Ainhoa Altzuguren Mitxelenak (1996, Bera) aurtengo urrian 6 urte beteko ditu kolegiatuta. Hasieran kontsultak etxean egiten zituen, duela 4 urte Laia abokatu kolektiboak lagunduta bulegoa ireki zuen Beran eta egun kolektiboaren parte da. Nora Morales Cardadorrek (2001, Zarautz) ekainean egin zuen azterketa eta 5 hilabete daramatza kolegiatuta. Coworking batean antolatu du bulegoa beste kide batekin. Ingurukoen eta pasatzen dizkioten kasuez gain, bestelako diru iturriak bilatu ditu abokatutza gastuak kubritzeko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zuzenbidea egitea erabaki zenutenean argi zenuten abokatu izan nahi zenutela?
Ainhoa Altzuguren (A.A.): Nik ez nuen argi txikitan zer izan nahi nuen. Batxilergoan nengoela etxean hainbat zalantza juridiko izan genituen eta abokatuengana jo behar izan genuen. Aurkitu genituen gehienak gizonezko helduak ziren eta gazteleraz egiten zuten. Gainera, jasotako laguntza ez zen izan espero genuena. Esperientzia horrekin jabetu nintzen nik euskaraz eta hurbileko tratu batekin lagundu nahi nuela.
Nora Morales (N.M.): Batxilergoan letretako eredua egin nuen. Argi nuen filologia edo hizkuntzak ez nituela nahi. Gainera nire izebak zuzenbidea ikasi zuen. Gazte zela abokatutzan aritu zen, nahiz eta gero administrazioan bukatu. Banuen ilusioa nire izebak hasitako bidea jarraitzeko.
Nora Morales: "Egia da hainbatek espresuki esan zigutela abokatutza oso gogorra zela. Ez sartzea ere gomendatu ziguten. Nahiko tristea izan zen hori entzutea"
Eta behin karreran, hasiera batean zenuten motibazio hori mantendu zen?
A.A.: Kontrakoa. Graduko irakasleren batek esan izan zigun abokatutzan ez sartzeko. Eta masterrean ere, jakinda gainera abokatu izateko dela, entzun izan dugu hobe genuela lana beste nonbait bilatu. Iraskaleak eurak abokatu izanda gainera. Lagundu beharrean desanimatu egiten gintuzten. Eta pixkanaka ohartzen zara azterketa egin behar duzula, guardietan sartzeko 3 urte behar dituzula, hasietatik gastuak dituzula: autonomo kuota, asegurua, kolegiatzea… hau da, ez duzula argi ikusten lanbidean nola egin aurrera. Masterra egin genuenak 50-60 inguru izango ginen. Egun ez dakit ez ote garen 10 kolegiatuta gaudenak.
N.M.: Guztiz ados. Karrera gogoekin hasi nuen, baina apurka desmotibatu nintzen. Arlo teorikoa asko landu genuen; praktikoa, aldiz, ez. Gure belaunaldian ez ginen epaitegira inoiz joan, ez zen abokaturik etorri klasera… Masterrean egoera pixkat hobetu zen abokatu batzuek klaseak eman zituztelako, baina egia da hainbatek espresuki esan zigutela abokatutza oso gogorra zela. Ez sartzea ere gomendatu ziguten. Nahiko tristea izan zen hori entzutea. Gazte izanda ziurtasun falta izan ohi dituzu, lan mundura salto nola egin ez duzu oso argi... eta zure aspirazioetan dagoen mundu horretako pertsonek ez jarraitzeko esaten badizute...

Kolektibo baten babesa lagungarria izan da?
A.A.: Lagungarria ez, ezinbestekoa. Hasieran ez duzu diru sarrerarik. Lagunen, bizilagunen eta ezagunen kasuak eramaten hasten zara eta bestelako lanekin osatzen. Nik hasieran etxean pasatzen nituen kontsultak eta ostatuan ere egiten nuen lan. Juxtu-juxtu gastuak kubritzeko. Gainera, gradu zein masterra nahiko teorikoa da eta ez zaituzte prestatzen egunerokorako: prozedura bat eramateko, kontsulta bat kudeatzeko... Orduan, galdera eta zalantzak argitzeko lagunduko dizun norbait behar duzu. Teoria liburuetan ez duzu erantzuna aurkituko.
N.M.: Niretzat ere ezinbestekoa izaten ari da. Hasieran segurtasun eza handia da; ez duzu formakuntza praktikorik eta edozer gerta daiteke. Erantzunkizuna oso altua da gainera. Aseguru zibila izan behar dugu, ardura gurea delako zerbait gaizki eginez gero. Zaila da ardura hori guztia hartzea inolako euskarririk gabe eta horregatik ulertzen dut beste bide bat aukeratzea. Lehen urtean ditudan gastuei aurre egiteko beste lan batzuk ere bilatzen nabil, baina nik laguntza dudalako erabaki dut bide hau egitea.
Ainhoa, zuk 2 urte daramatzazu txanda eta guardietan. Nolakoa izan da esperientzia?
A.A.: Nik egia da zortea izan dudala. Txandetan eta guardietan sartzeko 3 urte egon behar duzu kolegiatuta eta hainbat kurtso egin. Nagusiki teorikoak dira eta, beraz, orokorrean ez dakizu zer den guardia bat lehenengoa egokitu arte. Nik, ordea, Laia abokatu kolektiboko kideekin akonpainamenduak egin ditut, haiek eskainita. Horregatik, banekien gutxi gora behera zer egin behar nuen. Nirekin ikasi zuten batzuk orain hasi dira guardietan eta deitu egiten didate gomendio eske. Beldurra dute. Lagun horietako bat, adibidez, guardia batzuetan ez da apuntatu, horregatik; ezjakintasunagatik.
Ainhoa Altzuguren: "Uste dut abokatu gutxi daudela belaunaldi berriei laguntzeko prest, eta guk hori behar dugu"
Nora, zuk asmoa duzu izena emateko? Eta zure ikaskideek?
N.M.: Bai, horregatik hasi naiz kurtsoekin. Atzerritartasun txandako kurtsoa 3 urtean behin ateratzen dute eta ni, badaezpada, apuntatu naiz. Hemendik 2 urte eta erdira guardietan sartu nahiko nuke eta ikastaro hori ez badut orain egiten ezingo naiz sartu. Gainontzekoak ere egiteko asmoa dut, baina urtero ateratzen direnez, orain ez dit merezi egitea. Hurrengo urtean batuko naiz. Masterra hamar kidek egin genuen. Autonoma moduan uste dut 2 gaudela eta gainontzekoak enpresa, administrazio edo Big Four horietako batean. Ikusi beharko da hemendik hiru urtera horietatik zeintzuk jarraitzen duten abokatutzan eta guardietara sartzen diren.
Zer aldatu behar? Zein erronka ditu abokatutzak gazteen inkorporaziorako?
N.M.: Guardia eta txandetan izena emateko 3 urteko baldintzapena mugatzailea da eta formakuntzak orokorrean praktikoagoak izateak lagunduko luke. Egun, esaterako, espetxeetako txandarako akonpañamendua dago. Hau da, zuk abokatu bati laguntzen diozu txandan zehar eta horrela ikasten duzu zer den egin beharko duzuna guardia horretan sartzen zarenean. Salbuespena da; beste guardietan ez dago horrelakorik. Edonola ere, hori dena aldatuta, laguntza edo euskarririk ez baduzu, zaila ikusten dut gazteak abokatutzan hastea.
A.A.: Laguntza falta. Uste dut abokatu gutxi daudela belaunaldi berriei laguntzeko prest, eta guk hori behar dugu. Masterreko praktikak jasotzeko, esaterako, abokatu gutxi dauden prest. Besteak beste ez dutelako kobratzen eta aldi berean praktiketan dagoenari arreta eskaini behar diozulako. Hori lana da.