• EKONOMIA
  • Alokairuen prezioa %2 jaitsi da urtebetean Nafarroako tentsio handiko eremuetan

Alokairuen prezioa %2 jaitsi da urtebetean Nafarroako tentsio handiko eremuetan

Era berean, iaz baino kontratu gutxiago sinatu ziren, Alfaro kontseilariaren esanetan “tentsio handiko eremu izateak dakarren egonkortasuna dela eta”

Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua
2026ko maiatzaren 26a - 14:50

Nafarroako etxebizitzen prezioen bilakaera aztertzeko tresna da Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa, zeinaren arabera beheranzko bilakaera izan den azken hiruhilekoan alokairuen prezioari dagokionez. Zehazki, tentsio handiko eremu izendatutako Nafarroako 21 udalerritan %2 jaitsi dira kontratu berrien prezioak, 2025eko lehen hiruhilekoaren aldean. Aurreko hiruhilekoaren aldean ere %1,8 merkeagoak izan dira kontratuak. Hala, batez beste 778,2 euroko alokairuak erdietsi dira (iazko epe berean batez bestekoa 794,2 eurokoa zen).

 

“Tentsio handiko eremu izan baino lehen zeuden prezioak aztertuz gero, alokairuen prezioen beherakada %7koa izan da”, nabarmendu du Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilariak. Era berean, Alfarok jakinarazi du alderaketa berbera eginda ere joera bestelakoa izan dela tentsio handiko eremu ez diren udalerrietan: kasu horietan alokairuen prezioa %3,2 igo da. “Tentsio handiko eremuak izendatzearen helburu nagusia, alokairuaren prezioak apaltzea, lortzen ari gara”, berretsi du kontseilariak. 

Prezioak beheratu diren gisa berean beheratu dira, ordea, kontratuak. 2025eko lehen hiruhilekoan 1.135 kontratu sinatu ziren, eta 2026koan, aldiz, 951. Hala ere, Alfarok zenbatekoa justifikatu du esanez tentsio handiko eremu izendatzeak “egonkortasun handiagoa” ematen diola alokairuen merkatuari, prezio igoerak mugatuta daudenez kontratuen luzapen gehiago egiten direlako, eta, ondorioz, kontratu berri gutxiago sinatzen direlako. “Horrek egonkortasuna ematen die familia maizterrei, eta segurtasun juridiko handiagoa etxeen jabeei”, azaldu du.