Langabeziak gora egin du uztailean Hego Euskal Herrian, nahiz eta afiliazioak inoizko mailarik handienari eusten dion. Zehazki, ekainean baino 1.912 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta iazko uztailean baino 902 gehiago. Era berean, Gizarte Segurantzak 2.316 afiliatu galdu ditu azken hilabetean, iazko uztailean baino 26.588 afiliatu gehiago dauden arren.
Gauzak horrela, LAB sindikatuak adierazi du afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak “sistemaren narriadura” erakusten dutela. Sindikatuak salatu du “egiturazko arazoek jarraitzen” dutela, eta “irtenbide errealik” ez dela eman nahi.
“Ekainetik hona, zerbitzu sektorean igo da langabezia bereziki. Izan ere, nahiz eta ostalaritzan jaitsi den, hezkuntzan jarduten duten garbitzaile eta sukaldarien ondorioz handitu da kopurua. Funtsean, langile hauek aldizkako finkoen kontratuak dituzte, eta beraz, orain joaten dira langabeziara, kontratu finko hauen iruzurra agerian utziz”, adierazi du ohar bidez.
Sindikatuaren aburuz, ez da kasualitatea azken urtean sortutako afiliazioaren %82 baino gehiago zerbitzuetan izatea. Izan ere, bere hitzetan, sektore horretan izaten dira “baldintza kaskarrenak”.
“Gaur egun, langabezia datuek ez digute ematen informazio nahikoa jakiteko zer ari den gertatzen lan harremanetan. Prekarizazioa hain handia da, enplegua izateak ez duela pobreziatik ateratzea eta bizitza duina bermatzen. Eta horrexegatik behin eta berriz azpimarratu dugu 1.500 euro azpiko soldatak dituzten sektoreek ez dutela bizitza duina izan ahal izatea bermatzen”, gehitu du LABek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta