52 urteko langile bat hil da gaur eguerdian Valtierran (Nafarroa). Abeltzaintzaren hondakinak kudeatzen dituen Lombricultura LVA enpresan jazo da ezbeharra, pala kargatzaile batek kolpea eman dio langileri eta bertan hil da.
SOS Nafarroak 13:00etan jaso du istripuaren abisua, baina iritsi direnerako berandu zen. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, eta bertan autopsia egingo diote. Halaber, Tuterako komisariako foruzainek ikertuko dute istripua.
Aste honetan bertan beste pertsona bat ere hil da lanean ari zela. Arabako Legutio herrian kokatutako Goiain Industrialdean gertatu zen ezbeharra astearte arratsaldean.
Orotara, urtea hasi zenetik hamabost langile hil dira LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, eta hamabi, berriz, ELAren arabera.