Ekintzailetzaz hitz egiten dugunean, askotan profil eta ibilbide jakin batzuk etortzen zaizkigu burura. Baina errealitatea askoz anitzagoa da, eta aniztasun hori ez da beti ikusten edo aitortzen. Sorginlore, Impact Hub Donostia eta dot.en arteko elkarlanetik sortutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako ERES Gipuzkoak errealitate horiek ezagutu eta ikusarazi, pertsona ekintzaileei lagundu eta erakundeei aniztasuna lantzeko tresnak eskaini nahi dizkiete.
Aida Soloresek, Impact Hubeko kanpo komunikazio arduradunak, EnpresaBIDEAri kontatu dion bezala, horretarako, hiru lan-ildo garatu dituzte: ERES Aurrera, ohiko ekintzailetza-ibilbideetan beren lekua aurkitzen ez duten pertsonen proiektuei bidean laguntzeko; ERES Toolkit, erakundeei aniztasuna lantzeko tresnak eskaintzeko; eta ERES 15, Gipuzkoako 15 ekintzaileren esperientziak eta ahotsak ezagutarazi eta ikusarazteko. ERES Gipuzkoak bere topaketa egin du aurreko astean, eta aitzakia hori baliatu dugu Aida Solores elkarrizketatzeko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zerk bultzatu zaituzte topaketa hau antolatzera eta zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua Gipuzkoako gizarte ekintzailetza agerian jartzea?
Urte honetan zehar pertsona, proiektu eta erakunde askorekin egin dugu lan, eta esperientzia eta ikaskuntza ugari bildu ditugu. Topaketa hau egindako ibilbidea partekatzeko, esperientziak elkarrekin gurutzatzeko eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko antolatu dugu.
Garrantzitsua iruditzen zaigu Gipuzkoan dagoen ekintzailetza sozialaren aniztasuna ikusaraztea. Izan ere, gure inguruan proiektu eta ekimen oso interesgarriak daude, baina askotan ez dute behar besteko ikusgarritasunik edo aitortzarik.
Esperientzia horiek ezagutarazteak, egiten ari diren lana balioan jartzeaz gain, beste pertsona batzuei ekiteko modu desberdinak posible direla erakusten die.
Topaketa hau ez dugu egindako lana aurkezteko soilik antolatu; elkar ezagutzeko, lotura berriak sortzeko eta etorkizunera begira elkarrekin pentsatzeko espazio bat ere izan nahi dugu. Izan ere, argi dugu egungo ekosisteman arrakalak daudela, baliabideak modu desorekatuan banatzen direla eta Gipuzkoa lurralde justuagoa izateko elkarrekin pausoak eman ditzakegula uste dugu.
"ERES 15 ekimenaren bidez Gipuzkoako 15 pertsona ekintzaileren esperientziak ezagutzeko aukera izan dugu"
Gizarte ekintzailetza zerk bereizten du beste ekintzailetza modu tradizionalago batzuetatik?
Gizarte-ekintzailetzaz ari garenean, jarduera ekonomiko bat garatzeaz gain, gizartean edo ingurunean eragin positiboa sortzea helburu duten proiektuez ari gara. Hau da, jarduera ekonomikoa garrantzitsua da, proiektuak iraun dezan beharrezkoa delako, baina helburua ez da soilik etekin ekonomikoa lortzea. Gizarte-behar bati erantzutea, komunitateari ekarpena egitea, zaintza sustatzea, kultura indartzea edo lan egiteko beste modu batzuk sortzea ere izan daiteke helburua.
ERES 15 ekimenean jasotako testigantzek, gainera, arrakasta ulertzeko beste modu batzuk erakutsi dizkigute. Ekintzaile askorentzat arrakasta ez da enpresa gero eta handiagoa izatea, baizik eta gustuko duten lanetik bizi ahal izatea, beren balioekin koherente izatea, autonomia edukitzea edo bizitza pertsonala eta lana modu osasuntsuan uztartzea. Horrek ez du esan nahi ekintzailetza tradizionalago batek eragin sozialik izan ezin duenik. Baina gizarte-ekintzailetzan eragin soziala proiektuaren helburu nagusietako bat da, eta ez jardueraren zeharkako ondorio bat soilik.

Jardunaldian hainbat erreferentek parte hartu zuten. Zer ekarpen egin diezaiekete testigantza horiek beste ekintzaile batzuei?
ERES 15 ekimenaren bidez Gipuzkoako 15 pertsona ekintzaileren esperientziak ezagutzeko aukera izan dugu. Profil eta ibilbide desberdinak dituzten pertsonak identifikatzeko ariketa egin dugu, jatorria, hizkuntza, generoa, adina, osasuna, gorpuzkera, kolektibotasuna… bezalako irizpideak kontutan izanik; eta jarduera-arloak ere askotarikoak dira: zaintza, kultura, artea, artisautza eta gizarte-zerbitzuak, besteak beste.
Baina proiektuen atzean dauden istorioak dira, agian, interesgarrienak. Batzuek bokazioz ekin dute, beste batzuek beharrez, eta beste batzuek bizitzako momentu jakin batean beren bidea berrasmatzeko aukera ikusi dutelako. Istorio horietan ilusioa eta lorpenak daude, baina baita zalantzak, zailtasun ekonomikoak eta bakardade-uneak ere. Guretzat garrantzitsua izan da ekintzailetzaren errealitatea bere osotasunean erakustea, idealizatu gabe.
Uste dugu testigantza horiek beste pertsona batzuentzat oso baliagarriak izan daitezkeela. Norberaren antzeko esperientziak dituzten pertsonak ezagutzeak eta haien ibilbideak entzuteak ekiteko aukera gertuago eta posibleago ikusten laguntzen du.
Topaketaren helburuetako bat ekintzailetza ulertzeko eta bizitzeko hainbat modu ikusaraztea izan da. Zergatik da garrantzitsua aniztasuna txertatzea eta ekosistema ekintzailearen barruan askotariko erreferenteak izatea?
Guretzat aniztasuna ez da soilik jatorri, genero edo adin desberdinetako pertsonak egotea. Aniztasuna da, baita ere, ekiteko modu, motibazio, bizi-egoera eta arrakasta ulertzeko forma desberdinak aitortzea.
Egindako elkarrizketetan ikusi dugu pertsona askok ez dutela beren burua 'ekintzaile' hitzarekin identifikatzen, nahiz eta beren proiektua sortu eta aurrera eramaten ari diren. Izan ere, ekintzailetzaren inguruan nagusitzen den irudia oraindik nahiko mugatua da, eta askotan hazkunde ekonomikoarekin, teknologiarekin edo arrakasta handiko enpresariekin lotzen da. Baina errealitatean, ekintzailetzak aurpegi eta ibilbide asko ditu, eta garrantzitsua da horiek guztiak ikusaraztea eta aitortzea.
Horregatik dira hain garrantzitsuak erreferente anitzak eta gertukoak. Gure antzeko esperientziak dituzten pertsonen ibilbideak ezagutzeak ekitea aukera erreal gisa irudikatzen laguntzen digu. Eta horrek pertsona gehiagok beren burua ekintzaile gisa ikusteko aukera zabaltzen du. Gainera, proiektuan zehar ikusi dugu pertsona batzuek lan mundurako sarbidea mugatua edo itxita dutela, eta ekitea hautu edo amets bat izan beharrean, aukera bakarretakoa dela. Kasu hauetan berebiziko garrantzia du erreferente sorta bat edukitzeak, euren ezaugarri antzerakoak dituzten pertsonek aurretik egin dutena ez izateko daukaten bide bakarra.
"Baliabide ekonomikoek, babes-sareek, jatorriak, generoak edo bestelako egoera pertsonalek eragin zuzena izan dezakete ekiteko aukeretan"
Zer oztopo eta zailtasun nagusiri egin behar diete aurre gaur egun ekin nahi duten pertsonek, batez ere gizartean eragina duten proiektuen alde egiten dutenek?
Elkarrizketetan behin eta berriz agertu den zailtasunetako bat ziurgabetasun ekonomikoa izan da. Diru-sarrera irregularrak, gastuei aurre egin beharra, bezeroak lortzeko zailtasunak edo proiektuari eusteko baliabide falta. Baina badira beste oztopo batzuk ere: administrazio-tramiteak, informazio eta laguntza egokia eskuratzeko zailtasunak edo proiektuaren ardura osoa norberaren gain hartzea.
Horri guztiari zaintzaren eta kontziliazioaren erronkak gehitu behar zaizkio. Ekintzaile askorentzat proiektua ez da lan bat bakarrik, beren bizitza-proiektuaren parte ere bada. Horrek askotan zaildu egiten du mugak jartzea, deskonektatzea edo atseden hartzea. Gainera, pertsona guztiak ez dira abiapuntu beretik hasten. Baliabide ekonomikoek, babes-sareek, jatorriak, generoak edo bestelako egoera pertsonalek eragin zuzena izan dezakete ekiteko aukeretan.
Horregatik, ekintzailetzaren erronkak ezin ditugu norbanakoaren ahaleginaren edo motibazioaren ikuspegitik bakarrik ulertu. Pertsona bakoitzaren egoera eta inguruko baldintzak ere kontuan hartu behar ditugu. Ekintzailetza proiektuak bidean laguntzeko ikuspegitik ekintzaileak eta euren bizi-proiektuak babesteko ikuspegira pasa behar dugu. Konplexuagoa da, baina gizarte bezala daukagun erronka maila ere oso altua da.

Zer aukera sor daitezke esperientziak partekatzeko eta lankidetza-sare berriak sortzeko?
ERES 15eko elkarrizketetan oso argi agertu den ideia bat da ia inork ez duela benetan bakarrik ekiten. Proiektu bat pertsona bakarrarena izan daiteke, baina atzean familia, lagunak, beste profesional batzuk, bezeroak edo bestelako babes-sareak egoten dira. Sare horiek ez dute laguntza emozionala bakarrik ematen. Informazioa, ezagutza, kontaktuak, aukerak eta erabakiak hartzeko konfiantza ere eskaintzen dituzte.
Gure helburua da topaketa honetan sortu diren loturak jardunalditik harago ere mantendu eta indartu ahal izatea.
Zer egiteko dute inklusioak eta aukera berdintasunak ekosistema ekintzaile anitzagoa eta pertsona guztientzako irisgarriagoa eraikitzeko?
Gure ustez, ezinbestekoak dira. Izan ere, ekintzailetza anitzagoa nahi badugu, ez da nahikoa pertsona desberdinak parte hartzera gonbidatzea. Ezinbestekoa da pertsona guztiek ekiteko eta beren proiektuak garatzeko benetako aukerak izatea.
Horretarako, pertsona bakoitzaren abiapuntua kontuan hartu behar da. Ez dira berdinak pertsona guztien egoera ekonomikoa, babes-sareak, hizkuntza-beharrak edo zaintza-erantzukizunak. Horregatik, aukera-berdintasuna bermatzeko, laguntzak eta baliabideak errealitate desberdin horietara egokitu behar dira.
Inklusioaz hitz egiteak esan nahi du parte hartzea zailtzen duten oztopoak identifikatzea eta horiek gainditzeko neurriak hartzea. Eta aniztasuna ez genuke salbuespen gisa ulertu behar, gure gizartearen errealitatearen parte baita.
Azken finean, helburua ez da pertsona guztiak ekintzailetza-eredu berera egokitzea, baizik eta ekosistema pertsonen errealitate eta behar desberdinetara egokitzea.
"Gauza bat ere ikasi dugu: norberaren gaitasunetan sinestea garrantzitsua da, baina horrek ez du esan nahi dena bakarrik egin behar dugunik"
Amaitzeko, zer mezu bidaliko zenieke gizarte-inpaktua duen ekintzailetza zer den jakinda ere oraindik pausoa ematera ausartu ez diren pertsonei?
Lehenik eta behin, esango nieke ez dagoela ekiteko modu bakar bat, ezta ekintzaile izateko profil bakar bat ere. Ez dela beharrezkoa norberaren burua ohiko ekintzailearen irudi horretan ikustea, edo hasieratik dena argi edukitzea. Entzun ditugun pertsonen ibilbideak oso desberdinak dira, eta askok zalantzak, beldurrak eta zailtasunak izan dituzte bidean.
Baina gauza bat ere ikasi dugu: norberaren gaitasunetan sinestea garrantzitsua da, baina horrek ez du esan nahi dena bakarrik egin behar dugunik.
Horregatik, beste ekintzaile batzuen esperientziak ezagutzera, inguruko sareetara hurbiltzera eta behar duten laguntza bilatzera animatuko nituzke. Ez dago dena hasieratik jakin beharrik, eta proiektu bat pausoz pauso eraiki daiteke. Eta, batez ere, beren ideiari eta egin nahi duten ekarpenari balioa emateko esango nieke. Proiektu batek ez du zertan handia izan inguruan eragin positiboa sortzeko. Ekiteko modu asko daude, eta guztiek merezi dute beren lekua izatea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta