
Industria ingeniaria eta energia berriztagarrietako irakaslea da Aitor Urresti Gonzalez (Bilbo, 1975). Itzalaldiaren atzean gertakari bat baino gehiago dagoela uste du, eta inor seinailatu aurretik, horiek zergatik eta nola gertatu ziren aztertzea premiazkoa dela dio. Bere iritziz, egungo sare elektrikoa energia berriztagarrietara egokitu beharra dago, eta horretarako tokiko sare autonomoak eratzea izan daiteke elektrizitate hornidura etenaldiak ekiditeko soluzio bat.
Zer pasa zitzaizun burutik itzalaldia gertatu zenean?
Lehenengo pentsatu nuena izan zen ea norbaitek ordenagailua gaizki piztu zuen. Iberiar penintsula osoko gauza izan zela ikusi nuenean, pentsatu nuen justu 24 ordu lehenago irratian esan nuela halako zerbait pasa zitekeela. Lehenengo informazioa biltzen hasi nintzen, itzalaldiaren zergatia leku askotatik etor litekeelako eta gauza bakar bat ez delako gai horrelako itzalaldi bat sortzeko, hau da, hainbat gauza gertatu behar izan dira itzalaldi orokor bat emateko. Beste kontu bat litzateke bakarrik eskualde batean gertatuz gero, baina penintsula osoko elektrizitatearen galeraren kasuan argi zegoen oraindik ere ezagutzen ez ditugun hainbat elementuk egon behar zutela horren atzetik.
Zure ustez, zerk eragin zuen?
Une honetan ezin dezaket esan zein izan den arrazoia, gauza bat baino gehiago izan zelako. Ez dakigu gauza horietako batzuk sortzaileak izan diren edo ondorio. Pedro Sanchezek esan zuen energia osoaren %60 bat-batean desagertu zela. Hori izan zen abiapuntua edo hori gertatu zen protokoloek ezartzen dutelako sare elektrikoan desoreka nabaria dagoenean energia mozten hasi behar dela? Ez dakigu zein den abiapuntua. Egun horretan bertan, aldez aurretik, Europan sare elektriko osoan desoreka bat eta frekuentziaren oszilazio bat nabaritzen zen. Lituanian ere sumatu zen. Horrek penintsulan gertatutakoari eragin zion. Zer nolakoa? Ezin dugu jakin une honetan dugun informazioarekin.
Hainbat adituk aipatu duteenergia berriztagarriak, bereziki, fotovoltaikoa, goi tentsioko sare zentralizatuan modu masiboan txertatzea izan dela arazoa. Zer uste duzu zuk?
Nik ez nuke esango hori izan denik arrazoia. Itzalaldia gertatu zen unean sisteman zegoen energia berriztagarrien ehunekoa oso ohikoa zen azken asteetan, askotan emandako egoera izan da, beraz, zergatik orain eta ez lehen? Arrazoia hori izatekotan ez litzateke izango arrazoi bakarra, beste elementu batzuk lagunduko zuten. Pentsatu behar dugu une horretan hainbat gigawatt fotovoltaiko desagertu zirela, baina baita ere nuklearren hiru gigawatt, gas naturaleko gigawatt bat, eta eolikoko 2-3 gigawatt ere.
Galdera izango litzateke zergatik batzuk hasten diren energia berriztagarrietara begiratzen eta ez sistema guztira. Galdu den energiaren sorrera ikusita, teknologiaren arazoa baino tokiko arazo bat dela dirudi. Extremaduran galtzen da argindarra. Eta Extremaduran zer dago? Energia fotovoltaiko asko, baina Almarazeko zentral nuklearra ere badago.
"Itzalaldia gertatu zen unean sisteman zegoen energia berriztagarrien ehunekoa oso ohikoa zen azken asteetan, askotan emandako egoera izan da, beraz, zergatik orain eta ez lehen?"
Beti esaten da energia fotovoltaikoak ez duela inertziarik sortzen eta nuklearrak bai. Energia fotovoltaikorako jarritako inbertsoreak beste modu batekoak izanda, inertzia ematen diote sistemari. Arazoa ez da energia fotovoltaikoarena baizik eta sare elektrikoarena, hau da, nola integratzen den energia fotovoltaikoa sare elektrikoan. Gauza bera gertatzen da energia eolikoarekin. Nuklearraren inertzia berdina du hidraulikoak, eta nuklearrak ez du lagundu sistemak txertatzen, ez du horretarako balio, eta hidraulikoak bai. Baina ez da planteatzen energia hidrauliko gehiago instalatu behar dugula. Oso agerian geratzen da interes ekonomiko batzuk daudela enpresa eta eragile batzuen partetik eta indar asko egiten ari direla beraien teknologien alde.
Trantsizio energetikoa beste modu batera egin behar dela aldarrikatzeko aitzakia izan daiteke gertakari hau askorentzat, nuklearren aldeko apustuaz esan dena kontuan hartuta?
Ni horren beldur naiz. Hedabide batzuk oso sendo bultzatzen ari dira trantsizio energetikoaren aurka egiteko eta itzalaldia bihurtu liteke aitzaki bat. Aditu batzuk etengabe diogu kontuz ibili behar dela, ondo aztertu gertatutakoa, beste batzuk, aldiz, oso azkar hasi dira seinalatzen. Une honetan informaziorik ez daukagu. Arazoa hasi zen lekuan, Extremaduran, Iberiar penintsularen hego mendebaldean energia fotovoltaikoa izateaz aparte, nuklearra ere badago, eta inor ez da horretaz gogoratzen. Nik uste dut argi esan behar dela oso kasu arraroa izan dela, muturrekoa, inork espero ez zuena. Sare elektrikoa kudeatzeko eta energia berriztagarriak instalatzeko egungo protokoloa XX. mendeko sisteman dago oinarrituta. Gertakari hau erabili behar dugu ez trantsizioa betetzeko, baizik eta azkartzeko, eta aldi berean, sare elektrikoak nolakoa izan behar duen edo nolako protokolo berriak ezarri behar dituen birplanteatzeko.
Sare elektrikoa energia berriztagarrietara egokitzeko inbertsio gehiago falta da? Nola egokitu daiteke sarea?
Esaten denean sare elektrikoan inbertsio gehiago behar dela, denek pentsatzen dugu kable gehiago bota behar ditugula alde batetik bestera, eta ez da egin behar duguna. Egia da gune batzuk nahiko saturatuta daudela, eta gauza batzuk aldatu behar dira, baina ez da planteatu behar orain arteko sare bat bezala, non penintsula osoan sare bakar bat dagoen eta aldi berean denak funtzionatu behar duen, baizik eta lurraldeka modu isolatuan lan egin dezakegun sare bat sortzen hasi behar dugu. Hori izango bagenu, ziurrenik sarea eroriko litzateke Extremaduran bertan, arazoa hor bazegoen, baina Galizan, Asturiasen edo Murtzian ez zen eroriko eta Extremaduran sarea berriz ere ezartzeko, leku horietaz baliatuz, azkarrago jarriko litzateke martxan. Bateria gehiago sartu behar ditugu, horrek sistemak kudeatzeko erraztasuna eta azkartasuna ematen baitu. Linea elektriko berriak egin baino, azpiestazioetan nolabaiteko aldaketak egin behar ditugu.
Tokiko komunitate energetikoak izan daitezke halako gertakari orokorrak ekiditeko aukera?
Hori da. Egia da askotan auzo edo herri mailako sare adimentsuak egitea hitz egiten dugula, baina horiek ere zabaldu litezke eskualde mailara edota autonomia erkidego mailara, hots, sare elektriko berria sare adimentsuen sare batez mailakatuta egotea. Nik nire Bilboko auzoan, esaterako, elektrizitatea joanez gero, lehendik sistema fotovoltaikoak eta eolikoak badauzkat bateriekin, auzoan elektrizitatea edukitzeko aukera ematen didana.
"Pentsatu behar duguna da zero arriskua ezinezkoa dela. Hau da, beti gertatu liteke zerbait, baina sekulan gertatu ez den egoera baten aurrean, zerbait ikasi dugu eta ikusi dugu sistema berrabiarazteko protokoloak badaudela eta funtzionatzen dutela"
Gaur egun garatzen ari den sare elektrikoaren ereduak ez du hortik jotzeko asmorik?
Gaur egungo sare elektrikoaren planteamendua da XX. mendeko sisteman oinarritzen da. Planteatzen dena da XX. mendeko sistema energetikoa erreplikatzea, baina ikatza erre beharrean energia fotovoltaikoa edukita. Ikatzak edo gas naturalak baldintza batzuk dauzka, fotovoltaikoak ez daukanak. Eredua ezin da zuzen erreplikatu. Egun ikusten ditugun makroproiektu ereduak gehiago daude oinarrituta XX. mendeko sistema energetiko hori erreplikatzeko eta energia berriztagarrien dauzkaten abantaila baliatzea ez da planteatzen.
Halako itzaldi bat berriz gerta daitekeela esango zenuke?
Esan eta 24 ordu baino gutxiagotan gertatu zen. Nik nioen oso baldintza zehatzetan gertatu zitekeela. Energia nuklearraren eskasiak eraginda soilik ezinezkoa da. Gauza bakar bat gertatuta, ez da penintsula osoko sistema guztia elektrikoa eroriko. Orain, beraz, asmoa da aztertzea da zein izan den gertakarien sekuentzia, gertakari horiek sekuentzia berean berriz ere gertatuz gero, sarea ez erortzeko. Zer aldaketa, zer protokolo behar diren. Ziurrenik jada zerbait ikasi dute Red Electrican, eta nahiz eta protokoloetan oraindik ere ez azaldu aldaketaren bat egingo zuten berriz ere egoera berdinean ez egoteko. Pentsatu behar duguna da zero arriskua ezinezkoa dela. Hau da, beti gertatu liteke zerbait, baina sekulan gertatu ez den egoera baten aurrean, zerbait ikasi dugu eta ikusi dugu sistema berrabiarazteko protokoloak badaudela eta funtzionatzen dutela. Euskal Herriko leku gehienetan ordu bakar batean denok berreskuratu genuen elektrizitatea. Estatu mailan ere nahiko azkar berreskuratu zen, ez ziren 24 ordu ere pasa sare elektriko guztia berreskuratzeko.