• EKONOMIA
  • 86 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du Gipuzkoako aldundiak

86 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du Gipuzkoako aldundiak

52 suhiltzaile eta lau psikologorako plazak aterako dituzte, besteak beste. Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratu egin dute

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2025eko azaroaren 19a - 12:13

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak lan eskaintza publiko berri bat onartu du, 86 plazakoa. Izan ere, aldundiak bere zerbitzuak eta langile taldea indartu nahi ditu, eta langile berriak “era progresiboan” sartu.

 

Hautaketa-prozesuetako deialdien epemuga hiru urtekoa izango da, Enplegu Eskaintza Publikoa onartzen denetik hasita, eta lanpostu hauetara aurkezteko aukera izango dute hautagaiek: 52 suhiltzaile, lau psikologo, ingeniari agronomo bat, gizarte-langile bat, bi delineatzaile, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze-lanetako arduradun bat, laborategiko teknikari laguntzaileen bi plaza, instalazioetako teknikari laguntzaile bat, sei zerga-agente, jantokia garbitzeko sei langile, ingurumeneko hiru langile eta lau sukaldari laguntzaile.

Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramailearen esanetan, “foru-erakundea ziklo historikoaren aldaketa batean murgilduta dago”, eta aldaketa hori “80ko hamarkadan  erakundeetan sartu eta abian jarri zituzten langileen erretiroek” zehaztuko dute. "15 urteko epean, plantillaren ia erdiak, 1.000 pertsona inguruk, funtzionario zein kontratatu, erretiroa hartuko du", nabarmendu du.

 

Barne sustapeneko hiru lanpostutarako deialdia egingo dela ere iragarri dute gaur: ekonomialari bat (desgaitasunerako erreserbatua),  Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze lanetako arduradun bat eta ingurumen langile bat.

Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratukon dute

Kazetariek lanpostu horien hizkuntza-eskakizunari buruz galdetu diotenean, Berasaluzek adierazi du eskatzen diren hizkuntza-eskakizunei eutsiko zaiela, baina lanpostuen %34tan eskakizunaren nahitaezko izaera atzeratuko dela. Hizkuntza-eskakizun hori "2027aren amaiera aldera" egiaztatu beharko da, nahiz eta oraindik "data zehatzik ez dugun" eta probak egiten diren unearen araberakoa izango den, adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza-eskakizunak atzeratzea erabaki erabaki zuenetik egin den lehen lan eskaintza publikoa dela gogoratu du Berasaluzek, eta adierazi du enplegu eskaintza publiko honi "berme juridiko handienak" eman nahi zaizkiola.