• EKONOMIA
  • Adimen artifizialak lana kenduko al digu? Historiak badu zer esan

Adimen artifizialak lana kenduko al digu? Historiak badu zer esan

Industria Iraultzatik adimen artifizialera, berrikuntza teknologiko bakoitzak lan egiteko modua irauli du

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 19a - 05:30

Milioika pertsonek adimen artifizial (AA) sortzailea erabiltzen dute, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, testuak idazteko, irudiak sortzeko, programatzeko edo informazio andana kudeatzeko. AAren erabilera gizarte osoan egonkortu denetik, bada behin eta berriro errepikatu den galdera bat: AAk lana kenduko al digu? Jende askok galduko al du lanpostua? [ikusi bideoa artikuluaren amaieran]. Aditu askoren aburuz, AAk ez ditu enpleguak guztiz ezabatuko, baizik eta lan egiteko modua eraldatuko du, ahalbidetuko duelako zeregin jakin batzuk automatizatzea eta langileak behartuko dituelako trebetasun berriak barneratzera.

 

Ezin jakin, zehaztasunez, zein enplegu desager daitezkeen, zeintzuek jasango dituzten aldaketa handiak, eta zein lanpostu mantenduko diren bere horretan. Teknologia ez da sekula gai izan lan intelektuala hain azkar egiteko, eta horrek AA aurrekaririk gabeko fenomeno bihurtzen du hein handi batean. Hala ere, historian atzera begiratuz, ikus daiteke ez dela lehen aldia berrikuntza batek lan-merkatua errotik eraldatzeko beldurra pizten duena. Industria Iraultzatik Internet sortu arte, jauzi teknologiko esanguratsu guztiek zenbait ofizio desagerrarazi dituzte; era berean, beste hainbat enplegu berri sortu izan dituzte, eta gizartea, nahi eta nahi ez, aldaketetara egokitu egin —behar izan— da.

Lan-merkatua aldatu zuen lehen iraultza

XVIII. mendearen amaierara arte, gizartearen zati handi batek artisau gisa lan egiten zuen, lantegi txikietan. Eskuak ziren lanerako tresnarik eraginkorrenak. Zapatariek, errementariek, arotzek edo ehuleek eskuz, piezaz pieza, egiten zituzten beren produktuak, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzarekin eta tresna sinpleekin. Produkzioa mantsoa zen, langile bakoitzaren trebetasunaren araberakoa, batik bat.

 

Baina, bat batean, hara non agertzen diren lurrun-makina eta fabrikak. Lan egiteko modua hankaz gora jarri zuten biek ala biek. Mekanizazioari esker, denbora gutxiago behar zen produktu gehiago ekoizteko, eta horrek industriaren hazkundea bultzatu zuen, milaka pertsona hirietara erakartzearekin batera. Artisau-lanbide askok protagonismoa galdu zuten, eta beste enplegu batzuk hartu zuten euren lekua: makinistek, industria-langileek, ingeniariek edo fabrika-ikuskatzaileek, kasu. Alegia, fabrika handien ingurura egin zuen salto lan-merkatuak.

Bideoklub bat irekitzea, argazkiak errebelatzea edo entziklopediak saltzea gero eta arraroagoa zen —edo da— Internetek informaziorako eta entretenimendurako sarbidea aldatu ahala

Eraldaketa horrekiko mesfidatiak zirenak ez ziren gutxi izan. Ingalaterran, artisau batzuek ehundegi mekanikoak suntsitu zituzten, iritzi ziotelako makina haiek beren bizimodua suntsituko zutela. Ludismo izenez ezagutzen den mugimendu hori ez da gaur egun AAk sorrarazten duenarengandik asko urruntzen: teknologia berri bat iristen da, eta urteetan garrantzitsuak zein beharrezkoak ziren hainbat trebetasun alferrikakoak bihurtzen dira, eta horrek beldurra sortzen du. 

Industria Iraultzaren ondoren ere izan ziren hamaika berrikuntza lan-merkatuan. Elektrizitatearen zabalkuntzak fabriketan antolaketa goitik behera aldatu zuen; automobilaren garapenak mekanikarien, muntaketa-kateetako langileen eta garraiolari profesionalen lanbideak indartu zituen, eta kontrara, pisua galdu zuten zalgurdi-gidariek edo ferratzaileek. XX. mendearen hasieran, Henry Fordek muntaketa-katea popularizatu zuen, eta automobilak fabrikatzeko modua ez ezik, lan egiteko modua ere irauli zuen: langile bakoitza ekoizpen-prozesuko zeregin oso zehatz batean espezializatu zen. Beranduxeago, automatizazio industrialak makina gero eta sotisfikatuagoak eraman zituen fabriketara, eta ekoizpen-prozesu askotan eskuz egiten ziren lanak desagertu ziren; ostera, teknikari, mantentze-lanetako espezialista eta ingeniari gehiago behar izan ziren. Beste behin ere, teknologiek lan-merkatua berrantolatu zuten.

Lana digitalizatzen hasi zenean…

XX. mende erdialditik aurrera, batik bat 90ko hamarkadan Interneten zabalkuntzari esker (edo ondorioz), iritsi zen lan-merkatuaren beste eraldaketa handi bat. Ordenagailuei eta sareko konexioari esker, milioika langile tresna digitalak erabiltzen hasi ziren, beren lan egiteko modua guztiz aldatuz. Ordura arte eskuz egiten ziren lan asko automatizatu egin ziren: mekanografia, paperezko dokumentuen artxiboa, kontabilitatearen zati handi bat edo gutun bidezko komunikazioak ordeztu egin ziren, ordenagailuen, kalkulu-orrien eta posta elektronikoen bitartez.

Industria Iraultzan gertatu moduan, enplegu batzuk desagertu ziren, eta beste berri batzuk sortu. Bideoklub bat irekitzea, argazkiak errebelatzea edo entziklopediak saltzea gero arraroagoa zen —edo da— Internetek informaziorako eta entretenimendurako sarbidea aldatu ahala. Aldi berean, gaur egun ohikoak diren lanbideak agertu ziren: web-garatzaileak, merkataritza elektronikoko espezialistak, bilatzaileetako posizionamenduan adituak, sare sozialetako kudeatzaileak, telefono mugikorretarako aplikazioen garatzaileak edo marketin digitaleko profesionalak. Duela bi hamarkada ezin imajina zitekeen horrelako enplegurik existituko zenik, eta gaur egun ohikoa baino ohikoagoak dira.

Marmotaren eguna, berriro ere. Teknologia batek lanbide ezagunak desagerrarazi zituen, beste berri batzuk sortu eta milioika pertsona lan merkatu ezberdin batera egokitzera behartu. Aurreko iraultzen esperientziak, errepikatzen den patroia erakusten du: berrikuntzek ez dute enplegua erabat suntsitzen, baina sakonki eraldatzen dituzte lan egiteko beharrezko trebetasunak eta enpleguen etorkizuna. Adimen artifizalak bide hori jarraituko du? Horra hor galdera. 

Lan intelektualaren txanda

Lurrun-makinak edo Internetek ez bezala, AAk ez ditu soilik prozesu fisiko edo administratiboak automatizatzen. Testuak idazteko, dokumentuak laburtzeko, hizkuntzak itzultzeko, informatika-kodeak sortzeko edo irudiak aztertzeko gai ere bada. Lehen aldiz, teknologia bat bete-betean sartu da orain arte lan intelektualarentzat erreserbatutako zereginetan.

Sektorean ezaguna zen David Autor ekonomialari estatubatuarrak dio teknologia berriek gutxitan ordezkatzen dituztela lanbideak oso-osorik. Horren ordez, ofizio bakoitzaren zeregin zehatz batzuk automatizatzen dituzte, beste zeregin askok oraindik ere irizpide kritikoak, esperientzia edo giza ezagutza exijitzen dituztelako.

Galdera nagusia ez da ea enpleguak desagertuko diren, baizik eta ea lan-merkatua gai izango den aukera berriak sortzeko, AAk enpleguak eraldatzen dituen erritmo berean

Horrek ez du esan nahi AAren eragina txikiagoa izango denik. AAri esker pertsona berak lana askoz ere azkarrago egin badezake, enpresek langile gutxiago beharko dituzte lan jakin batzuk egiteko; beste lanbide batzuek, aldiz, eraldaketa sakona jasan dezakete. Hortaz, galdera nagusia ez da ea enpleguak desagertuko diren, baizik eta ea lan-merkatua gai izango den aukera berriak sortzeko, AAk enpleguak eraldatzen dituen erritmo berean. John Maynard Keynes ekonomialariak duela ia mende bat “langabezia teknologiko” gisa definitu zuen kezka hori.

Euskal Herrian ere eztabaida puri-purian dago. Industria eta zerbitzuek pisu handia dute ekonomian, eta AAren hedapenak eragin zuzena izan(go) du produkzioan, administrazioan, komunikazioan eta, oro har, ekosistema osoan. Erronka ez da teknologia iritsiko den ala ez eztabaidatzea —jada iritsi da—, baizik eta enpresek eta langileek gaitasuna izatea eraldaketa erraldoi berrira egokitzeko. "Eraldatu edo hil".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain