Gipuzkoako hainbat udalerritan behera egin dute alokairu libreko kontratu berrien batez besteko prezioek 2025eko laugarren hiruhilekoan. Jaitsierarik handienak Errenterian (%4,1), Donostian (%3,7), Irunen (%3) eta Lasarte-Orian (%0,6) erregistratu dira. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu horiek tentsio handiko etxebizitza-merkatuetarako aurreikusitako tresnak osorik aplikatu ziren lehen hiruhilekoari dagozkio.
Prezioen behera egin izanagatik, alokairuko etxebizitzen kopuruak ez du behera egin. Aitzitik, EAEn 86.522 kontratu itxi ziren 2025 amaieran, serie historikoko kopururik handiena. Horietatik 31.351 Gipuzkoan daude, aurreko hiruhilekoan baino %3,2 gehiago. Kontratu berrien batez besteko errenta, berriz, %3,5 jaitsi da lurraldean, 926,2 eurotik 894,1 eurora.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak zuhurtzia eskatu du datuak interpretatzeko. Haren esanetan, "zifrak argiak dira, eta itxaropentsuak, baina goiz da hiruhileko bat joera gisa finkatzeko". Era berean, ohartarazi du prezioen bilakaera ezin dela neurri bakar baten ondorio gisa azaldu, baizik eta azken hilabeteetan martxan jarritako tresnen konbinazioaren emaitza izan daitekeela, besteak beste, alokairuaren legezko mugak, erreferentzia-prezioen indizeak, kontratuen luzapenak eta zerga-pizgarriak.
Hala ere, EAEko hiru lurraldeen artean joerak ez dira berdinak izan. Gipuzkoan kontratu berrien prezioak jaitsi dira, baina Bizkaian %2,1 igo dira, eta 2016tik lehen aldiz batez besteko errenta handiagoa izan du Gipuzkoak baino. Araban, berriz, kontratu berrien prezioa %1,1 jaitsi da, eta lurraldeak EAEko batez besteko errentarik txikiena izaten jarraitzen du.
Bestalde, Bizigune programak hazten jarraitu du, 2025 amaieran 7.499 etxebizitza zituen, hau da, aurreko urtean baino 80 gehiago. Sailburuak gogorarazi du tentsio handiko eremuetan maizterrek kontratua urtero luzatzeko eskubidea dutela, gehienez hiru urtez, eta legeak ezarritako prezio-mugak nahitaez bete behar direla. Aldi berean, nabarmendu du etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko prezioak kontrolatzeaz gain, ezinbestekoa dela alokairu eskuragarriko etxebizitzen eskaintza handitzen jarraitzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta