2025ean fakturazioa %1,67 jaitsi zen mekanizazioaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektorean, gaur AFM klusterrak jakinarazi duenaren arabera. Azpisektoreak aztertuta ikus daiteke beherakada are nabariagoa izan zela galdaragintzan eta deformazioan: %4,35 beheratu zen fakturazioa; kontrara, nahiko egonkor mantendu zen mekanizazioaren azpisektorea, %0,25eko beherakadarekin.
Klusterrak azaldu duenez, esportazioek %9,97ko jaitsiera “esanguratsua” izan zuten pasa den urtean; kolpea are nabariagoa izan zen, aurreko urtean (2024) kanpoko merkatuetan markak hautsi zirela kontuan hartuta. Horrek eragin zuzena du sektorearen fakturazioan; izan ere, esportazioak garrantzitsuak dira sektorearentzat, irabazien ia laurdena baitakarte. Gehien bat Frantziara (%28,17) esportatzen du sektoreak, baita Alemaniara (%15,73) eta AEBetara (%9,07) ere.
Hala ere, bezero zorroari dagokionez sektoreak “dibertsifikazio nabarmena” duela nabarmendu dute klusterretik, makina-erremintaren eraikuntzan, aeronautikan, energia-sorkuntzan zein automobilgintzan jarduten baitute, besteak beste. Espainiako Estatuan egindako esportazioek ere %1,44ko gorakada izan dute urtebetean, nazioarteko esportazioen kontrako joera erakutsita.
Azken ekitaldiko datuak eskaintzeaz harago, klusterreko presidente Fernando Gastaldok azpimarratu du fakturazioan beherakada izanagatik sektoreak “lan-karga handiari eutsi” diola, eta merkatu nazionalaren “portaera hobean” jarri du fokua. Esportazioei dagokienez ere nabarmendu du enpresek “posizio lehiakorra” dutela “merkatu zorrotzetan”. Azkenik, gogorarazi du haien bezeroen sektoreen portaerak oraindik ere asko baldintzatzen duela mekanizazioaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektorearen bilakaera. “Sektore batzuk ziurgabetasun handiko uneak bizi dituzte, eta beste batzuk dinamismo esanguratsua izaten ari dira; dualtasun horrek azaltzen du sektorearen fakturazio agregatuaren portaera”, gaineratu du presidenteak.