
Gaurtik aurrera, amiantoarekiko esposizioak eragindako kalteak dituzten zenbait biktimek aukera izango dute konpentsazioa eskuratzeko beharrezkoa den ziurtagiria lortzeko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) argitaratu du gaur agindua, non zehazten den eskaera elektronikoki aurkeztu ahal izango dela www.euskadi.eus atarian; aurrez aurre ere eskatu ahal izango da ziurtagiria, Zuzenean zerbitzuak EAEko hiru lurraldeetan dituen egoitzetan.
Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea arduratuko da egiaztagiriak emateaz, kasu bakoitza aztertu ondoren. Osasun Publikoko teknikari batek, Laneko Osasuneko aditua den Osalaneko mediku batek eta Ingurumeneko Osasunean aditua den teknikari batek osatuko dute taldea, zeinak biktimak aurkeztutako dokumentazioa ikertuko duen konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa aukeratzeko.
Hala, asbestosia diagnostikatua dutenek 32.200 euro jasoko dituzte, laringeko minbizia dutenek 48.310 euro, biriketako minbizia dutenek 64.410 euro, eta mesotelioma dutenek 96.621 euro. Kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian 700 pertsona inguruk jaso ahalko dute kalte ordaina.
Aurrerapauso bat eman den arren, sindikatuen ustetan kalte ordainak jasotzeko Espainiako Gobernuaren funtsa ez da nahikoa, eta, are gehiago, “berandu iritsi da”. Izan ere, aurrez aipatutako biktimek ziurtagiriaren bitartez konpentsazioa jasoko duten arren, asko dira inongo kalte ordainik jasoko ez dutenak, ezgaitasun aitorturik ez dutenak eta hil direnen senideak, kasu. “Biktima horiek estatuaren etorkizuneko aurrekontuen zain geratuko dira”, aitortu zuen Jon García Fedavica Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioko bozeramaileak atzo egindako agerraldian.