• EKONOMIA
  • Amaia Elizondo (Donostiako Zinemaldia): "Ia ezinezkoa da ikusle kopurua handitzen jarraitzea”

Amaia Elizondo (Donostiako Zinemaldia): "Ia ezinezkoa da ikusle kopurua handitzen jarraitzea”

Ia hamaika milioi euroko aurrekontua onartu du Donostiako Zinemaldiak aurtengo ediziorako. Aitzitik, finantza zuzendariak dio litekeena dela azken aurrekontua handiagoa izatea, "diru-sarrera berriak" aurkitu baitituzte

Amaia Elizondo | Argazkia: Zinemaldia
Amaia Elizondo | Argazkia: Zinemaldia
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko irailaren 16a - 05:30

2010az geroztik Donostiako Zinemaldiko finantza zuzendaria da Amaia Elizondo (Donostia, 1975). Jaialdiaren 73. edizioa ekitear dela, EnpresaBIDEArekin izan da Zinemaldiko alderdi ekonomikoaren nondik norakoak azaltzeko. Pasa den udaberrian, iazko edizioak izandako eragin ekonomikoaren txostena argitaratu zuten. Kultura arloko ekitaldiek ekonomian duten eragin positiboa azpimarratu du.

 

47,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldiak. Halako eragina espero zenuten?

Bai, inpaktua handia izatea espero genuen, Zinemaldira etortzen diren profesional eta ikusle kopurua handia delako, bai bertakoak, bai kanpokoak. Izan ere, hotel guztiak beteta daude. Jarduera ekonomikoa oso handia da, bai ostalaritzari dagokionean, bai ekitaldiak ekoizten dituzten enpresei eta beste esparru ekonomikoei dagokienean.

 

Hasierako aurrekontua baino 4,3 handiagoa izan zen jaialdiak izan zuen eragin ekonomikoa. Zer nolako balorazioa egiten duzue horren inguruan?

Balorazio positiboa egiten dugu, beren jarduera eremuan onura sortzeaz gain, horrelako kultura ekitaldiek eragin ekonomiko positibo handia ere sortzen dutela erakusten baitu.

Zuzeneko inpaktua 18,3 milioi eurokoa izan zen. Zer hartu duzue kontuan bertan?

Eragin zuzenaren atalean, tokiko eta eskualdeko inpaktua jaso da, batez ere gure aurrekontu-dedikazioak ematen duena, baina baita beste erakunde batzuena ere. Kontzeptu nagusiak hauek dira: soldaten aplikazioa; tokiko, eskualdeko edo Espainiako Estatuko enpresak kontratatzea, ekitaldiaren antolaketarekin lotutako partidak exekutatzeko; hirugarrenek tokiko enpresak eta pertsonak kontratatzea (babesleak eta beste enpresa elkartu batzuk, Zinemaldian kanpainak eta beste jarduera batzuk exekutatzeko esparrua aurkitzen dutenak) eta, azkenik, exekuzioari lotuta egonik lurraldean bizi ez diren pertsonen egonaldia eta gastua (kontratatutako langileak, prentsa, epaimahaikideak, filmetako ekipoak, zinema-industriako eta erakundeetako ordezkariak, ordezkari akademikoak, muntaketa-enpresetako pertsonak, etab.)

"Beren jarduera eremuan onura sortzeaz gain, horrelako kultura ekitaldiek eragin ekonomiko positibo handia ere sortzen dutela erakusten baitu"

Zeharkako inpaktua 13,7 milioi eurotan zenbatu zenuten. Bertan zati handiena da kanpoko bisitariek Donostian gaua pasatzeko utzitako dirua. Zer nolako garrantzia du kanpoko jendearen etorrerak inpaktu ekonomikoan? Eta donostiarren jarduerak?

Akreditatuek (5.000 baino gehiago dira) zein mundu osoko zinemazale askok osatzen dute Zinemaldiaren publikoa. Espainia osoko, Frantziako, Ingalaterrako eta Europako beste herrialde batzuetako jendea etortzen da filmak ikustera. Baina EAEko ikusle asko eta asko baditugu, batez ere gipuzkoarrak eta donostiarrak. Guztiek eragiten dute zuzen-zuzenean hiriko ekonomian.

Gainerako inpaktu ekonomikoa, ia 16 milioi izan dena, nola neurtu duzue? Eta zer nolako garrantzia du?

Eragindako inpaktua kontzeptu teknikoa da eta azaltzeko konplexua izan daiteke. Aurretik aipatutako zuzeneko eta zeharkako inpaktuek ekonomiaren balio-kate osoan zehar mugimenduak eragiten dituzte ––produkzioak eta tarteko kontsumoak ekonomiako beste sektore batzuetan––. Sektoreen arteko mendekotasun horrek aurreko zifren gaineko eragin biderkatzailea dakar. Input-output taula erregionalen azterketaren gainean egiten da kalkulua. Ekonomian oso eragin handia du eta ez zen gertatuko aurrekoak gabe, hau da, Zinemaldia existituko ez balitz.

Nolakoa izan da eragin ekonomikoaren bilakaera Zinemaldiaren azken urteetan? Zenbat egin du gora? 

Azken 14 urteotan bi ikerketa baino ez ditugu egin, modu serioan egiteak kostu ekonomiko handia baitu. Aurreko ikerketa 2012. urtean egin zen, eta ordutik Zinemaldia asko hazi da. Ondorioz, haren eragin ekonomikoak ere gora egin du. Azken ikerketa honetan, metodologia osatuagoa izan da, ekitaldiarekin zerikusia duten erakundeei elkarrizketak egin zaizkielako, baita proiekzioetara bertaratutakoei inkestak egin ere.

Pandemian asko murriztu zen eragin hori?

Datu zehatzik ez dugun arren, agerikoa da pandemian zehar inpaktu hori nabarmen murriztu zela, jarduerak, eskainitako saioak eta edukierak askoz txikiagoak izan zirelako.

"Gure helburua iazko datuak berdintzea da, baina 160.000tik gorako zenbakiari eustea arrakasta handia izango litzateke"

172.000 pertsona joan ziren Zinemaldira iaz. Zenbat espero dituzue aurten?

15 urte daramatzagu ikusle kopurua handitzen. Lehenago edo beranduago, kopurua murriztea tokatuko zaigu. Gure azpiegitura guztiak topera daude eta ia ezinezkoa da ikusle kopurua handitzen jarraitzea. Gure helburua iazko datuak berdintzea da, baina 160.000tik gorako zenbakiari eustea arrakasta handia izango litzateke.

40 lanpostu finko ditu Zinemaldiak eta beste 320 sortzen dira jaialdiaren behar zehatzak bete ahal izateko urtean zehar. Zer nolako eragina sortzen duzue lurraldeko enpleguan? 

Kontratazioen inpaktua zuek aipatu duzuen hori da. Kontuan izan 40 langile horiek ez dutela iraileko Zinemaldirako bakarrik lan egiten: urte osoan zehar antolatzen ditugun jardueretan ere aritzen dira. Azken garaiotan, Zinemaldia Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) parte da, proiektu-egonaldiak eta emakumezko zuzendariei babesa emateko ekimenak ditugu eta Tabakalerako ikus-entzunezko programazioan dihardugu beste erakunde batzuekin batera.

Aurten zenbat pertsona kontratatzea espero duzue? 

Aurten iazkoaren antzeko kontratazioa espero dugu.

Datorren ediziorako zenbateko aurrekontua izango duzue? 

2025erako onartu zen aurrekontua 10.965.000 eurokoa izan zen, eta litekeena da azkenean handiagoa izatea, diru-sarrera berriak aurkitu ditugulako.

Eta zenbateko eragin ekonomikoa aurreikusten duzue? 

Kostu oso handia denez, 2025ean inpaktu ekonomikoari buruzko azterketa egitea ez dugu aurreikusi, baina uste dugu zenbakiak aurreko urtekoaren oso antzekoak izango direla.