Joseba Aiz Nievesek Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzako Gradua egin du EHUn. Bere Gradu Amaierako Lanarekin (GAL), Desindustrialización en Aiaraldea: ¿Qué empresas resisten y qué las hace resilientes?, EHUren aitortza jaso du. Ikerketan, Aiaraldeko desindustrializazioaren arrazoiak eta enpresen erresilientzian eragiten duten faktoreak aztertu ditu, berrikuntza, balio erantsi handiko produktuak, nazioartekotzea eta merkatuaren aldaketetara egokitzeko gaitasuna, besteak beste, landuz.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zergatik erabaki zenuen Aiaraldeko desindustrializazioa ikertzea?
Ikerketa hau Aiaraldean bizi garenok aspalditik geure buruari egiten genion galdera bati erantzuteko sortu zen: zer gertatzen ari da gure industriarekin? Enpresa batzuk ixten ari zirela ikusten genuen, beste batzuek, berriz, aurrera egitea eta haztea lortzen zuten bitartean. Horren atzean zer zegoen ulertu nahi genuen. Gainera, lan honek motibazio pertsonala ere badu, nire aita eskualdeko enpresa baten, Glavista enpresaren, itxierak kaltetutako langileetako bat izan baitzen; beraz, egoera guzti hori ikusita, beharrezkoa iruditu zitzaidan ikertzea ea benetan desindustrializazio-prozesu baten aurrean geunden eta zeintzuk ziren horren arrazoiak.
Eskualdea ezagutzen ez dutenentzat, nola deskribatuko zenuke industriak historikoki Aiaraldean izan duen garrantzia?
Aiaraldea Arabako eta EAEko industria-motor nagusietako bat izan da historikoki. 1980ko hamarkadako industria-birmoldaketaren aurretik, eskualdea industria astunean nabarmendu zen bereziki, eta horrek milaka lanpostu sortu zituen. Adibidez, Aceros de Llodio eta Vidrierías de Llodio enpresek 3.000 lanpostu baino gehiago sortu zituzten bien artean.
Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo bezalako udalerriek industriaren inguruan eraiki dute beren jarduera ekonomikoaren zati handi bat. Jarduera horrek ez zuen zuzeneko enplegua bakarrik sortzen, merkataritza eta tokiko ekonomia osoa ere bultzatzen zituen. Eskualdea asko aldatu den arren, oraindik ere enpresa oso indartsuak ditugu, eta industriak funtsezko motor ekonomikoa izaten jarraitzen du.

Zeintzuk izan dira, zure ustez, haranak jasan duen desindustrializazioaren arrazoi nagusiak?
Emaitzek erakusten dute azalpen nagusia enpresen erabaki estrategikoetan dagoela. Hiru faktore identifikatu ditut, enpresa batzuek beste batzuek baino hobeto zergatik eusten dioten azaltzen laguntzen dutenak:
Lehenik eta behin, eskaintzen dituzten produktuen balioa dago. Produktu bereziak, teknologia aurreratua dutenak eta ordezkatzen zailak direnak egiten dituzten enpresek abantaila handiagoa dute merkatuan lehiatzeko. Horren adibide dira Tubacex eta Tubos Reunidos. Lehenengoak balio erantsi handiagoko produktu espezializatuak eskaintzen ditu; Tubos Reunidosek, aldiz, produktu estandarizatuagoak eta balio erantsi txikiagokoak ekoizten ditu.
Bigarrenik, herrialde desberdinetan jardutea eta ekoiztea garrantzitsua da. Izan ere, hainbat herrialdetan lantegiak dituzten enpresek aukera gehiago dituzte merkataritza-arazoei edo egoera politiko eta ekonomikoko aldaketei aurre egiteko. Tubos Reunidosen kasua horren adibide da: AEBetako muga-zergek eragin handia izan dute enpresan, bere produktuen zati handi bat Estatu Batuetan saltzen baitzuen, baina herrialde horretan ekoizteko lantegirik izan gabe.
Azkenik, enpresaren jabetzak eta zuzendaritzak lurraldearekin duten lotura ere kontuan hartu behar dira. Guardianen eta Glavista enpresen kasuek erakutsi dute atzerriko inbertsoreek, batzuetan, etekin ekonomikoa lortzea lehenesten dutela, erabakiek tokiko enpleguan eta ekonomian izan dezaketen eragina kontuan hartu gabe. Enpresaren jabeak eta zuzendaritzak eskualdearekin lotura estua dutenean, ordea, epe luzera begirako konpromiso handiagoa egon daiteke, bai langileekin, bai inguruko industria-sarearekin.
Zer ondorio izan ditu prozesu honek ekonomiaren, enpleguaren eta, oro har, biztanleen bizitzaren gainean?
Bost urte baino gutxiagoan, gutxi gorabehera 500 lanpostu suntsitu dira egiturazkoak ez diren arrazoiengatik, batez ere Glavista eta Guardian enpresen itxieren ondorioz. 500 familia inguruz ari gara. Lanpostu horien galerak enpresetatik harago doazen ondorioak ditu. Familia batek diru-sarrerak galtzen dituenean, kontsumoa murrizten du, eta horrek eragin zuzena du tokiko ekonomian. Adibidez, eskualdeko merkataritzak eta ostalaritzak eragina nabaritu dute, izan ere, jatetxeetara edo dendetara joaten ziren langileen kontsumoa murriztu egin da. Gainera, familia batzuek hilabete amaierara iristeko zailtasunak izan dituzte, eta pertsona askok oztopo handiagoak dituzte lan-merkatura itzultzeko, adinagatik. Eragin ekonomikoaz gain, kontuan hartu behar dira itxiera horiek pertsona askorengan eragin dituzten ondorio psikologikoak ere.
"Gradu Amaierako Lana hasi aurretik, ez nekien eskualdean burtsan kotizatzen zuten hiru enpresa genituenik: Tubacex, Tubos Reunidos eta Vidrala"
Zure proposamenetako bat tokiko industriaren irudia hobetzea eta talentu gaztea erakartzea da. Zergatik uste duzu dela beharrezkoa?
Uste dut talentu gaztea erakartzeko eta mantentzeko premia handia dagoela. Izan ere, gaur egun gure industriako langileen batez besteko adina nahiko altua da, eta, aldi berean, zailtasun handiak ditugu belaunaldi berriak erakartzeko. Ikasle naizen aldetik, nik ere ikusten dut gazte askok hiri handietan edo beste herrialde batzuetan bilatzen ditugula lan-aukerak, aukera profesional onenak han daudela pentsatzen dugulako. Hala ere, Aiaraldean enpresa oso indartsuak eta askotan ezagutzen ez ditugun lan-aukerak ditugu. Izan ere, Gradu Amaierako Lana hasi aurretik, ez nekien eskualdean burtsan kotizatzen zuten hiru enpresa genituenik: Tubacex, Tubos Reunidos eta Vidrala. Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza ikasi duen pertsona batek ere errealitate hori ezagutzen ez badu, argi dago gizartearen eta gure industria-sarearen artean deskonexioa dagoela. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait eskualdeko enpresei ikusgarritasuna ematea, azokak antolatzea, dibulgazio-kanpainak garatzea eta hemen dauden lan-aukerak balioan jartzea.
Garraioa eta beste udalerri batzuekiko konexioak bezalako alderdiak hobetzea ere beharrezkoa da. Nik neuk garraio publikoa erabiltzen dut Bilbon ikastera edo lan egitera joateko, eta uste dut mugikortasun-arazoek hemen bizi garen pertsonak zein kanpotik etor litezkeenak desanimatu ditzaketela. Kontua ez da soilik talentua erakartzea, baizik eta gazteek hemen geratu eta beren etorkizun profesionala garatu nahi izatea lortzea ere.
Aipatutakoaz gain, zer neurri dira premiazkoenak Aiaraldeak industria-pisua galtzen jarrai ez dezan?
Uste dut lehenik eta behin inbertsiorako ekosistema egokia sortu behar dugula. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zait eskualdearen irudia hobetzea eta lehen aipatutako lurralde-arazoei heltzea. Nire Gradu Amaierako Lanean eskualdeko itun sozial bat sortzea proposatzen dut, enpresek, sindikatuek, erakundeek eta administrazioek parte hartuko dutena. Helburua akordioak lortzea izango litzateke, epe luzera lan-harremanen esparru egonkorra ezartzeko eta, horrela, inbertsio berriak erakartzea errazteko. Beste neurri garrantzitsu bat gure industriari ikusgarritasun handiagoa ematea litzateke, erakundeek bultzatutako kanpainen, azoken eta dibulgazio-jardueren bidez. Horrela, enpresak gizartera hurbilduko genituzke, eta haien aurrerapen teknologikoak eta ekoizpen-gaitasuna balioan jarriko genituzke. Azkenik, ezinbestekotzat jotzen dut azpiegiturak modernizatzea eta garraio-konexioak hobetzea. Gazteek hemen lan egin ahal izatea erraztu behar dugu, eta beste leku batzuetako talentua ere erakartzeko baldintzak sortu.
Zer esan nahi du zuretzat Gradu Amaierako Lanagatik aitortza hori jaso izanak?
Egia esan, saria nahiko ustekabean iritsi zitzaidan. Oso esperientzia polita izan zen, eta, batez ere, aukera paregabea izan zen pertsonalki kezkatzen ninduen arazo bati ikusgarritasuna emateko. Kongresura joan nintzenean, nire asmoa beste pertsona batzuek Aiaraldean gertatzen ari dena ezagutzea zen. Gainera, kasu honek EAEko gainerako lurraldeentzat ikasgai gisa balio izatea nahi nuen, aurrekari arriskutsu bihurtu beharrean. Uste dut sariari esker lanak oihartzun handiagoa izan duela eta helburu hori lortu dudala.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta