Hain da egia frogatua gerra askoren sorburuan kalkulu oker bat (edo hainbat) leudekeela, ezen alderantzizko gogoeta-bidea ere baliatzen baita historia-lanetan: kausitzea zer kalkulu oker zeuden halako edo bestelako gerra sutu zutenen artean. Beti aurkitzen da zerbait.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Abuztuaren 21ean Iparramerikako bi herrialde handienen artean hasi dena ere, merkataritzakoa bederen, gerra denez, aplika dakioke kalkulu okerren hausnar-bide hori, ulergarriagoa egiteko. Ez baita deblauki ulertzen hain estu elkarlotuta dauden bi ekonomia, tamainaz desberdinak baina oso handiak biak ala biak, eta mila ikuspuntutatik erkide diren bi herrialde, tenore horretan aurkitzea, ia bat-batean. Ia. Ez delako ezustean etorri gerra hori.
Atzera begira jarrita, oraingoaren lehen aurrekarietako bat (eta kalkulu oker frogatua jada) izango litzateke 2018ko martxoko hura. Altzairuari eta aluminioari, hurrenez hurren, %25 eta %10eko muga-zerga orokorra ezartzeko erabakia plazaratzean, orduan ere AEBetako presidentea zen Donald Trumpek bota zuenean “Herrialde batek [hots, Estatu Batuek] milaka milioi dolar galtzen dituenean merkataritzan, negozioak egiten dituen herrialde bakoitzarekin kasik, merkataritza-gerrak onak dira, eta erraz irabaz daitezke”.
Atzera begira jarrita, oraingoaren lehen aurrekarietako bat (eta kalkulu oker frogatua jada) izango litzateke 2018ko martxoko hura
Orduan aditu asko saiatu ziren Trump (eta haren ingurumarikoak) konbentzitzen arrazoibidearen lehen osagaia –merkataritza-gerrak onuragarriak zirela– okerra zela. Asko edo gutxi, batzuk besteak baino gehiago, lehian ziren guztiak kaltetu ohi zituztela halakoek. Adibide historiko asko zeudela. Merkataritza-balantzeen parekotasuna ez zela, berez, desiragarria ez usaiakoa.
Alferrik. Peter Navarro bezalako “adituen” aburua hobetsi zuen Trump I administrazioak munduko beste ekonomia nagusiekin merkataritza-gerratxo batean murgiltzeko. Ez zen argi esaten, hala ere, benetan kolpatu nahi zirenak lehiakide/bazkide komertzial nagusi horietako bi, Txina eta Europar Batasuna, zirela. Haiekiko merkataritza-defizita zelako MAGA mugimenduari asaldagarria egiten zitzaiona.
Donald Trump (2018an): “Herrialde batek [hots, Estatu Batuek] milaka milioi dolar galtzen dituenean merkataritzan, negozioak egiten dituen herrialde bakoitzarekin kasik, merkataritza-gerrak onak dira, eta erraz irabaz daitezke”
Arrazoibidearen bigarren osagaia –merkataritza gerrak irabaztea erraza zela– izan zen, ordea, okertasuna berehala salatu zuena. Trump I.aren muga-zergen bi kaltetu nagusiek, Europar Batasunak eta Txinak, eratsu erantzun zioten erasoari, gisako kontra-neurriak abian jarriz, aldi berean negoziazioari orekaz ekin ahal izateko. Gatazka-aldi haren akabua izan zen 2020ko urtarrilaren erdian Etxe Zurian Trump berak eta Liu He, txinatar arduradun ekonomiko gorenak, irribarretsu, sinatu zuten Merkataritza-akordioaren lehen fasea, muga-zergen gerran su-etena berresten zuena. Garailerik gabe, bistan zenez.
Astebete geroago, COVID-19aren pandemia hasi zen, urtebete pasaz mundu osoa hankaz gora jarri eta luzaroko ondorio sozial, politiko eta ekonomikoak ereingo zituena. Txertoek normaltasun moduko zerbait erakarri zuten arte bederen. Bitartean, Trumpek hauteskundeak galdu zituen eta ondorengo lau urteetan Biden administrazioak haren herentzia nola edo hala kudeatzeko ahalegina egin zuen atzerapausorik eman gabe baina aurrera egiteko grinarik ere erakutsi gabe. Galtzaile ez izatea zen kontua, eta lehen fasearen ondoren ez zen bigarrenik etorri. Justin Trudeauren Kanada ez zen, inondik ere, buruhauste iturri. Alderantziz.
Horrela zeuden gauzak Trumpek bigarren aldiz agintea eskuratu zuenean. Esan dezakegu egun horretan erein zela Kanadarekiko gerra ekonomikoaren lehen hazia. Iazko apirilaren 2an Liberation Day iragarri eta mundu osoari aurrekaririk gabeko muga-zergak ezarri baino lehen ere indarrean jarri zituen Trump administrazioak (berriro) altzairuaren eta aluminioaren muga-zergak, baita beren-beregi Txina, Mexiko eta Kanadari zuzendutako beste batzuk ere, gehi orokorrean inportazioko auto eta auto-parteei ezarriak. Argi zegoen lehen agintaldiko apustua berrestera eta orokortzera zetorrela administrazio errepublikanoa. Baina lehentasuna amerikar kontinentean ezarriz orain.
Biden administrazioak Trumpen herentzia nola edo hala kudeatzeko ahalegina egin zuen atzerapausorik eman gabe baina aurrera egiteko grinarik ere erakutsi gabe
Halabeharrez, une bertsuan, aldaketa bat jazo zen Kanadako gobernu federalean ere: Mark Carney, eskarmentu handiko baina ospe apaleko finantza-arduraduna bihurtu zen Justin Trudeau higatuaren ordezko, Alderdi Liberalaren burutzan lehenik, eta lehen ministro legez ondoren. Zer suertatuko zitzaion, eta zer egin zezakeen, ondo samar ikasita zetorren, geroztik ikusi denez. Trumpek bigarren agintaldi honetan darabilen Kanadarekiko jazarpenak bere neurriko zapata aurkitu du harengan: serioa, zuhurra, espantu gabea; baina gogorra. Trumpen ifrentzua eta nemesia.
2020tik gaurdainoko aldaketak, edonola ere, ez dira soilik, ezta nagusiki ere, protagonista-zerrendan hautematen direnak. Estrategiak landu, doitu egin dira bitartean, eta sorpresa-faktorea erabat iraungita dago orain. Ez da hutsala gerra-kontuez ari garenean. Agerian geratu zen hori Txinaren aurkako neurriak ezarri orduko, haren kontra-neurrien kaltegarritasuna nabarmendu zenean, alegia, ordura arte ahapeka baino aipatzen ez ziren mineral estrategikoak mahai gainera etorri zirenean. Antzera gertatu zen Lularen Brasilekin: Estatu Batuek merkataritza-superabita izan arren, herra politikoagatik, muga-zergen pean geratu zen eta neurri parekideak ezarri zituen. TACO gaitzizen mingarria hasi zen entzuten.
Estatu Batuetako Auzitegi Gorena izan zen, halaz eta guztiz, merkataritza-gerrak irabazpide izatearen ipuinari akabua eman ziona, muga-zerga orokortuak ezartzeko Trump administrazioak erabilitako arrazoibide juridikoa ezetsi zuenean aurtengo otsailean. Eta ordura arte kontzeptu horretan bildutako dirutzatik 160.000 milioi baino gehiago berreskuratzeko ataka zabaldu zienean milaka enpresa estatubatuarri.
Ez dago argi zenbateko diru-sarrera gehitua izan duen diru-kutxa federalak zerga aplikatuz zeraman aldian, baina argi dago ez direla izan Liberation Dayan iragarri ziren “bilioika eta bilioika dolar, gure zor publikoa biziro murriztuko duten” haiek: AEBen zor publikoak 40 bilioiko muga gainditu berri du arestian. Eta “etxera itzuli behar zuten enplegu ugariek” ikuskizun jarraitzen dute.
Ez dago argi zenbateko diru-sarrera gehitua izan duen diru-kutxa federalak zerga aplikatuz zeraman aldian, baina argi dago ez direla izan Liberation Dayan iragarri ziren “bilioika eta bilioika dolar, gure zor publikoa biziro murriztuko duten” haiek
Hala ere, Auzitegi Gorenaren epaiaren ondotik, erabilitako arrazoibidea mudatu besterik ez du egin Trump administrazioak Kanadako automobilgintzari, makinagintzari edo nekazaritza-produktuei muga-zerga latzak ezartzeko deliberoan: “atzerriko herrialde batek Estatu Batuetako merkataritzarekiko duen diskriminazioaren edo ezarpen desorekatuaren zama edo desabantaila konpentsatzeko” da orain. Trumpen eskumenekoa omen delako hartara.
Beste herrialde guztiek bezala, negoziazio etengabea mantendu du Kanadako gobernuak Trump administrazioarekin, urte eta erdi honetako gorabehera guztiak jazotzen ziren bitartean. Ez baita huskeria auziaren edukia: “Estatu Batuen eta Kanadaren arteko aldebiko merkataritza munduko harreman ekonomiko sendo eta dinamikoenetako bat da, bi herrialdeentzako funtsezko onurak sortzen dituena, ondasun eta zerbitzuen trukea errazten, berrikuntza bultzatzen eta merkatuak indartzen dituena” dio oraintxe bertan eskueran dagoen vademecum batek.
680.000 milioi dolar estatubatuar inguru mugitzen ditu urtean bi herrialdeen arteko merkataritzak. Estatu Batuen bigarren tratu-kidea da Kanada, Mexikoren ondotik eta Txinaren aurretik. Kanadar esportazioak Estatu Batuetarantz (405.000 milioi dolar estatubatuar 2023an), inportazioak (255.000 milioi) baino dezente handiagoak dira; baina energia-esportazioak aintzat hartzen ez badira, alderantzikatu egiten da balantzea. Horrek jartzen du bere testuinguru makroan bien arteko gerra ekonomikoa. Kalkulu arruntenak aditzera ematen du aukera garestiegia izan behar lukeela halako zerbaitek. Baina hala ere...
Joan den astean, akordioa egitear zela zirudien, edo behintzat hala iragarri zuen Trumpek berak: azken ukituen faltan, berak zioenez. Ukituak baino zerbait gehiago faltako ziren, ostiralean negoziazioak eten eta “gerra-egoera” iragarri baitzuen solemnitate osoz Carneyk hedabideetan eta, jarraian, parlamentuan. Bestalde, Washingtonek berehala argitaratu zuen zergapetzen zituen produktu kanadarren zerrenda –500 bat–, 20.000 milioi dolar metatzeraino. Asteartean etorriko zen kanadarren ordaintza, “dolarrez dolarrekoa” Carneyren hitzetan. Sutu da gerra.
Kanadar esportazioak Estatu Batuetarantz (405 mila milioi dolar estatubatuar 2023an), inportazioak (255 mila milioi) baino dezente handiagoak dira; baina energia-esportazioak aintzat hartzen ez badira, alderantzikatu egiten da balantzea
Goreneraino eramanda zeuden espektatibak horren supituan zapuztu izanaren errua aurkariari esleitzea dute funtsezko eginbeharra protagonistek lehen une honetan, ohikoa denez. Eta horretan eman dituzte gogotik orduak alde biek. Ez dut uste aparteko interesik duenik ika-mika horrek guretzat. Interesgarriagoa deritzot, agian, alde bakoitzaren sakoneko kalkuluak igartzen saiatzea, biharko egunean historialariek egin beharko duten lana aurreratuz.
Horretan jarrita, susma liteke negoziatzaile estatubatuarrek, Jamieson Greerek beren-beregi, uste zutela kanadarrek akordioa, okerrena ere, ontzat ematea beste erremediorik ez zutela izango, arriskutsuegia zatekeelako kontrakoa. Eta horrexegatik, ez direla batere saiatu erraz samarrak ziren adostasunerako koskak ere berdintzen. A posteriori ezagutu den hizkuntza-gatazka (Kanadaren elebitasunak xedatzen dituenak estatubatuar ikus-entzunezko produktuei ere aplikatzea) izan zitekeen horietako bat.
Aitzitik, badirudi kanadarrek lehen egunetik igarri zutela horixe izango zela estatubatuarren estrategia eta... Sun Tzuk agindu bezala, okerrenerako prestatu zirela hoberena bilatzen ahalegindu arren. Aurreikusten zutelako Greeren azken eskaintza beren marra gorrietatik kanpo geratuko zela. Marra gorri estuak zituelako Carneyk politikoki etxe barruan: oposizioaren laguntasun baldintzatua bazuen negoziazio-mahaian gogor egiteko (Ontarioko Doug Forden kasua, eredugarria izan gabe, adierazkorra da), utzikeriarik txikiena ere larrutik ordainaraziko zioten hautestontzietan; Quebeceko auziak, bestalde, tentu berezia eskatzen zuen; liberalen politika berdeek eta migrazioei buruzkoek gero eta harrera ezkorragoa aurkitzen dute…
Azkenean, egutegiak izan dira bultzagile indartsuak. Baina tenore kontrajarrietan. CNNko S. Collisonek “merkataritza-akordio desorekatu bat” (mmm…, zer gogorarazten dit esamolde horrek?) deitu duen zerbait lortu nahi izan du arrapaladan Trumpek, Irango gerra inoiz baino gaiztotuago duela bigarren aldiz Xi Jinpingekin hilabete barru aurrez aurre eseri behar duenean, eta azaroko hauteskundeen panorama iluntzen ari zaionean. Aurrean, urrian Albertan erreferendum-saila eta Quebecen hauteskundeak dituztenekin topo egin du. Batek bestearen jokaldia nahiko zuzen kalkulatu du, baina alderantziz ez da halakorik gertatu.
Jokoa ez denez errenta, gerra horretan zeinek zer galtzen duen ikusi behar da orain.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta