
Altzairua oso baliagarria da industria askotarako, osagai nahiz propietate ugari izateaz gain, eraldatzeko gaitasun handia duelako hura lantzeko modu desberdinei esker. Burdinaz eta karbonoz ondutako aleazio hau estrategikotzat ditugun eraikuntza, automozioa edota energia bezalako sektoreetan erabiltzen da, eta horrek funtsezko material bihurtzen du edozein herrialdeko ekonomietan.
Horren erakusle, Europa mailan sortutako lehen merkataritza akordio esanguratsuenetako batek altzairua izan zuen oinarri. IAEE Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa 1951an sortu zen bi material horien ekoizpen eta merkataritza arautzeko asmoz. Frantziak, Italiak, Alemaniak, Herbehereek, Belgikak eta Luxenburgok ondutako akordio hartatik sortu zen gerora ezagutu dugun Europako Batasuna, ia 80 urte beranduago antzeko zereginetan dabilena, izan ere, altzairuaren gaineko neurri berriak iragarri ditu aste honetan: %50era handitu nahi ditu altzairuaren gaineko inportazioen muga-zergak eta ia erdira (%47) murriztu EB barruan egiten diren muga-zergarik gabeko inportazioak (18,3 milioi tona urtean).
Orain arte %25eko muga zerga bat ordaindu behar izan dute EBra egindako altzairu inportazioek, baina tasa hori 2026ko ekainaren 30ean amaitzekoa zen. Txina eta Indiako inportazioek gogaitzen dute Europa, herrialde horietan altzairuaren ekoizpenak nabarmen egin baitu gora azken urteotan, kontinentearen kaltetan, eta sektorea babesteko lanetan dabil Brusela. Lege-proposamena taularatuta, orain Europar Kontseiluari eta Europako Parlamentuari dagokie hura onartzea. Stephane Sejourne EBko Industria Politikarako lehendakariordearen esanetan, “altzairu lantegiak eta Europako lanpostuak salbatzeko” proposamena da.
Gehiegizko ekoizpena
Inportazioak mugatzearen arrazoia da altzairuak azken urteetan izan duen gehiegizko ekoizpena. Egun, mundu osoan fabrikatzen den altzairua EBren eskaria baino bost aldiz handiagoa da. Txinatik eta Indiatik dator material gehiena, eta, Europaren ustez, oso merke iristen da kontinenera, lehia desleialaren ondorioz. Xi Jinping buru duen herrialdea da gaur-gaurkoz munduko altzairu ekoizle handiena. Altzairuaren Munduko Erakundearen arabera, bertan ekoitzi zen 2024an mundu osoan ekoitzitako altzairu osoaren %54.
Europak gehiegizko ekoizpenaren arazoari aurre egin nahi dio, eta Txina jotzen du egungo egoeraren erantzule nagusi. EBk 130 milioi tona altzairu ekoitzi zituen iaz, munduko produkzio osoaren %6,9, eta bere merkatu kuota murrizten doa urtez-urte. Hori gutxi balitz, AEBek apirilaz geroztik %50eko muga-zerga die ezarrita Europatik egiten diren altzairu inportazioei.
OCDEren arabera, 2025 eta 2027 artean, altzairua ekoizteko ahalmena %6,7ra arte handituko da mundu osoan, eta horrek, orain arteko gehiegizko ekoizpen gaitasuna are gehiago areagotuko du
Bruselako agintariek eginiko kalkuluen arabera, atzerriko altzairuaren %25eko muga-zergari esker, %15 murriztu da altzairuaren inportazioa azken bost hilabeteetan, baina ez da nahikoa, eta neurri zorrotzagoak hartzeko beharra ikusi dute. Txinaz gain, India, Turkia, Hego Korea, Vietnam eta Erresuma Batua dira mundu mailako altzairu hornitzaile nagusiak, eta, beraz, herrialdeok dira neurriagatik kaltetuenak aterako liratekeenak.
Hori bai, Sejournek azaldu du gaur-gaurkoz ez dagoela lehiakortasunik altzairuaren inguruan, eta "erabat aske den merkatu batean" murgilduta daudela. Bere hitzetan, Txinako fabrikatzaileek egun altzairu tona bat 200 edo 300 eurotan saldu dezakete estatuak emandako laguntzei esker. Europak, aldiz, 500 edo 600 eurotan saltzen du. Halaber, OCDEren arabera, 2025 eta 2027 artean, altzairua ekoizteko ahalmena %6,7ra arte (165 milioi tona metriko) handituko da mundu osoan, eta horrek, orain arteko gehiegizko ekoizpen gaitasuna are gehiago areagotuko du. Aurreikuspenen arabera, Asiako ekonomiek ekoizpen ahalmen osoaren %58 izango dute, Txinak eta Indiak nagusiki.
Europako barne merkatua suspertzeko
Sejournek azaldu du kontinentearen subiranotasuna bermatzeko gakoa dela altzairua, defentsa eta automozio sektorerako funtsezko osagaia baita, eta Eurofer altzairuaren Europako patronalak pozik hartu du proposamena. 2018az geroztik, 20.000 lanpostutik gora galdu ditu altzairugintzak kontinente osoan, eta patronalaren arabera, egun 300.000 pertsonek egin dute lan sektorean eta beste 2,5 milioi zeharkako enplegu sortzen ditu.
Neurriokin altzairuaren barne merkatua indartu nahi da, izan ere, egun bere ekoizpen ahalmen osotik oso urrun da EB (%67). Asteartean proposatutako neurriak aurrera ateraz gero, iritzi diote ekoizpenaren erabilera maila %80ra ailegatzea. “Europako merkatua itotzen duten inportazio desleialak murriztu nahi ditugu eta gure altzairu fabriken ekoizpen gaitasunak %80-%85era igo”, adierazi du Axel Eggert patronaleko zuzendari nagusiak.
Egun, Europan, 300.000 pertsonek egin dute lan altzairugintza sektorean, eta beste 1,5 milioi zeharkako enplegu sortzen ditu
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere aste honetan nabarmendu du altzairuaren sektorea berpiztea funtsezkoa izango dela “lehiakortasuna, segurtasun ekonomikoa eta autonomia estrategikoa” ziurtatzeko, eta Europako Parlamentuari nahiz Kontseiluari eskatu dio neurria lehenbailehen aurrera ateratzeko.
AEBrekin akordioa nahi du
Txinako eta neurri txikiagoan Indiako altzairuari jarri nahi dio oztopoa Bruselak, baina, era berean, AEBrekin negoziatu nahi du, herrialde harek Europaren altzairuari ezarritako muga-zergak murrizteko asmoz. Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak aitortu du harremanetan direla Trumpen gobernuarekin, baina oraingoz ez dutela adostasunik erdietsi. AEBk orain hilabete batzuk ezarri zien %50eko muga-zerga altzairu inportazioei, eta horrek eragin du beste herrialdeek esportatuko altzairua Europara ailegatzea.
Sefcovic berak irailean iragarri zuen Estatu Batuekin akordio komertzial bat negoziatzen ari zirela "altzairuaren merkataritza babesteko neurriak handitzeko", Txinako gehiegizko ekoizpenaren aurrean. "Gure ekoizpen ahalmenaren 60 milioi tona galdu ditugu 2008tik. Ekoizpena gutxitzen ari den munduko eskualde bakarra gara", argudiatu zuen orduan.
Behin baino gehiagotan onartu du Europako Batzordeak sektorearen inguruko kezka berak partekatzen dituela AEBrekin eta, hortaz, "elkarlanean aritzeko" konpromisoari eutsiko diola iragarri du, Europako industriak Estatu Batuetako merkatuarekin bat egin dezan.