51 urteko gizon bat hil da gaur goizean Berriobeitiko rokodromo batean lanean ari zela. 10:15 inguruan gertatu da ezbeharra, eta altura batetik erorita zendu da langilea.
Rokodromoa Berriobeitiko industrialdean dago, Rocopolis enpresaren nabe batean, Iruñetik zazpi bat kilometrora. 2003an jarri zuten martxan eta ordutik hainbat egokitzapen eta handitze egin dituzte instalazioetan.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, rokodromora bertaratu dira osasun langileak, baina ezin izan dute langilearen bizitza salbatu. Foruzaingoko agenteak ere bertan izan dira, eta euren kargu geratu da ezbeharraren ikerketa.
Aurten Euskal Herrian lanean ari zela hildako zortzigarren pertsona da, sindikatuen arabera. Atzo hil zen zazpigarrena, piroteknia enpresa batean jazotako leherketa baten ondorioz, Lantaron, Araban.