen Estatutu medikoaren alde!” egiteko.

Gauzak horrela, ospitaleetan eta anbulatorioetan gutxieneko zerbitzuetan egingo dute lan datozen egunetan.