• EKONOMIA
  • Hiriburuetako kaleak jendez lepo, Palestinaren aldeko mobilizazioetan

Hiriburuetako kaleak jendez lepo, Palestinaren aldeko mobilizazioetan

Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren aldeko mobilizazioak antolatu dituzte gaurko. Protesta artean hasi da eguna unibertsitateetan. Industrian lanuzteek "eragin handia" izan dutela adierazi dute sindikatuek, eta hiriburuetako kaleetan milaka pertsona elkartu dira eguerdian

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2025eko urriaren 15a - 11:44

Palestinaren aldeko elkartasun eguna antolatu dute gaurko Hego Euskal Herriko bederatzi sindikatuk. ELAk lau orduko lanuzte deialdiak deitu ditu, beste sindikatuek, berriz (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU) hiru orduko etenak egitera deitu dute. Hezkuntzan, bestalde, egun osoko greba egiteko deia zabaldu dute. Hala, goiz-goizetik izan dira mobilizazioak Hego Euskal Herriko leku ugaritan. Palestinako langileei babesa emango zaie, eta erakunde publikoei eskatu Israelekin eta hango konpainiekin merkataritza harremana eteteko.

 

Mobilizazio horietan, hainbat istilu izan dira. Hainbat pikete antolatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako EHUren campusetan. Goizeko bederatzietan, edukiontzi bat erre dute Leioako (Bizkaia) campusean. Hainbat lagun elkartu dira bertan, eta Israel suntsitu. Palestinar erresistentzia aurrera! zioen pankarta erakutsi dute. EHUko Donostiako campusaren kanpoaldea Palestinaren aldeko kartelez beteta esnatu da, baita Gasteizkoa ere. Arabako hiriburuko campusean Ertzaintzak 15 bat pertsona identifikatu ditu. CAFeko Beasaingo lantegian ere bost langile identifikatu dituzte, egoitzaren inguruan Palestinako banderak zintzilikatzeagatik. Iruñean, manifestazioa pasa ondoren, Bayona etorbidea moztu dute zenbait manifestarik edukiontzien bitartez, eta Burger King enpresa seinalatzen ari ziren gazte batzuen aurka oldartu da Espainiako polizia nazionala, nahiz eta azken horiek adierazi duten ez dela atxiloturik izan. 

Industria sektorean, hainbat enpresek lanuzteak egin dituzte, CAFen Irun eta Beasaingo egoitzan, besteak beste. ELAren deialdiarekin bat egiten dutenek, lanuzteak txanden arabera egingo dituzte hurrengo ordutegi hauetan: 03:00etatik 07:00etara, 02:00etatik 06:00etara; 11:00etatik 15:00etara, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Beste sindikatuen deialdiarekin bat eginez gero, hauek dira ordutegiak: gaueko txandan, 03:00etatik 06:00etara, goizekoan, 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko txandan, 19:00etatik 22:00etara.

 

ELAk 11:30ean antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazio nagusiak. Bilbon, PSE-EEren egoitzaren aurrean; Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean; Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean; eta Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean. Beste sindikatuek, aldiz,12:30erako hasi dituzte mobilizazioak: Bilbon, Jesusen Bihotzan; Iruñean, Golemen; Donostian, Bulebarrean; eta Gasteizen, Andra Mari Zurian. Milaka lagun elkartu dira. Jendetza bildu da, esaterako, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan edota Donostiako Bulebarrean.

photo 2025 10 15 13.34.28
Donostiako Bulebarrean jendetza elkartu da | Argazkia: Garazi Etxaniz

"Eragin handia" industrian

ELAk positibotzat jo du hezkuntzako grebaren hasiera eta enpresetako gaueko txandetan izan diren lanuzte partzialak. Miren Zubizarretak sindikatuko hezkuntza arduradunak azpimarratu du protestekin enpresei eta gobernuei exijitzen diela Israelekin dituzten harreman guztiak moztea. EHUk ere adierazi du grebak jarraipen zabala izan duela hiru campusetan, ikasle, irakasle nahiz administrazio langileen aldetik. "Beste behin ere, argi geratu da EHUko komunitatearen elkartasuna Palestinako herriarekin eta bakebideekin", nabarmendu dute ohar bidez.

Industrian, lanuzteek "eragin handia" izan dutela adierazi du ELAk, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian, eta beste sektoreetan eragina "zertxobait txikiagoa" izan dela dio. Lehen datuen arabera, lanuztea garrantzitsua izan da Goierriko enpresa esanguratsu askotan: CAF, Indar, CIE, Hine, Jaso Itsasondo, GKN, STO, besteak beste.

Era berean, Osakidetzan eta Osasunbidean greba eskubidea "urratu" dela salatu du, "Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek inposaturiko abusuzko gutxieneko zerbitzuekin".

Industrian, lanuzteek "eragin handia" izan dutela adierazi du ELAk, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon hitz egin du, eta Euskal Herriko eta Espainiako gobernuei nahiz Europako Batzordeari exijitu die Israelgo estatuarekin dituzten harreman militar, komertzial eta diplomatikoak bertan behera uztea.

LAB sindikatuak ere ontzat jo ditu lanuztearen lehen orduak. Sindikatuak esan du gaurkoa "elkartasun internazionalista ariketa erraldoi bat" izango dela. "Milaka eta milaka langile kalean, lanuzte eta mobilizazio egun arrakastatsuan. Euskal langileok berriro argi utzi dugu, Palestinar herriarekin gaudela".

LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta Hiru sindikatuen arabera, lanuzteek jarraipen handia izan dute. Hauek dira gehiengo edo erabateko lanuztea egin duten hainbat konpainia: Indar, Jaso, Indaux, Hijos Juan de Garay, Natra Zahor, Biele, Torraspapel, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, La Barranquesa, Cementos Lemona, Astigarraga kidline, Sapa, Mendiola, Sammic, Elkar, Acciona, Gestamp, Unilever edota Mendiola.

Hainbat kooperatibetan ere lanuzteak egin dituztela jakinarazi dute sindikatuek, hala nola Ulman, Fagor Automationen, Fagor Ederlanen, Coprecin eta Huhezin.

Gasteizko Mercedesen, Nafarroako Volkswagenen, Sidenorren eta Cinfan ere bat egin dute lanuzteekin, eta fabriketako ekoizpena eten dute.

Mobilizazioak zenbakitan

Pixkanaka-pixkanaka, erakunde eta sindikatuak ari dira manifestazioetan parte hartu duten pertsonen zenbatekoak argitaratzen. LABek dio Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioetan, orotara, 110.000 lagun bildu direla. Iruñeko manifestazioan, esaterako, 15.000 pertsona inguru zenbatu dituzte antolatzaileek.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak esan du irakasleen %42k egin duela greba, kontratuko langileen %45ek, sukaldeko langileen %32k eta garbiketa zerbitzuetako %12k. LAB sindikatuaren arabera, zenbatekoak altuagoak dira Gipuzkoan eta Bizkaian: hezkuntza publikoan lanuztea %60koa izan da, Araban %70ekoa eta Nafarroan zertxobait baxuagoa. Haurreskola Partzuergoan greba deialdiarekin bat egin dute langileen %85ek eta ikastoletan, ordea, %80k. 

LABen arabera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioetan, orotara, 110.000 lagun bildu dira

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Osakidetzan goizeko txandako langileen %5,27k egin dute bat lanuztearekin. Araban %4,8k, Bizkaian %4,92k eta Gipuzkoan %6,18k. Kategoria profesionalen arabera, intzidentzia %3,23koa izan da medikuen artean, %5,08koa erizainen artean eta %7,66koa gainerako langileen artean. Gaueko txandan, berriz, grebaren jarraipena %0,05ekoa izan da

Nafarroako Gobernuak behin-behineko datuak argitaratu ditu jada: foru administrazioko langileen %8,22k, hau da, 1.310 pertsonek egin dute bat grebarekin.

Arratsaldean gehiago

Gaur arratsalderako ere hainbat mobilizazioa deitu dituzte gizarte eragileek. Palestinarekin Elkartasunak deituta, manifestazio bana egingo dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizkoa 17:30ean abiatuko da, Iruñekoa eta Donostiakoa 18:00etan, eta Bilbokoa 18:30ean. Gernika Palestinak, aldiz, kazeroladak deitu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta zenbait herrietan, 19:30ean.