• EKONOMIA
  • Abenduan prezioak %0,2 igo ziren Hego Euskal Herrian

Abenduan prezioak %0,2 igo ziren Hego Euskal Herrian

Urteko inflazioa %2,9koa izan da EAEn eta %2,6koa Nafarroan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 15a - 10:40

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) %0,2ko igoerarekin itxi zuen 2025eko abendua Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetearekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuen arabera. Urtetik urterako datuei erreparatuz gero, inflazioa zertxobait handiagoa izan zen EAEn, %2,9 igo baitziren prezioak, eta Nafarroan, berriz, %2,6.

 

EAEn, 2024ko abenduarekin alderatuta, prezioen igoera handienak etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk multzoan izan ziren, %5,3ko hazkundearekin. Jatetxeetan eta hoteletan izandako igoerak ere nabarmendu dira, %4,6 garestitu baitira prezioak, eta elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan izandakoak, aldiz, %3,9 garestitu dira urtebetean.

Nafarroan, berriz, bestelakoa izan zen taldekako portaera. Urteko hazkunderik handiena edari alkoholdunetan eta tabakoan eman zen (%4,7), nahiz eta antzera igo ziren prezioak etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak multzoaren kasuan (%4,6). Jatetxe eta hoteletako prezioak %3,8 igo dira 2024ko abenduarekin alderatuta.

 

Inflazioaren gorakada orokorra izan arren, EAEn bi multzoetako prezioek egin dute behera: jantziak eta oinetakoak (%1,7 jaitsi dira) eta aisia eta kultura (%0,3 jaitsi dira). Lurraldean prezioak murriztu zituzten talde bakarrak izan ziren. Nafarroan, aldiz, talde guztiek izan dituzte igoerak urtetik urtera.