• EKONOMIA
  • “Inflazioagatik” igotzen dituzte enpresek prezioak: mitoa ala errealitatea?

“Inflazioagatik” igotzen dituzte enpresek prezioak: mitoa ala errealitatea?

Inflazioa ez da kanpoko indar automatiko bat enpresei prezioak igotzera behartzen diena. Enpresek ez diote inflazioari men egiten; enpresek prezioak erabakitzen dituzte

Inflazioa eta merkatu boterea eskutik doaz | Argazkia: iStock
Inflazioa eta merkatu boterea eskutik doaz | Argazkia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Emaus Gizarte fundazioako controller finantzarioa eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko ekonomialaria
2026eko urtarrilaren 9a - 05:30

Azken urteotan azalpen sinple bat nagusitu da prezioen gorakadari justifikazioa emateko, edonon ikusten diren datuekin alderatuta zentzu osoa duena. Hauxe da: “enpresek prezioak igotzen dituzte inflazioa dagoelako”. Argudio hori hainbeste errepikatu da, ezen ia dogma bihurtu baita. Energia garestitzen da, lehengaien prezioak igo egiten dira edo interes tasak handitzen dira, eta esaten zaigu enpresek duten aukera bakarra dela kostu horiek azken kontsumitzaileari jasanaraztea.

 

Azalpena, logikoa eta intuitiboa izan arren, osatu gabea da eta kasu askotan engainagarria. Izan ere, inflazioa ez da kanpoko indar automatiko bat enpresei prezioak igotzera behartzen diena. Enpresek ez diote inflazioari men egiten; enpresek prezioak erabakitzen dituzte. Erabakitze prozesu honetan inflazioaz gain, beste aldagai batzuk sartzen dira jokoan, askotan eztabaida publikoan agertzen ez direnak, hala nola lehen aipatu ditugun enpresa marjinak edo merkatu boterea.

Inflazioa ez da prezioen igoera automatikoa

Lehenik eta behin, oinarrizko bereizketa bat egin behar da. Inflazioa emaitza agregatua da, milaka prezioren portaeraren batez besteko estatistikoa. Ez da kausa zuzena. Inongo enpresak ez du jakinarazpen ofizialik jasotzen prezioak %6 igotzeko, “inflazioa dagoelako”. Enpresa bakoitzak bere produktu edo zerbitzuaren prezioa erabakitzen du kostuen arabera, bai, baina baita eskariaren, lehiaren, eta batez ere, bezeroak galdu gabe prezioak ezartzeko duen gaitasunaren arabera ere, hau da eskariaren elastikotasunaren arabera.

 

Prezioen igoera guztiak kostuen igoeraren ondorio zuzena balira, logikoa litzateke enpresen irabaziak egonkor mantentzea. Hala ere, sektore askotan kontrakoa gertatu da. Hori dela eta, irabaziak kostuak baino azkarrago hazi dira. Horrek behartzen gaitu azalpen sinple batetik harago begiratzera.

Enpresa bakoitzak bere produktu edo zerbitzuaren prezioa erabakitzen du kostuen arabera, bai, baina baita eskariaren, lehiaren, eta batez ere, bezeroak galdu gabe prezioak ezartzeko duen gaitasunaren arabera ere

Normalean enpresa marjina eztabaidatik kanpo geratzen den aldagaia izan ohi da. Baina prezioen ezarpen politiketako eztabaiden erdigunean enpresa marjina dago, ekoizteko kostuaren eta kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioaren arteko aldea. Azken inflazio aldian, bereziki pandemiaren ondoren eta energia krisiaren testuinguruan, sektore askok beren marjinak handitzea lortu dute, hau da, prezioak kostuen igoera erreala baino gehiago igotzea.

Fenomeno hori ez da soilik multinazional handietan gertatu. Euskal ekonomian oso presente dauden sektoreetan ere ikusi da, hala nola banaketa komertzialean, industria azpisektore batzuetan, energian edo kontsumo errepikakorreko zerbitzu batzuetan. Kasu horietan, inflazioak estaldura sozial ezin hobea eskaini du: “dena igotzen ari denean”, edozein prezio-igoera arrazoizkotzat hartzen da eta gutxiago jartzen da zalantzan.

“Dena igotzen ari denean”, edozein prezio-igoera arrazoizkotzat hartzen da eta gutxiago jartzen da zalantzan

Arazoa da fokua askotan kostu laboraletan edo energetikoetan jartzen dela, eta enpresa-marjinen bilakaera alde batera uzten dela. Eta marjinik gabe, ezin da gaur egungo inflazioa ulertu.

Merkatu boterea: nork igo ditzake prezioak eta nork ez

Lehen aipatutako guztiaz gain funtsezko kontzeptu bat kontutan hartu behar da prezioak igotzerakoan: merkatu boterea. Enpresa guztiek ez dute prezioak igotzeko aukera bera. Merkatu oso lehiakorretan, prezioak igotzen dituen enpresak bezeroak galtzen ditu. Merkatu kontzentratuetan, hala nola, oligopolioetan, marka nagusietan edo sarrera oztopo handiak dituzten sektoreetan kontrakoa gertatzen da, eta enpresa liderrek prezioak ezartzen dituzte. Gainerakoek jarraitu egiten dute enpresa lider honen joera.

Euskal Herrian, badira kontzentrazio maila handiko sektoreak, non enpresa gutxi batzuek posizio nagusia duten. Ingurune horietan, prezioa igotzerako garaian, inflazioa ez da hainbeste kausa bat, baizik eta aukera bat. Kontsumitzaileek “dena garestitzen ari dela” onartzen badute, prezioen igoerarekiko erresistentzia txikiagoa da, eta nahikoa botere duten enpresek testuinguru hori aprobetxatzen dute beren marjinak babesteko edo handitzeko.

Euskal Herrian, badira kontzentrazio maila handiko sektoreak, non enpresa gutxi batzuek posizio nagusia duten. Ingurune horietan, prezioa igotzerako garaian, inflazioa ez da hainbeste kausa bat, baizik eta aukera bat

Horri gehitu behar zaio itxaropenaren papera. Kontsumitzaileek, enpresek eta langileek barneratzen dutenean prezioek gora egiten jarraituko dutela, arraste efektua sortzen da. Enpresek etorkizuneko igoerak aurreratzen dituzte, kontsumitzaileek prezio altuagoak onartzen dituzte eta langileek, arrakasta txikiagoarekin, soldatak egokitzen saiatzen dira.

Giro horrek bere burua justifikatzen duen inflazioa sortzen du, non erabakiak ez diren hainbeste berehalako behar ekonomikoengatik hartzen, baizik eta “orain prezioak igotzea tokatzen dela” dioen pertzepzio orokorragatik. Diskurtso sozialak legitimatzen ditu beste testuinguru batean erresistentzia handiagoa sortuko luketen jokabideak.

Eta soldatak? Desoreka nabarmena

Kontrasterik adierazgarriena soldatetan dago. Prezio asko azkar igo diren bitartean, soldaten hazkunde erreala askoz motelagoa izan da. Azken finean langileek erosahalmena galdu dute. Euskal Herrian, nahiz eta negoziazio kolektiboa nahiko sendoa izan, soldata egokitzapenak bizi kostuaren igoeraren atzetik joan dira inflazio igoera aldiko zati handi batean.

Euskal Herrian, nahiz eta negoziazio kolektiboa nahiko sendoa izan, soldata egokitzapenak bizi kostuaren igoeraren atzetik joan dira inflazio igoera aldiko zati handi batean

Horrek ondorio argia du: errentaren birbanaketa lanetik kapitalerantz moldatzen du. Prezioak soldatak baino gehiago igotzen badira eta enpresa marjinak mantendu edo handitu egiten badira, norbait irabazten ari da bidean. Eta ez dira, hain zuzen, errenta ertain edo baxuak dituzten etxeak.

Ondorio ekonomiko eta sozialak

“Enpresek inflazioagatik igotzen dituzte prezioak” dioen mitoa ñabardurarik gabe onartzeak ondorio sakonak ditu. Oinarrizko ondasunen garestitzea normalizatzen du, soldata negoziazio ahalmenari kalte egiten dio eta injustizia ekonomikoaren pertzepzioa elikatzen du. Gainera, sistema ekonomikoarekiko, lehia eta oreka bermatu beharko lituzketen erakundeekiko konfiantza ahultzen du.

Inflazioa ez da soilik fenomeno monetario bat, ezta kostuen arazo hutsa ere. Botere ekonomikoaren fenomenoa ere bada. Enpresek ez dituzte prezioak igotzen inflazioak agintzen dielako, baizik eta igo ditzaketelako, merkatuak aukera ematen dielako eta diskurtso nagusiak justifikatzen duelako.

Inflazioa ez da soilik fenomeno monetario bat, ezta kostuen arazo hutsa ere. Botere ekonomikoaren fenomenoa ere bada

Desberdintasun hori ulertzea ez da ariketa akademikoa. Prezioei, soldatei, irabaziei eta politika publikoei buruzko eztabaida zintzoa izateko baldintza beharrezkoa da. Izan ere, inflazioa indar saihestezin eta abstraktu gisa azaltzen jarraitzen dugun bitartean, egunerokoan zenbat ordaintzen dugun benetan nork erabakitzen duen alde batera uzten jarraituko dugu.