Gasteiz inguruan enplegu bila dabilenak aukera paregabea izango du asteazkenean, Empleo Gune ekimenaren 17. edizioan, hain zuzen ere. Europa biltzar jauregian antolatuko den enplegu foroan 90 enpresa eta erakunde baino gehiagok parte hartuko dute, eta kalkuluen arabera 752 enplegu-aukera eskainiko dituzte.
Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, EHUko Arabako campusak eta Lanbidek elkarlanean prestatzen duten egitasmoak helburu du askotariko sektoreetako enplegu aukerak aztertea, enpresek behar dituzten profilak aurki ditzaten, eta enplegua bilatzen ari direnek informazioa eskura dezaten.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, bertan aurkeztuko diren 752 lan aukeretatik %20,5ek unibertsitate gradua eskatzen dute, %36,7 Lanbide Heziketarako dira, eta %5,9k DBH edo Batxilergoa eskatzen dute. Bestalde, jarduerak, tailerrak eta mahai inguruak ere egingo dira.