
Hego Euskal Herrian 140.037 langabe zenbatu dira urtarrilean, abenduan baino 2.302 gehiago, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak eta Lanbidek emandako datuen arabera. Lau lurraldeetan hazi da langabe kopurua: Bizkaian (1.148 gehiago), Gipuzkoan (543), Nafarroan (321) eta Araban (290).
Ohikoa izaten da urtarrilean lan merkatuaren moteltzea, eta zerbitzuen sektorean sumatu da batik bat joera hori. 2.482 langabe gehiago zenbatu dira urtarrilean. Eraikuntzan (119 gutxiago), industrian (51 langabe gutxiago) eta lehen sektorean (19 gutxiago) zenbatu dira.
Bestalde, 2024ko urtarrilaren aldean, behera egin du langabe kopuruak 2025eko hilabete berean, Gipuzkoan (-%1,98), Bizkaian (-1,59) eta Araban (-%1,51). Nafarroan, aldiz, zertxobait gora egin du langabezia tasak (%0,04).
Afiliazioetan beherakada handia
2025eko urtarrilean, 13.133 kotizatzaile gutxiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian. Beherakada handia da, Gabonen garaian sortutako lanpostu asko desagertu baitira urtarrilean zehar.
Egun, guztira, 1,3 milioi pertsona daude Gizarte Segurantzan afiliatuta, duela urtebete baino 15.716 langile gehiago.