• EKONOMIA
  • André Garreta (Baionako merkataritza ganbera): “Ekonomiak moteltze argia pairatzen du”

André Garreta (Baionako merkataritza ganbera): “Ekonomiak moteltze argia pairatzen du”

Ekobarometroaz, turismoaren atzeraldiaz eta enpresarien egoeraz mintzatu da Baionako Merkataritza Ganberako presidentea

André Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidentea | Argazkia: Franck Dolosor
André Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidentea | Argazkia: Franck Dolosor
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko urriaren 20a - 05:30

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak aurkeztu berri duen Ekobarometroak agerian utzi du Ipar Euskal Herriko ekonomiaren zailtasunak areagotzen ari direla. Enpresarien ia %40ak dio egoera asko okertu zaiela eta geroz eta gehiago ezkor daude geroari begira. André Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidentearekin aztertu ditu EnpresaBIDEAk emaitzak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ekobarometroa aurkeztu duzularik zalantza, kezka eta katastrofea bezalako hitzak erabili dituzu. Ipar Euskal Herriko ekonomiaren egoera hain larrian ote dago?

Gure egoera Frantzia eta mundu mailako arazo eta kezkekin lotua da. Gure enpresek zuzenean pairatzen dituzte arazo horiek. Eskaerak asko apaldu dira, diru sarrerak gutxitzen dira eta, ondorioz, enpresek baliabide gutxiago dute langileak kontratatzeko eta inbertsioak egin ahal izateko. Etorkizuna ez da batere argi eta egoera hori behin betikotzen ari da, zoritxarrez. Aterabideak aurkitu beharko ditugu ekonomia berpizteko eta batik bat erosteko ahalmena sustatzeko.

 

Duela urte bat enpresarien laurden batek zioen egoera asko okertu zaitzaiela. Gaur egun portzentaia %37ra igo da. Enpresarien laurden batek bakarrik dio beren negozio zifra emendatu dela urtea hasi zenetik.

Argi dagoen gauza bakarra da zalantzak gero eta handiagoak direla. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak Ipar Euskal Herriko enpresak laguntzen segituko du, hori baita gure eginbeharra. Zailtasunak zeintzuk diren argi daukagu komertzioan, adibidez. Gure saltokien jarduera nabarmen apaldu da mundu mailako Internet bidezko saltzaile handiengatik. Katastrofe bat gertatzen ari da gure herrietako erdialdeetako saltegietan. Herritarrei dei egiten diegu tokiko ekoizpenak eros ditzaten, bertako enpresek lan ematen baitiete hemengo biztanleei. Sarean gizatasuna galtzen da eta tokiko merkatariek kalitate hobea eskaintzen dute. Oinarrizko ideia horiek berreskuratu behar genituzkeenez, Merkatopa bezalako tokiko eta mugaz gaindiko ekimenak sustatzen ditugu hemengo eragileak laguntzeko.

Euskal enpresariek nolako arrangurak aipatzen dizkizute?

Batetik, azpimarratu behar dugu gero eta enpresa gehiagok ateak hesten dituztela behin betiko. 2026ko lehen seihilekoan, 2114 enpresa berri sortu ziren baina denbora berean 2282 lantegik beren ateak behin betiko hetsi zituzten. Ez genuen sekula horrelakorik ikusi. Enplegua desagertzen ari denez, prebentzioa, enpresen transmisioa eta gisa guzietako laguntzak hobetu behar ditugu. Horregatik topaketak antolatuko ditugu azaroan eta urtarrilean.

Bestalde langabetuen kopurua doi bat emendatu da eta %6,3an kokatzen da gaur egun, Frantziako estatuan eta Akitania Berria eskualdean baino pixka bat gutxiago. Egoera txarra dela eta, gure enpresarien %21ek nahiago izan dute kontratazio berririk ez egin. Denbora berean, %58k zailtasunak izan dituzte langile berriak aurkitzeko. Gure webgunean 5124 lan eskaintza daude, beraz hurbilagotik begiratu behar genuke zergatik lurraldean dauzkagun 24 500 langabetuek ez duten lanik aurkitzen. Ikusten da ere, gaur egun, gero eta langile gehiagok behin behineko kontratuak nahiago dituztela behin betikoak baino. Jendartea aldatzen ari da.

Klima ere aldatzen ari da. Beroteek eta idorteak ere enpresariak kezkatzen ditu. Zer proposatzen duzue egoera berri honi buru egiteko?

Ipar Euskal Herriko herri batzuetan urik ez dago gehiago. Horrela segitzen badugu zenbait jarduera desager litezke. Arlo honetan ere enpresak lagundu behar ditugu ura aurrezteko moldeak erakutsiz, adibidez. Euriteek botatzen duten ura ere molde hobean bildu eta erabili behar genuke. Ur hori komunetan, eremu publiko edo baratzeetan erabili behar genuke, gaur egun baino askoz gehiago. Araztegiek lan gehiago egin behar lukete ur gehiago birziklatu ahal izateko. Itsas bazterrean bizi garenez, behar bada itsasoko ura gehiago erabiltzen ahal genuke gatza kenduz. Gogoetak egin behar genituzke eta nik lan hori hasi dut jadanik nire aldetik. Legedia errespetatuz, aterabide guzi horiek antolatu eta egituratu behar ditugu. Eta urarentzat bezala, gauza bera egin behar dugu energia guziekin. Lurra gehiago zaindu behar dugu datozen belaunaldientzat. Erakunde publikoek neurria hartu behar dute eta ondotik enpresek inbertsioak egin ahal izanen dituzte.

Turismoa ere atzeraka doa. Turisten kopurua pixka bat apaldu zen joan den udan Ipar Euskal Herriko zenbait herritan…

Ez nago etxebizitzaren arloa arautzearen kontra, baina zenbait neurri indarrean eman baino lehen, iduritzen zait hobe aztertu behar litzatekeela eragina zehatz zenbatekoa izan liteken. Hori gertatzen da, adibidez, konpentsazio arauarekin Airbnb gisako alokairu laburrak mugatzeko. Orain Lapurdiko kostaldean, horrelako pisu bat duenak beste egoitza bat alokatu behar du urte osoan. Hori egitea ia ezinezkoa denez, pisu turistikoen kopurua nabarmen apaldu da. Dena den, ikusten dugu turismoa doi bat apaldu dela aurten Iparraldean eta denbora berean %20 gora egin duela hego Landetan. Hori ote zen neurri berriaren helburua?

Konpentsazio arauak kontuan hartu behar lituzke pentsio apalak dituztenak eta Airbnb pixka bat egiten zutenak. Egun batetik bestera familia turismoa kaltetua izan da. Izan ere, pisu turistiko bat alokatzen zuen familia batek ez du udaren parte bat hemengo hotel batean igaroko. Orain, hona etorri beharrean asko Landetara doaz eta irabazlea hango ekonomia da, ez gurea. Gisa berean, ez dago hain argi alokairuen muga eraginkorra den ala ez. Ez da pisu edo etxe gehiago alokatzen eta jabeek dirua galtzen badute beren egoitzak saltzeko aukera dago. Eraikuntza berririk ere ez da egiten, ez behar litzatekeen neurrian behintzat.

Baionako Merkataritza Ganberak harreman oso hotzak izan ditu azken urteetan Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoarekin. Presidente berria dagoenetik egoera aldatu ote da?

Gaua eta eguna da. Jean René Etchegarayrekin ez genuen sekula lortu elkarlanean aritzea. Alta, elkar ezagutzen dugu 18 urte nituelarik nire irakaslea izan zelako. Guk elkargoaren sortzea sostengatu genuen, baina gero ez zituzten gure iritziak sekula kontuan hartu. Enpresen zergak emendatu zituzten, adibidez, eta Frantziako gobernuak duen ordezkariak berak horren aurka egin behar izan zuen. Lehenagoko hamar elkargoek 750 langile zituzten eta gaur egungo bakarrak 1450! Erakunde berria sortu ondoren, fiskalitatea ez da inoiz apaldu. Jean René Etchegarayk ez du “Hitza hitz” errespetatu. Dena den, egoera aldatu da joan den udaberrian Alain Iriart izendatua izan bezain laster. Ikuspegi desberdina du, argi baitu elkarlanean lan egin behar dugula bakoitzak bere eskumenekin. Lehen aldiz egon naiz Euskal Hirigune Elkargoaren presidentearen bulegoan! Gure lan taldeak elkarrekin ari dira jadanik. Abendu bukaeran elkarlana hitzartuko dugu urtarrilean elkarrekin hasi ahal izateko. Borondate argia dago. Gero ikusi beharko dugu zer gertatzen den zehatz, baina itxaropentsu nago. Bitartean izena duen mugaz gaindiko merkataritza ganbera ere buru belarri sartuko da dinamika berri horretan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain