Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoaren presidente berria ezkerrekoa, abertzalea eta euskalduna da. Joan den apirilaren 11n, Alain Iriart (EH Bai) gailendu zitzaion Jean René Etchegaray 2017tik erakundea zuzentzen zuen zentristari. Badira lau hamarkada erretiroan den 66 urteko kontablea ekintzaile ezaguna dela. Alain Iriart Ezkerreko Mugimendu Abertzalea eta Abertzaleen Batasuneko kidea izan zen. Pirineo Atlantikoetako kontseilari ohia Hiriburuko alkate izendatu zuten 2001ean. Datozen egunetan kargu hori utziko du denbora osoz lan egiteko elkargoaren presidente gisa heldu diren 6 edo 7 urteetan. Elkargoak 602 milioi euroko aurrekontua dauka, eta 320.000 biztanle, 158 udalerri eta 1.300 langile biltzen ditu.
Nola bizi dituzu zure izendapena eta aldaketa?
Zoriontsu nago, baina ez enetako bakarrik, baizik eta Euskal Herria eta elkargoarendako. Denentzat harrigarria izan da hautetsi gehienek bide berria erakutsi digutelako ni izendatuz. Hori kargu handia da, ohorea. Orain, lan handia egin behar dela ikusten dut eta ni besteekin ariko naiz beti, dudarik gabe. Guztiekin garatu nahi ditut kudeatu behar ditugun 21 politika publikoak. Apirilaren 24an, presidente ordeak eta arduradun guztiak izendatuko ditugu. Dena den, erabakiak ez ditut bakarrik nik hartuko. Egun hauetan, gaur egungo elkargoa osatzen duten hamar elkargo ohietan beren ordezkariak izendatzen dituzte eta nik proposamen horien artean osatu beharko dut exekutiboa orekak errespetatuz.
Sorpresaz eta berritasunaz hitz egiten da, baina herritarrentzat eguneroko bizian zer aldatuko da zehatz?
Herritarrek gehiago ikusiko dute elkargoaren lana zein den. Ez nuke nahi elkargoa bilaka dadin “Euskal Herriko Europa”, hau da batzuetan herritarrengandik urrun dagoen egitura. Hurbiltasun hori sentitzeko, hautetsiek ardura gehiago beharko dute, orain arte baino gehiago. Eginkizun gehiago izan behar dute exekutiboan, aurrekontuak osatzerakoan eta politika ebaluaketetan. Eskumen gehiago behar dute ditugun hamar guneetan ere, eta zentzu horretan, dezentralizazio gehiago eraiki beharko dugu. Hori erdiesten baldin badugu, hautetsiak gehiago hurbilduko dira. Gainera, gizarte zibilak ere parte hartu behar du gure lanetan. Herritarrek berek ohartu behar dute ainitz ekartzen ahal diotela elkargoari.
"Guztiekin garatu nahi ditut kudeatu behar ditugun 21 politika publikoak"
Lehentasunen artean etxebizitza, garraioak eta ekonomia kokatu dituzu. Zein dira zure asmoak?
Herritar guztiek etxe duina izatea bermatu behar dugu babes ofizialeko proiektuak sustatuz. Teilatu bat denentzat bi teilatu izan baino lehen. Garraio publiko are eraginkorragoak garatu beharko ditugu bizikletaren tokia handituz. Baliabideak ezarri beharko ditugu. Politika guztietan oreka bilatu behar dugu kostaldeko hiri jendetsuen eta barnealdeko baserriguneen artean. Gisa horretan, ekonomia sustatzeko ekimenak barnealdera eraman behar genituzke. Enplegu guneak, zerbitzu publikoak, kirol eta kultura egiturak sustatu behar ditugu familia berriak bizi daitezen barnealdean ere. Angelun lan eremuak eraikitzeko partez duela gutxi egin izan den bezala, gune handiak Akamarre edo Amikuzen bultzatu behar ditugu. 10 hektareako guneak ditugu han eta horietan dago lehentasuna dagoen desoreka eztitzeko. Argi da ezin izanen dugula dena denbora berean egin, baina hautetsiek programak pentsatu, gogoetatu eta hautuak egin beharko ditugu.
Konpentsazio neurriak indarrean segituko du, hedatuko duzue?
Indarrean dagoen neurria behar-beharrezkoa da. Arau horrek dio kostaldeko 24 herritan Airbnb bezalako alokairu laburrak eskaintzen dituztenek gisa bereko etxebizitzak urte osoan ere alokatu behar dituztela. Neurri hori baitezpadakoa da 5 urtez %30 emendatu baitzen denbora laburreko alokairuen kopurua. Harrigarria da, betiko etxeak ziren. Orain ez dira denak berriz merkatura itzuli, baina anormala zen gorakada hori gelditu da. Ebaluaketa egin beharko dugu herri batzuek galdetzen duten bezala.
"Politika guztietan oreka bilatu behar dugu kostaldeko hiri jendetsuen eta barnealdeko baserriguneen artean"
Batera plataformarekin erakunde berria aldarrikatu izan duzu. Orain presidente karguan zaudela zer eginen duzu zehatz?
Eskumen gehiago eta aurrekontu handiagoa lukeen lurralde elkargo berezia aldarrikatzen segituko dut. Gogoetak elkarrekin egin beharko ditugu. Baterak bere partea egiten du herritarrak eta hautetsiak bilduz, eta guk ere elkargoan gure gain hartu beharko dugu gaia. Frantziako lehen ministroa bera dezentralizazioaz mintzatu da, beraz, ikertu beharko dugu zer egin, adibidez, alkateen konferentzian. Lyon, Kortsika eta Alsaziako adibideak dauzkagu, baina orain guk ikusi behar dugu zein den bidea Ipar Euskal Herriarentzat. Proiektu landua guk asmatu eta proposatu beharko diogu Frantziako Estatuari.
Elkargoaren presidente izendatua izan bezain laster Imanol Pradales lehendakariak zoriondu zintuen. Arnaldo Otegi Baionan egon zen bozketa egunean...
Ehunka mezu ukan ditut eta pozik naiz. Ez nuen uste hainbeste izanen nituenik beste alderditik. Orain, ikusi beharko dugu nola ariko garen elkarrekin. Behar dugu elkar ezagutu eta Euskal Herria eraiki nahi badugu, proiektuak elkarrekin landu beharko ditugu. Gauzak obratu behar ditugu. Aktore guztiekin hitz eginen dugu ez baitu batek soilik bere bidea egin behar.
"Eskumen gehiago eta aurrekontu handiagoa lukeen lurralde elkargo berezia aldarrikatzen segituko dut"
Euskararen alde zer gehiago eginen duzu? Bat-bateko itzulpenik izanen ote da noizbait elkargoaren biltzarretan?
Orain arteko gehiengoak ez zuen onartzen. Baliabideak eman beharko ditugu gauzak erraztuz euskarak bere tokia aurkitu behar baitu. Baliabideak behar ditugu ikusiz egoera zertan den. Elkargoak urratsak egin ditu jadanik eta gisa horretan Jean René Etchegaray eta Antton Curutcharry bereziki eskertzen ditut. Arlo honetan ere elkarlana beharko dugu beste erakundeekin. Argi da Pirineo Atlantikoetako departamenduak eta Akitania Berria eskualdeko kontseiluak zailtasunak dituztela, eta haientzat zaila izanen dela dirulaguntza gehiago ematea, baina Frantziako Estatuak gehiago egin dezake. Urratsak aitzina egin behar ditugu beharrak handiak direlako eta euskalgintzan ari diren langileak prekaritatean daudelako. Ezin dugu maila apal horretan egon. Lehen hitzaldian berean euskara eta gaskoiera erabili nituen gure lurraldeko mintzairak direlako eta ardura berezia dugulako horiek zaintzeko. Gaskoiera euskara baino arrisku handiagoan dago, gutxi entzuten da, baina aktore batzuek aitzina segitzen dute eta orain arte bezala lagunduko ditugu.