80 bat pertsonako talde bat, 60 traktore ingururekin A63 autobidera atera da gaur gauean. Ezustean, 02:00etan errepidea bi noranzkoetan blokeatu dute Baiona kanpoaldean, hiriaren iparraldeko 6. irteeraren eta hegoaldeko 5.ren artean.
Pirinio Atlantikoko Prefeturak jakinarazi duenez, goizetik arazo handiak izan dira A63 autobidean eta inguruko errepideetan. Halaber, Prefeturak Biriatuko muga itxi du kamioientzat bi noranzkoetan.
EBk gaur bozkatuko Mercosurreko akordioaren inguruan, eta nekazariek haren aurka egin dute. A63ko ultrak izenpean atera dira laborariak, eta mobilizazioak Frantziako Estatu osoan zehar egin dituzte. Atzo goizean, esaterako, ehun bat traktore sartu ziren Parisen.
Litekeena da gaur Mercosur eta EBren arteko akordioa aurrera ateratzea. Joan den abenduan, EBk ez zuen gehiengorik lortu merkataritza ituna sinatzeko, eta urtarrilera arte atzeratu zuen erabakia. Badirudi orain Europako Batzordeak eginiko eskaintza begi onez ikusten dutela herrialde gehiagok, eta akordioa onartuko dutela. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo iragarri zuen akordioaren kontra egingo duela. Frantzia, Irlanda, Polonia eta Hungaria dira aurka bozkatuko dutenak, baina ez da nahikoa izango akordioa oztopatzeko.