• EKONOMIA
  • Amagoia Gurrutxaga (Lanartea): "Ez da kasualitatea sormen lan batzuk ogibide bilakatu ezin izatea"

Amagoia Gurrutxaga (Lanartea): "Ez da kasualitatea sormen lan batzuk ogibide bilakatu ezin izatea"

Euskarazko sorkuntzak kultur politika proaktiboa behar duela nabarmendu du Amagoia Gurrutxaga Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak. Baldintza profesionalak hobetzeko eta euskara kultur lanaren erdigunean jartzeko egiten du lan diziplina-arteko elkarteak

Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea | Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea | Argazkia: Aritz Loiola/Foku
2026eko otsailaren 21a - 05:30

Kulturaren sektorea industria izango bada, bertako langileen eskubide zein lan baldintzek kalitatezkoak izan beharko dute: profesionalenak. Helburu horren atzetik dihardu Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, alegia, euskaraz eta euskaratik sortzen duten kulturgile edo sortzaile guztien zerbitzura lan egiten duen profesionalen elkarteak. Amagoia Gurrutxaga Uranga (Azpeitia, 1971) kazetari eta idazle eta Lanarteako koordinatzaileak argi du: “Azken urteotan kulturaren industria hazi egin da, bitartekariak ugaritu egin dira sortzaileen eta kultur produktuen inguruan. Askotariko teknikariak daude, adibidez. Horiei sistemak berehala aitortu die duintasuna; sortzaileei, aldiz, ez hainbeste”.

 

2026an, baldintza profesionalak hobetzeko eta euskara kultur lanaren erdigunean jartzeko egindako lanean fokua jarrita buru-belarri ari da lanean diziplina-arteko elkarte hau.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Lanartea, bere izaerari men eginez, kolektibizazio ariketa txiki batetik jaio zen. 

 

Bai, 2017-2018 aldera gertatu zen. Bi lagunek jakin zuten garai hartan arrakastaren aparretan zebilen idazle gazte ezagun batek ezin zuela ordaindu pisu partekatu bateko logela Donostian. Bakoitza jabetzen zen bere prekarietateaz, baina belaunaldi berriak prekarietate hori herentzian jasotzen ari zirela ikusi zutenean, antolaketarako beharra sumatu zuten sortzaile beteranoago horiek. Diziplina desberdinetako jendea elkartzen hasi zen, euskaraz edo euskaratik —irudigileak edo artista plastikoak izan daitezkeenak, adibidez— lan egiten zutenak denak. Diagnostiko txikiak egiten hasi ziren diziplinaka eta erabaki zuten elkartea martxan jartzea.

Koronabirusaren pandemiak, gero, agerian utzi zituen bai sortzaileen prekarietatea eta baita kulturaren garrantzia gizartean ere.

Bai, sektorearen baldintza kaxkarrak azaleratu zituen, eta pandemia bukatu eta gero ez zen egoera hobetu, antzeko jarraitzen dugu. Horregatik, gure helburu nagusia da euskarazko kultur sistema sendotzea euskaraz kultura egiten dutenen lan eta bizi baldintzak hobetuz. Elkartea kulturaren industriako langile oinarrizkoenok osatzen dugu eta xede horrekin egiten dugu lan.

“Kulturaren industrian bitartekariak ugaritu egin dira. Horiei sistemak berehala aitortu die duintasuna; sortzaileei, aldiz, ez hainbeste"

Jarduera artistikotik bizi diren euskal artisten irabaziak hilean 1.027 eurokoak zirela iragarri zenuten Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkestan. 

Gure egoeraren jarraipena egiten dugu gizarteratu ahal izateko, eta ildo horretatik egin genuen inkesta. Iaz, bestalde, azterketa bat egin genuen ikusteko Hego Euskal Herriko hirietan erakunde publikoek zuzenean edo zeharka sustatutako programazioa nolakoa den hizkuntzaren arabera. Zenbat programatzen den euskaraz, gaztelaniaz, hitzik gabe, beste hizkuntza batean, elebitan… Hiriburuak ditugu ikergai kultur azpiegitura eta aurrekontu handienak dituztelako, eta zoritxarrez, ez dira euskaraz gehien programatzen dutenak. Sarritan, hiri horietako euskaldun kopuruaren oso azpitik programatzen dute euskaraz. Horren guztiaren ondorioz, ikusi dugu gutxieneko lanbide arteko soldataren azpitik eta laguntza sozialak jaso beharrean bizi direla izugarrizko ibilbidea duten sortzaile asko eta asko.

Argitalpen ugariz gain, Euskal Artisten Mintegiak ere egiten dituzue. 

Prekarietateak sektore guztietan sortzen du atomizazioa edo bakantzea, eta horren aurka, guk kolektibizanteak izan nahi dugu. Horretarako, bi urtetik behin Euskal Artisten Mintegiak egiten ditugu. Azken edizioan, iaz, minorizazioan ez mantentzeko markoa landu genuen eta bertatik jaio ziren oihartzun handia izan zuten Bernardo Atxagaren deklarazioak. Azaldu zuen 400 euro kobratzen zuela hilean bere idazle lanetik. Pentsa, Atxagaren kasua bada hori… Gizartearen aurrean arrakasta izateak ez du berekin ekartzen duin bizitzeko aukerarik.

"Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunekin lanean hasi ginen eta, geroztik, aldiro, zenbait hobekuntza proposatzen dizkiegu. 2025ean, Nafarroari ere egin diogu bilera eskaera, eta orain goaz hastera guztietako prozesuak bateratzen, artistei lana errazteko"

Hasiera-hasieratik ia, euskarazko kulturgileen elkarteekin elkarlanean, betebehar fiskal eta administratiboen zama arintzeko moduak ere landu dituzue. 

2021ean-edo ekingo genion ogasunarekiko harreman horren inguruan hausnartzeari. Autonomo txikietatik autonomo izan nahi eta kuotak ezin ordaindu dabiltzanetara, berehala diagnostikatu genuen burokraziaren eta betekizun administratibo eta fiskalen gehiegikotasuna. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunekin lanean hasi ginen eta, geroztik, aldiro, zenbait hobekuntza proposatzen dizkiegu. 2025ean, Nafarroari ere egin diogu bilera eskaera, eta orain goaz hastera guztietako prozesuak bateratzen, artistei lana errazteko.

Zeintzuk dira kultur langileen ezaugarriak?

Ez dute urte osoko lanik normalean, izan ohi dute epe jakinetan lan handia eta, gero, kobratzetik etenaldia. Sormen prozesua normalean ez da lan bezala hartzen. Etenaldi eta ezegonkortasun handiko lan baldintzak dira. Ez da kasualitatea sormen lan batzuk ogibide bilakatu ezin izatea. Ondorioz, sortzaile askok beste lan batzuk dituzte diru iturri, eta kultur lana, bigarren maila bateko jarduna. Bizitza-proiektuak burutu ahal izateko ezintasuna dakar horrek maiz.

"Ez dute urte osoko lanik normalean, izan ohi dute epe jakinetan lan handia eta, gero, kobratzetik etenaldia. Sormen prozesua normalean ez da lan bezala hartzen"

Artista langile moduan hartzea da erronka handietako bat.

Hain justu. Ildo horretan, kontratu ereduak lantzen ere hasi gara. Adibidez, liburu batean parte hartu baduzu idazten, itzultzen edo ilustratzen, kontratu bat sinatzen duzu, eta jakin behar duzu zer ez duzun sekula sinatu behar. Kontratu eredu pedagogikoak sortu ditugu horretarako. Musikarako ere egin beharko genuke, nahiz eta diskoetxeekin argitaletxeekin baino askoz ere gutxiago kaleratzen diren lanak egun.

Estrategikoa al da kultur sistema?

Estrategikotzat jotzen bada kultura batek sistema estrategiko eta osasuntsua edukitzea, inbertsioa beharko da. Eta euskarazko kulturan berdin, gure kulturaren muinaz ari baikara.