
Inaugurazio ofiziala uztailaren 2an egingo bada ere, EHUko Uda Ikastaroak (UIK) abian dira harrezkero. Halaber, bihar, besteak beste, Ekonomiaz aldizkariaren hurrengo edizioa aurkeztuko dute Finantza jasangarriak: bidezko trantsiziorako gakoak izeneko ikastaroan.
Hala ere, aurtengo edizioan pisua izango dute, besteak beste, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako ikastaroek zein hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziek. Izan ere, gaur bertan Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza zein Hezkuntza Sailen eta UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioaren arteko hitzarmena izenpetu dute helburu horri heldu asmoz. Bertan izan dira Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Juan Ignacio Pérez Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburua, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa eta Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordea.
Horren baitan, aurten ere Ricardo Echepare konferentzia zikloa egingo da. Hitzaldi zikloaren bigarren edizio honetako protagonista José Antonio Lozano Alonso izango da. Iraileko bigarren hamabostaldian izango da, data oraindik zehazteke badago ere. Lozano Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da EHUn, eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa. Adimen artifizialaren eta datu-zientziaren alorrean ekarpen nabarmenak egin ditu eta 2024ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso zuen.
Udako ikastaroen 44. edizio honetan, denera, 152 ikastaro izango dira iraila amaiera bitarte, baita 14 tailer ere. Donostian izango dira gehienak, baina Bilbon, Gasteizen eta Baionan ere egingo dira, baita Ataun, Auritz-Burguete, Gernika-Lumo, Miñao Gutxia edota Lesakan ere.
Izen emateko epea zabalik da.