• EKONOMIA
  • AEBetako begirada protekzionistak baldintzatutako hazkunde ekonomikoa

AEBetako begirada protekzionistak baldintzatutako hazkunde ekonomikoa

Laboral Kutxaren arabera, Hego Euskal Herriko BPGa %2 haziko da aurten. Muga-zergen mehatxuak eragindako ziurgabetasunak inbertsioak motelduko dituela ohartarazi du Joseba Madariagak

Urgoiti eta Madariaga, atzo, Bilbon, azterlana aurkeztu aurretik | Argazkia: Laboral Kutxa
Urgoiti eta Madariaga, atzo, Bilbon, azterlana aurkeztu aurretik | Argazkia: Laboral Kutxa
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko uztailaren 2a

Astebete eskas falta da AEBk eta Europak muga-zergen gainean negoziatzeko epea amaitzeko. Uztailaren 9an jarri zuen epemuga Trumpek eta oraingoz ez dute akordiorik lortu. Laboral Kutxaren arabera, Trumpen gobernuak Europako produktuei ezarriko dizkien muga-zergak 0,13 eta 0,89 puntu bitarteko murrizketa eragin dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko BPGan.

 

Finantza-erakundearen ikerketa departamentuak, merkataritza gerrak gure ekonomian izan dezakeen inpaktua aztertu du. Hiru hipotesi plazaratu ditu: AEBk %10eko muga zergak ezartzea, agertoki baikorrena litzatekeena, %20koak ezartzea edota muturreko kasu bat, %50ko muga-zergak. Horrekin batera, pass through aldagaia ere aintzat hartu du, hots, muga-zerga osoaren zenbatekoa barne hartzen (xurgatzen) duen erosleak (AEBetako enpresak). Izan ere, Joseba Madariaga ikerketa departamentuko arduradunaren hitzetan, baliteke euskal enpresek, muga-zergen aurrean eskaria ez murrizteko, euren prezioak jaistea, marjina galduz, eta modu horretara, muga-zergen inpaktua leuntzea.

Bada, AEBeko enpresa batek muga-zerga osoa xurgatuz gero, eta Trump-ek %50eko muga zergak jarriko balitu (hipotesi ezkorrena), 870 milioi euroko inpaktu negatiboa izango luke EAEko ekonomian, eta BPGa BPGa 0,89 puntu murriztuko litzateke. Kasurik positiboenean, AEBeko enpresak muga-zerga osoa ordez, %70 xurgatuta (gainerako %30 euskal enpresak prezioa murriztuta orekatuko lukeelako) eta muga-zerga %10ekoa izanda, inpaktua 122 milioi eurokoa izango litzateke, eta BPGa 0,13 puntu txikitu.

 

Joseba Madariaga (Laboral Kutxa): “Muga-zergek euskal ekonomian zer eragin izango duten aztertzea garrantzitsua da, baina ikusi behar dugu inguruko merkatuetan ere zein mailako inpaktua izango duten. Horren arabera, jakingo dugu ere gure ekonomia nola dagoen”

Madariagaren arabera, baina, muga-zerga horiek BPGan sor dezaketen inpaktua baino kezkagarriagoa da gaur-gaurkoz eragiten duten ziurgabetasuna, izan ere, enpresen inbertsioak “moteltzen” ari dira. Halaber, ikerketa arduradunak gogoratu zuen euskal ekonomian izan dezakeen inpaktuaz gain, “bizilagunei” ere begiratu behar zaiela. “Euskal ekonomian zer eragin izango duten aztertzea garrantzitsua da, baina ikusi behar dugu inguruko merkatuetan ere zein mailako inpaktua izango duten. Horren arabera, jakingo dugu ere gure ekonomia nola dagoen”.

Erosketak, muga-zergak iritsi aurretik

Madariagaren batera, Ibon Urgoiti finantza erakundeko negozio garapeneko 2024ko datu ekonomikoen errepasoa eta datorrenari begirako aurreikuspenak azaldu zituen atzo Bilbon. Nabarmendu zuen, besteak beste, Hego Euskal Herrian esportazioek urteko lehen hiruhilekoan izandako gorakada. Horren erakusle EAEko PBGa %0,6 hazi da epe berean. “Muga-zergak ezarri aurretik, enpresek erosketa handiagoak egin dituzte, eta horrek eragin du esportazioen gorakada. Stock-a areagotuko zaie”, azaldu du Madariagak.

Lehen hiruhilekoko gorakadaren ostean, Laboral kutxako adituek uste dute beherakada izango dela hurrengo hilabeteetan. Madariagaren hitzetan, “susto” bat etor liteke, baina ez da “larria” izango.

2024ko datuak

2024ko egoera ekonomikoari dagokionez, “ekonomia nagusien portaeran egon den desoreka” azpimarratu zuen Urgoitik. AEBeko ekonomia hazi zen indartsuen (%2,8) iaz eta lan merkatu “sendoa” izaten jarraitzen du. Eurogunean hazkundea, aldiz, nabarmen txikiagoa izan da (%0,8).

EAEn Barne Produktu Gordinak %2,2 egin du gora, Nafarroan, berriz, %2,7. Enpleguari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,8 txikitu da, Nafarroan, aldiz, %4,6 handitu. Langabezia tasa %8,1ekoa izan da EAEn eta %7,6koa Nafarroan. Azkenik, prezioen urte arteko batez besteko hazkunde tasa, inflazioa, alegia, %3,6koa izan zen EAEn eta %2,7 Nafarroan.

Hego Euskal Herriko ekonomiak hazten jarraituko du

Laboral Kutxaren ikerketa sailak aurreikusten du Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina %2 handitzea 2025ean, “goranzko berrikuspen arin bat” egin dute, Urgoitiren hitzetan. 2026rako EAEko BPGa %1,7 handituko dela uste dute eta Nafarroakoa %1,8.

Enpleguari dagokionez, Nafarroan %1,4 haziko da, bai aurten, bain 2026an. EAEn, berriz, aurten enplegua %1,5 haziko da, %1,3 2026an. Horrekin batera, inflazioa EBZk ezarritako %2aren inguru-marian espero du finantza erakundeak. EAEn %2,1ekoa izango da aurten, eta %1,9koa 2026an. Nafarroan, %2koa aurten eta %2,1 2026an.

Langabezia-tasa %7,1koa izango da aurten Euskal Autonomia Erkidegoan eta %7tik jaitsiko da 2026an (%6,9). Nafarroan %7,3an kokatuko da 2025an eta %7an 2026ean.

Ibon Urgoiti (Laboral Kutxa): "Muga-zergez gain, Trumpen negoziazio-modu berezia ere aintzat hartu behar da, haren atzera-aurrerekin”

Aurreikuspenak aurreikuspen, Laboral Kutxak ohartarazi du “AEBetako begirada protekzionistak” baldintzatuko duela etorkizuneko bilakaera ekonomikoa. Muga-zergez gain, Trumpen “negoziazio-modu berezia" ere aintzat hartu behar dela azaldu du Urgoitik, “haren atzera-aurrerekin”.

Munduko ekonomiaren egoera “ahul samarra” dela dio finantza erakundeak, baina Hego Euskal Herria “hazkunde-posizioan” aurkitzen da, “merkatu sendo samarrarekin”. Madariagak gehitu du industria sektoreak ahul jarraitzen duela, eta zerbitzuen sektorearen indarrak ahalbidetzen duela ekonomiaren hazkundea.